Opinión
13Noviembre
2005
13 |
Opinión

Eskuin Gerrazalea

Opinión
Noviembre 13 | 2005 |
Opinión

ESKOLARI gehiegi eskatzen diogu. Gurasoek, elizak, politikoek eta gizarteak egin beharko luketena ere eskolari eskatzen diogu. Etxean nahi duena egiten eta gutizia guztiak lortzen ohitutako eta inolako araurik gabe hazitako haurra ezin du eskolak hezi. Are gutxiago, gorabehera guztietan beti irakaslearen aurka eta beti haurraren alde ateratzen diren gurasoen. Giza hezkuntzan ezinezkoa bada, kristau hezkuntzan areago. Seme-alabei etxean ez bazaie kristau baliorik irakasten alferrik dira bataioak, lehen Jaunartzeak eta abar.
Borroka bizian dabiltza Espainiako gotzainak erlijioko asignatura dela eta. Katekesiaren bidez ezin dutena eskolak konpontzea nahi dutela, dirudi. Eskolan irakatsi beharko litzateke, jakina, gure kulturan eragin handia duten erlijioen historia, kristautasunarena batez ere. Bestela nor garen ere nekez ulertuko genuke, seguraski. Erlijio kulturaren ezjakintasuna itzela ari da gertatzen, noski. Baina hori kontrakeriarik eta aldekeriarik gabe irakatsi beharko litzateke, beste gai guztiak bezalaxe egiazaletasun handiz, bere beltzune eta argiuneekin.

Elizak, ordea, zerbait gehiago eskatzen diola, dirudi, era guztietako gurasoen haurrak hartzen dituen eskolari. Eta hori lortzeko jenderik itsuena berotzen eta kaleratzen du, seguraski, gurasoen eskubideen izenean. Gabon kantak irakasteko eta haurren urtebetetzeak ospatzeko ohitura da gure ikastoletan, baina aski da Jehovaren testigu diren gurasoen haur bat tartean andereñoari sekulako liskarra sortzeko.

Gizarteko argi bakarra izan nahi duen elizak sekta bihurtzeko arriskua du. Gotzainek nahi duten mezua eta nahi duten eliza mota aldarrikatzeko eskubidea dute, jakina. Baina ez beren irratitik pertsonak iraintzeko, txikitzeko eta lurperatzekorik zenbait berriketari ahobero eta gaizki-esaleren bidez. Horiek al dira gotzainek "Cope"tik aldarrikatu nahi dituzten kristau balioak? Eskuin gerrazalea berpiztu nahi dutela, dirudi, beren aldarriekin, Goma berri bihurturik. Itxura hori du, zoritxarrez.

COMPARTE