Opinión
06Noviembre
2005
06 |
Opinión

Zorioneko Leonor

Opinión
Noviembre 06 | 2005 |
Opinión

Alaba jaio da Madrilen. Batek daki beste zenbat jaio ziren egun horretan. Baina bakarra da ospetsua, Leonor. Erregina izan dadin Konstituzioa bera ere aldatzeko prest baitira. Berdintasunaren izenean, jakina. Izan ere, lotsagarria omen XXI mendean mutikoari bakarrik aitortzea errege izateko eskubidea. Anakronikoa omen. Erregetza bera ez al da anakronikoagoa? Eta bera ez al da berdintasunaren aurkakoa? Izan ere, estatuburu izateko aukera ukatzen die beste guztiei. Neskak ere erregina izan daitezkeela erabaki aurretik, Espainiak ez al luke erresuna ala errepublika izan erabaki beharko?
Lotsagarria da. Leonor erregina izan dadin, prest daude Konstituzioa aldatzeko, baina Kataluñagatik edo Euskadigatik ez daude ezer aldatzeko prest. Espainiak nazio, kultura eta hizkuntza bakarreko Estatua izan behar du, eta kito. Beste inork ez du bere herria naziotzat hartzeko eskubiderik, ez du bere kultura eta hizkuntza garatzeko eginkizunik, ez du bere buruaren jabe izateko aukerarik. Estatua beste era batera antola daitekeenik ez zaie bururatzen. Franco bezain zentralistak baitira. Eta arazoak konpontzeko beharko lukeen Konstituzioa ere horregatik erabiltzen dute nahikunde eta eskakizun guztiak zapaltzeko tresnatzat. Nahierara estutzen dute Konstituzioa, beharretara zabaltzeko ordez. Konstituzioa zabaldu behar da Kataluñaren edo Euskadiren neurrira. Ez alderantziz. Ez dira katalanen edo euskaldunen estatutuak PPren eta PSOEren nahierarako Konstituzioaren neurrira estutu eta murriztu behar.

Eta beti Konstituzioa estutzen dute beren komenentziara. Hala egin dute lehengo estutatuekin, eta beste arazo askorekin ere. Presoekin, adibidez. Badira kanpoan egon beharko luketenak. Barruan eduki beharrekoak ere ez lirateke urrun eduki behar. Altzuguren bezalakoak ere gaixoen artean edo etxean egon beharko lukete. ETAk egiten duenari begiratu gabe, jakina. Meniaren zain egon gabe. Gizalegeak eta Konstituzioak hala eskatzen baitute.

COMPARTE