Opinión
27Septiembre
2005
27 |
Opinión

Agur, Joxe Mari!

Opinión
Septiembre 27 | 2005 |
Opinión

Buelta eta itzulika ibili nauk gaur, eta ezin esan diat agur sentibera hauxe besterik, Joxe Mari. Gogorra duk, gogorregia eta zaila, bat-batean eta besterik gabe onartu eta sinesteko, azkenengo bi hilabete hauetako hire maskalaldiaren berri egunez egun jakin dugun arren.

Udazkeneko laino beltz batek burua nahastu eta zorabiatzen zidak atzo hire sorterri maite Gazteluko elizkizun hunkigarri eta ederrean izan eta entzundakoak entzun ostean. Hau dena amets gaizto bat ote den ere pentsatu diat behin eta birritan; eta ezin onartu diat gainera gure artetik betiko alde egin duanik, Joxe Mari, nahiz eta badakidan gauzak horrelaxe direla bizimodu honetan, zoritxarrez. Bazekiat ere zer esango didan, baldin eta inondik begira bahago: «Beno, beno; zer umezahar dira hok! Gizon izaten ere hasi beharko diagu ba!».

Bixita bat zor

Baina ez duk erraza gizon izaten, ez. Lehen ere bai, baina hire hileta ostean lehen baino ere umetzaarrago garelakoan niagok. Izan ere, lehengo asteazken arratsean telefonoz hitz egin genian azkenengoz elkarrekin; baina Pello Esnal eta biok ostegunean egin nahi genian bixitaldia aste honetarako utz genezala eskatu hidan, egun hartan beste bixita bat ere bahuela-eta. Eta orain, besteak beste, zor horrekin gelditu gaituk, ez diagu nahi-eta Gazteluko elizkizun handiarekin dena bete dugula pentsatzerik.Hala ere, berehalaxe konprenitu nian asteazken arratseko hire eskabidea. Ondo nekian lagun on asko eta asko huela hik hemen. Lehenik, hire ahaide maiteak, eta betiko lagun zaharrak, eguneroko lankideak, Euskaltzaindiko lankide lagunak. Bestetik, hik hain maite hituen bertsolariak, bertsozaleak, eta ehundaka neska eta mutil gazte ikasle ohi, eta abar. Txiki nahiz handi, lagunak erraz egin izan dituk hik bizitzan, harreman eder eta errazeko gizona izan haiz-eta betidanik. Eta eskuzabal hutsa eta, batez ere, emaile handia hintzen. Broma eta txantxa behar zenean, txantxetako gizona; eta serio edo kopetilun behar zenean, serioa. Baina erasoaldirik gogorrenetan ere ez huen onartzen inorengatik gaizki esaka aritzerik. Eta higan nabaitu dudan beste bertute handietako bat zera izan duk beti: dena dela, hik bezala pentsatzen ez duenarenganako huen errespetu eta itzala, hain xuxen. Gure arteko suhiltzaile-lanak egiten ere ezagutu haut hamaika eztabaidatan, zorionez. Gozoa hintzen gogotik, Joxe Mari, eta inoiz egoskor, kaskarin harroskoen aurrean. Hitz batean esateko, HANDIA izan haiz hi, Joxe Mari.

Sinesmen handiko gizona

Bai, bihotz eta sinesmen handiko gizona izan haiz hi beti, Joxe Mari. Eta 1958 urtean apaiz egin eta Aramara bidali hinduten ezkero, Añorgako apaiz eta Santo Tomas Lizeoko irakaskintza-urteetan, bertsolariekin aurkezle eta gai-jartzaile, hire lagunekin, beti apaiz ezagutu izan haut, diximulorik gabe; eta inor gutxi ezagutu izan diagu apaiz izatearekin hi bezain gustora, harro eta zoriontsu zenik. Ez hintzen ikara eta beldur orain modan ez dagoen Jainkoaren defentsa serio egin behar zenean. Hire elizkizunetan, hire hitzaldietan, hire sermoietan, goi-goitik aldarrikatzen huen sineste horren handitasuna. Orobat ere neska eta mutil gazteekiko harremanetan, nahiz eta harri ta zur gelditzen ginen hirekin txakoli bat hartzen genuenero, gazteekin huen harreman bromoso bezain gozoa ikusita.Arinkeria esatea izango duk, agian, baina jainko euskalduna maite huen, laguna eta lagunartekoa, alaia, bertsozalea eta gozoa, ezpairik gabe. Eta horrelaxe erakutsi eta aldarrikatzean, gustora sentitzen hintzen, sinesmen eta bihotz handiko. Gogoan diagu ere aspaldi samar Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean egin huen aitormen handi hura; alegia, hire bizitzan lau jainko bahituela, gutxienez. Hala nola, zeruetako hire Jainko Handia, osaba Orixe maitea, Lizardi olerkari fina, eta Urepeleko artzain maite-maitea, Xalbador paregabea. Orain, lau Jainko horiekin batean bizitzea erabaki duk bat-batean, hemengoak bertan behera utzita-edo. Handia haiz, horraitio, Joxe Mari!

Oraindik eginkizun

Baina, hauek denak aipatzean, batez ere Xalbador aipatzean, atzoko elizkizun garaiko gogoeta nahasi hartan, zera gogoratu nian, Joxe Mari: Oraindik eginkizun utzi dituanetan, hurrengo urriaren 30ean Urepelen egingo den Xalbador Eguna dela-eta, hango bertso-saiorako gaiak jartzeko hitzemanda geundela biok, alegia. Aspaldi samar hartu genian geure gain konpromezu hori. Eta, hori horrela izanik, zer esan nik orain Urepeleko lagunei? Egun hartakoak eta beste, Xalbadorrekin batera zerutik entzuten izango haizeala? Galtzak bete lan utzi didak oraintxe ere!Horrez gainera, etzak ahaztu, Joxe Mari, 2005eko irailaren 27. honetan Euskaltzaindiko Ahozko literatura batzordearen bilerarako deia jasota gaudela, arratsaldeko zazpiretan Donostiako egoitzean biltzeko. Ez dezaala ahaztu gainera udazken honetan Euskaltzaindiak antolatuko dituen jardunaldietan hitzaldi bat eman beharko duala, ekaineko azken bileran horrelaxe onartu huen-eta heuk.

Aurrera egin beharra

Baina hau dena amets nahasi bat duk, bai. Eta, noraezean, atzo goizean Auspoa sailean argitara eman dituan hire liburuak hartu eta banan-banan behatu nizkian, haietan hire bizitzako pasarte batzuk irakurri nahita-edo. Bazekiat ordea jakin hori kimera bat besterik ez dela orain; eta azkenean, heuk eskatu bezala «umezaar» izateari utzi eta amets nahasi honetatik albait arinen errealitatera esnatu beharko dugula hire lagun eta lankideok, hik utzi duan hutsartea betetzeko inola ilusio eta asmorik gabe badare.Eta gutako askok, hire lau jainkoak eta bat gehiago badiagu orain, Joxe Mari.

Eta azkenik, esker mila, berrogeita bost urte honetan lagun eta askotan lankide izateko eman diguan aukera ederragatik. Eta, agur eta ohore hiri!

COMPARTE