Beste Andima bat ere badago. Hirurogei urte betetzen zituen egunean egin zion gutuna Juan San Martin zendu berriari Caracasetik. Adierazten dio goizeko sei eta erdietan ari zaiola lantokiko bulegotik idazten, beste lankideak heldu aurretik: «Berandu eldu ote zarie ba Eibarko euskera eder orri eusteko? Eztakit zelako biotzeko mina emoten daustan alako gauzak irakurri biarrak; ara benetan gexotuta geldituten naz, ain arrisku aundian arkituten ete da ba zuen euskera eder ori? Egizuez alegin guztiak zuek eta guk ere bai, geure ondasun bakar oni erpe ta aginekin eusteko (...) Euskarari eusteko berandu ote den sumatzeak sortutako antsia».
Dozena bat urte lehenagokoa du beste sukar-amets hau: «Gau beltzenak igaro ditut sukarraren mende, bakar, erbestean, ene sendi eta herritik urrun. Erio aizeak ene belarrian durundi zegiala ere ba"ziruditan. Ez nindun ez Erio"k bere haize latzarekin beldurtzen. (...) Bainan ene gogoak besterik ere ikusten zuen begien bistan, eta gogor zitzaion soina utzi bearra. Euskal basamortu gorria egokerarik negargarrienean zekusan, eta arimak basamortu hori berpiztu gabe ez zuen gorputzetik alde egin nahi».
Ibinagabeitiak Parisen ezagutu zituen gerra ondoko gazte existentzialistak bere esanetan, arlote jantzita ibiltzen ziren Saint Germain des Pres inguruan, eta Sartrek gaitzetsi bide zituen haren filosofia gaizki ulertzeagatik, eta urte haietan irakurri zituen Sartre, Heidegger eta Marcel, besteak beste. Une batean badirudi goiko esaldi horiek badutela tankera existentzialistarik; haatik, berehala argitzen du ez dela larrimin hori bere hil beharrak sortua baizik bere herriaren gainbeherak. Horrek, baina, ez zuen geldirik lotzen baizik ele nazionalaren aldeko borrokara bultzatzen, asmoz eta jakitez: «Bai Toribio be berandutxu asi da bere erriko euskeraren alde... orain 50 urte asi balitz, a zelako indarra emongo eutson Eibarko euskerari... len oituraren indarrez erabili izan da euskera Eibarren eta ez asmoz ta jakitez, eta auxe biar genduan». Eusko Ikaskuntzaren goiburua, Euzko-Gogoa-k euskal kultur aldizkarien arloan lehenbizikoz burutan aterea.
Ekar dezagun gogora Koldo Mitxelenaren artikulu famatu hura: Euskal literaturaren etorkizuna deritzana: «Gure hizkuntzaren egoera estuak ezartzen digun eginbeharra zaila da beraz eta gerorako ez uztekoa. Eginbehar hori betetzeko era askotako laguntzen beharrean gaude. (...) Jakin dezagun, bada, egiteko hau hartzen badugu, geure bizirako lana hartzen dugula. Aurrekoen ondarea, oinordeko garenez, dagoen dagoenean, gogo onez eta inork behartu gabe, geurez hartu behar...».
Horraino bai segitzen zion Pariseko erbestean zen Ibinagabeitiak, Guatemalan zen Zaitegiren gidaritzapean 1950az geroztik Euzko-Gogoa aurrera ateratzen ziharduenak, baina aurreragoko honetan ez: «Antzinakoen amor fati hura kristauentzat Jaunaren borondatearen onartze umila aldez aurretik ongi ikas dezagun hain justu Negar alferrik eta errenkurarik gabe lanean jarduteko, urteek zarpildu-itzalia (...) lehengora ekarriko ez bagendu ere, halabehar gogorrak menderatuko bagintu ere».
