Opinión
09Octubre
2005
09 |
Opinión

Euskal hiritar izan nahi dugu

Opinión
Octubre 09 | 2005 |
Opinión

PATXI LOPEZ Euskadiko sozialisten buruak atera dizkigu eltzetik babak: «ciudadanía» delako hori nazioaren, autonomi erkidegoaren eta eskualdearen gainetik omen. Eskubide berdineko herritar askerik gabe ez omen horrelako ezer. Kataluña eta Euskadi nazio direla esaten dutenen kontra errepikatzen du hori Patxi Lopezek. Zergatik ez du esaten herritarrak Estatuaren gainetik daudela? España nazio bakarra dela dioten Erregeari, PPri eta PSOEko askori zergatik ez die erantzuten Españaren gainetik daudela herritarrak? Nazio bakarraren kontu hori dogma bihurtu izanak eta kredo konstituzionalean sartu izanak dakar gatazka hori, Kataluña, Euskadi eta Galizia nazio direla uste dugun guztiok botatzen baikaitu kanpora.
Hemen gizabanakoa da lehenengo, denen gainetik dagoena, familiaren, herriaren eta estatuaren gainetik. Herririk eta estaturik ere ez liteke herritarren gainetik jarri. Baina familiarik, ingurunerik, auzorik eta herririk gabe zer gizabanako izango genuke. Eta herririk gabeko herritarrik izan al daiteke?

Delako «ciudadanía» edo hiriko izate hori anitza, toki askotakoa, izan dezakegu, batean eta bestean bizi izan garelako, aita eta ama estatu desberdinekoak direlako eta abar. «Ciudadanos del mundo» diren hantuste batzuk ere azaltzen dira gure artean. Baina gehienok bakarrekoak gara, gurasoenean jaioak garelako eta sorterrian erregistratu gaituztelako. Baina «ciudadano» edo hiritar izateak ez zaitu, berez, besterik gabe, gizabanako askea egiten. Estatu bateko legearen menpeko egiten zaitu, hasteko. Eskubide eta betebehar berdinekoak egiten gaituela, berriz, ipuina baita askorentzat. Dena den, Erregearen demokrazian bezalaxe, Francoren diktaduran ere «ciudadanos españoles» ginen guztiok. Batzuk, beren gogoz, lehen eta orain. Besteok, gogoz kontra, orduan eta gaur. Batzuek, bederen, euskal hiritar, «ciudadanos vascos», izan nahi baitugu; euskal hiritar askeak eta eskubide eta betebehar berdinekin, alegia.

COMPARTE