Opinión
26Enero
2006
26 |
Opinión

Andima Ibiñagabeitiaren lanerako gomita

Opinión
Enero 26 | 2006 |
Opinión

Andima Ibinagabeitiari buruz iritsi zitzaidan lehenbiziko berria Gidor Bilbao irakasleak eman zidan Gasteizko fakultatean karrerako urte honezkero ahantzi haietan. Gidorrek latina irakasten zigun, edo hartan ahalegintzen zen nihaur bezain dorpe ez ziren beste batzuekin batera. Bergiliren lanak aspaldikoxean guretuak genituela eta nahi izanez gero berak edizio berexi haren ale zenbait lor zezakeela eta berari lehen bait lehen gaztigatzeko eta fite ahitu aitzin eta ez dakita zer haboro erran zigun. Erosi nuen bada zorioneko liburua, eta harekin batera etsipen dosi berri bat. Orain aitortzen diodan balioa alde batera utzirik, ordukoan mokaua ez zen bereziki hauta gutixia gutxiko ene moko ez finarendako. Santi Onaindiaren Eneida bizkaitar baten segidan, Andimak itzulikatu Bergiliren Georgikak eta Bukolikak, edo bere hitzetan, Alor-kantak eta Unai-kantak. Gehiegizko txuleta gose urriko sabela txipiarendako. Eta koadernaketa eskasako klasiko hura apalategian geratu zen zarratruk, beste asko bezala, denbora luze batez.
Urte batzuk geroago, Nafarkaria-ko Klasiko bitxi arront klasiko sailerako bitxikerien xerka liburutegi zein artxiboren batean nenbilela hara non topatu nuen Andimaren kolaborazio berezia, Landareetaz atsapenak, 1951ko Euzko Gogoa aldizkarian: «Landareetaz ematera nioazkizuen ikasgaitxoak, gure aurrentzako, len-ikastola-mailako nexka-mutikoentzako ondu nitun. Zenbait urte igaro dira arrezkero». Nor ote genuen frankismo garai hertsi hartan, Parisen, botanikazko lan bat, eta ia euskara batuaz, atalka argitara ematera ausartzen zen bizkaitar hura? Andima Sabin Ibinagabeitia Idoiaga. To! Honek badik koxkorra! esan nuen neure kautan, eta Andimari buruzko lehenbiziko kolaborazio txikerra igorri nuen Euskaldunon Egunkaria-ren nafar gehigarriari; beranduxeago bigarren bat ondu nuen Bidegileak bildumako Pako Suduperen ekarpen ederraz baliaturik. Egun armiarma likatsu eder hartan gorki itsasirik daude biak, zorionez berreskuraturik.

 
Ez bide da ber gauza agitzen, ordea, Andimaren ekarpen itzelarekin, zoritxarrez. Erbestetik barne-minez trukaturiko gutun bilduma Susak argitara eman zuenean, honelaxe mintzo zen Gorka Arrese aurkezpen ekitaldian: «Haren obraz, tamalez, jende gutxi arduratu da». Horixe baita oraino gureaniko gaitz arrunta, arruntegia ausaz, eta horretan unibertsitateak berebiziko erantzukizuna badauka. Entzun beza, beraz, ardura duenak. Bizkitartean, eta Andimaren gutun haiek atondu zituen Patri Urkizuk definitu bezala, goza dezagun estilista eta aintzindari handi honen ekarpen anitza, horretarako gure gabeziak agerian gera dakizkigukeen arren.

COMPARTE