Antton Artamendik jakin badaki nazio-nortasunari buruzko aipamen hutsak neurribako iskanbila eta zalaparta goriak eragiten dituela politikagintzan eta, horregatik hain zuzen ere, jakineko egoera eta geografia guztien gainetik aztertzen du gaia, eztabaida sakonak ohi baino lasaitaun eta patxada gehiago behar duelakoan.
Ezer aurretik, Artamendik zenbait intelektual liberalen "unibertsalismoa" iruzurtzat salatzen du, beti ere aldez aurretik ondo lotutako nazio-ereduaz baliatuz sasi-unibertsalak izateko euren modu zehatz eta erosoa proposatzen dute-eta.
Haren ustez, globalizazioaren ondorioz, estatua handiegia da etenik gabeko aldaketen aurrean eta txikiegia, ostera, mundu globalari erantzun ahal izateko. Beharrezko omen da urraspide berriak asmatu, herri bakoitzak "berezko" kultur-giroari erantzuten jarraitzerik izan dezan. Eta, aldi berean, formula berriak behar omen dira proposatu sentiberatasun eta herrigintza ezberdinak elkarrekin bizitzeko eta partekatzeko.
Artamendik atzera begira egituratzen eta moldatzen ditu nazio-nortasunaren nondik norakoak baina irudimena eta eraberrikuntza aldarrikatzen ditu, ordea, nazioaren etorkizuna segurtatu ahal izateko. Nazioak, iraungo badu, erakargarri izan beharko du ala ez da bestela, sekula, nazio izango.