Hona Ibinagabeitiaren erantzuna Euzko-Gogoa-ko Aldizkarietan barna saileko orrietarik: «Euskeraren ondatzeari buruz "onartze umill" ori artu bear badugu baita etsipen ber-bera bear dugu Euskalerrian ageri diran beste ondapen guzietaz ere, adibidez, erlijioaren ondapen ain nabariaz. Orrezkero, zertako apaizak, zertako elizak? Nik ez dut etsi nai, ez dut iñola ere amor fati ori nere biotzean laztanduz goxo egin nai, "aurrekoen ondarea, oiñordeko geranez, dagoen dagoenean" artu ta gure izkera ta aberriaren ondamendia betiko eragotzi baizik».
Etsipenik ez, borondate-kolpe bortitzez euskara kultur bideetan barna ibilarazi, errazkerian goxo ez, euskalgintzan latz, erbestetik bada erbestetik, amore eman gabe, tinko eta irmo.
Aldarte horretan txertatzen dira ondoko gaizki-esan gogorrok: «txepel hutsak, euskara baino erdara erabili nahiago duten alderdikideak. Etoi batzu, iakintza ta kultura erderaz sakatzen diguten guztiak. Saldu batzu erdera elizetan barreiatzen duten gotzai, apaiz eta lekaideak...» beste ezer baino ezintasunaren adierazgarri.
Zenbat erakarri zituen euskal idazgintzara! Famatuenak bakarrik aipatzearren: Lauaxeta, Jon Mirande, Txomin Peillen, Bingen Ametzaga, Martin Ugalde. Zenbat euskal idazleren bihotz-emaile izan zen? Juan San Martin, Salbatore Mitxelena, Alfontso Irigoien, Nemesio Etxaniz, Jokin Zaitegi edo Koldo Mitxelena bera: «Ni ere kartaz baizik ezagutzen ez nuen adiskide bihotzekoa ikusteko egarriarekin gelditu naiz».
Batzuetan aspergarri gertatzen da bere jardunean, euskararen baranoan gehiegi setiatua: «Eta egia esan ACCION VASCA eta PARTIDUKO erdel-jarioen menpean bizi baino naiago dut Aprikako zuluen artean bizi. Bijoa zakurraren salara euskera gabeko Euskadi maketua. Auzi ontan, Txillardegik bezela, nik ere eztut amor ematen, ezta emango ere. Eskerrak gazte jendea gogor datorkiguna, bestela zarrakaitik [zaharrengatik] eta azinokoagatik [Acción Nacionalista Vasca], kakazarra...zearo daude maketuta, eta ez dute besterik nai agintaritza baino, ez noski Euskadiren onerako, euren probetxurako baizik».
Nemesio Etxanizi bidalitako beste gutun batean: «Egia esango ba dizut, ni ez naiz ETAkoa, alare al dudan guzian laguntzen diet, nere laguntasuna exkaxa eta kaxkarra izan arren (...) Ni enago ados ETAkoekin aunitz gauzetan, ez orixe. Alare gizarte auziari ematen ari diran gurpil berria, zenbait aldetatik, bearrezkoa dugu (...) Beste onik ere arkitzen dut ETAkoen artean; oraindainoko euzko-alderdi guztien artean baino euskal-zaletasun aundiagoa. ETAko agintariek beinipein, euskeraz ikasi dute etzekitenak, eta batxok ere eztu nai euskera gabeko Euzkadirik eta zoritxarrez, nazionalista askotxo ezagutzen ditut euskerari begiko zakarrari baino garrantzi geiago ematen eztiotenak: ez ori bakarrik, erderaren aldare zikinean gure aberri izkuntza bakarra pozik erreko luketenak ere bai».
1920ko hamarkadan Zaitegi eta gainerakoekin batean ametsak egin, 30eko lehen zatian ametsak errealitatean mamitzekoak zirela ikusi, eta bi gerren arteko gainbehera jasan ondotik, batez ere 50eko hamarkadak gogorra izan behar zuen Andimarentzat. Eta ahal zuen neurrian gogor egin zuen egoera latz horren aurka. Printzipio-gizon finean egiten dute bat Andima desberdinek. Itzaltxoak itzaltxo, duela ehun urte sortu ez balitz, asmatu egin beharko genukeen euskaldunok!