Opinión
06Diciembre
2005
06 |
Opinión

Izar eder bat dago hor goiko lekuan

Opinión
Diciembre 06 | 2005 |
Opinión

Julian Lekuonaren hiletan hitz egin nuen azkenekoz Joan Marirekin Oiartzunen. Moteltzen hasia zegoen ordurako. Inork ez zekien, zehatz, zer gaitz zuen. Joxemari Aranaldek eta biok: "Zertan da Joan Mari?". Ez genion izenari abizena erantsi beharrik izaten. Bagenekien izenarekin bakarrik ere noren galdera egiten genuen. Batari eta besteari entzundako berri txarren bat besterik ez genuen jakiten. Eta ez ginen bisitara joaten ere ausartzen. Hain gizon atsegin eta maitagarria hain egoera tristean ikusi beharrak eta aztoratuko ote genuen beldurrak atzeratzen gintuen.
Orain 55 urte ezagutu nuen Joan Mari, Gasteizen. Seminarioko eliza handian ikusiko nuen lehenengo aldiz, seguruenik. Gero, futbol zelaian, beste talderen baten kontra, futbolari ona baitzen. Pilotari onaren fama bazuen ere ez genuen frontoian toporik egin. Aurpegiz eta urrutira ezagutu nuen, hura teologia ikasten ari baitzen eta ni artean latinarekin ezinean. Aurretik ere entzuterik banuen, jakina, nire kideko den Andoni haren anaiaren bidez. Eta banuen Manuel Lekuonaren berri ere. Ilobak emanda bakarrik ez, baita tartean genituen beste oiartzuar batzuek emanda ere. Norbere jaioterria baino hoberik ez da edonorentzat ere. Baina oiar-tzuarrek bezala bere herria maitatzen eta miresten duen gutxi izango da. Ondo ikasi genizkien, beraz, nor ziren Mendiburu idazlea, Manuel eta Martin Lekuona, aita Mauro Elizondo, Joakin Mitxelena.

Eta Joan Mari. Hain zuzen, ezagutu nuen urte hartan, 1950ean, lehen saria irabazi bai-tzuen Donostian "Izadi abestia" poesiarekin.. Baita hurrengo urtean ere "Ama" izenkoarekin. Lehenaz gainera miresgarri bihurtu ziguten Joan Mari oiar-tzuarren goraipuek.

Kazetari lanbideari eta euskarari esker izan ditut harremanik gehienak Joan Mari Lekuonarekin. Asko jasandako familiakoa zen. Bi osaba fusilatu zizkioten: Julian eta Martin apaiza. Gasteizko seminarioan irakasle zen Manuel osabak ere ezkutatuta bizi behar izan zuen. Bazuen, beraz, ozpin piska bat erakusteko adina arrazoi. Baina Joan Mariren bihotzean ez zen haserrearentzat eta gorrotoaren-tzat lekurik. Baketsua, alaia, irribarretsua, atsegina, gozoa eta adeitsua zen.

Unibertsitateko ikasleek ezezik, oso gogoan dute gerra ondoko ikastoletako lehen andereñoek ere. Egoitza bat zabaldu zen Donostian andereñoentzat. Euskal kulturaz, pedagogiaz eta abarrez jantzi behar ziren, eskolan ez baitzuten horrelako ezer ikasi. Federiko Zabalak euskal historia ematen zien. Kontxita Beitiak, berriz, euskal gramatika. Eta beste batzuen artean, Joan Mari Lekuona joan ohi zi-tzaien herri literaturaz, euskal kantagintzaz, bertsoaz eta abarrez hitz egitera. Irakasle haiek denak dituzte oso gogoan orain ere. Baina bat bereiztekotan, Joan Mari bereiziko lukete.

Gasteizko seminariotik ezagunak zituen Jose Sebastian Laboa, Vatikanoko nuntzioa izango zena, Jose Maria Setien, Donostiako gotzain izango zena eta Jose Inazio Telletxea historialaria lagun handiak egiteko aukera izan zuen Erroman, dokturadutzako ikasketak egin zituenean. Gero, Joan XXIII izenarekin Aita Santu izango zen Roncalli kardenala ezagutzeko aukera ere izan zuen Laboaren bidez. Baina horregatik ez zen Joan Mari haizatu eta harrotu. Gizon apala eta baketsua izan da beti.

Joan Marik ezagutu ditu beste herrietako hizkuntzak, kulturak, literaturak eta abar ere. Baina irekia izateak ez du berea baztertzera bultzatu. Alderantziz. Euskararen, euskal literaturaren, kulturaren eta Euskal Herriaren etorkizunaz kezkatzen eta arduratzen zen. Zuen onena ematen saiatu zen. Bazekien-eta nolabaiteko lanekin ezer gutxi aurreratuko genuela. Eta bazekien aurrera egiteko bakea ere beharrezkoa genuela. Gizon baketsua, bortizkeria zuen gorroto.

Herri honen egoeraz kezkaturik, elkarrekin agiri bat baino gehiago izenpetuak gara, noski. Bi, behintzat, baditugu. Fancoren garaiko heriotz.zigorrrak zirela eta, heriotzao haien kontrako agiria izenpetu genuen, arriskuak arrisku. Handik urte ba-tzuetara ETAren hilketen eta bortizkeriaren kontrakoa sinatu genuen, 1980an, Barandiaran, Mitxelena, Joan San Martin, Xabier Lete, Lekuona "Zaharra", Martin Ugalde, Iñaki Barriola eta abarrekin batera.

Joan Marik berak aitortu zidanez bigarren agiri honek ekarri zion nahigaberik eta ingurukoen haserrerik. "Francok ezarri zituen heriotz-zigorren kontra agertu ninduan, nolatan isilduko dizkiat, bada, ETArenak?", arintzen zuen ingurukoen haserreak eragiten zion bere atsekabea.

Errota zahar maiteak negar egiten du. Baina Joan Marik xehetutako aleak geratu zaizkigu. "Izar eder bat dago hor goiko lekuan", gure eredu eta bidegile.

COMPARTE