Opinión
21Agosto
2005
21 |
Opinión

Istiluzaleak

Opinión
Agosto 21 | 2005 |
Opinión

Semeak kontatu zuen. Bere aita batzuetan zeinen bilaua zen adierazteko kontatu ere. Ministro, jeneral eta handikien andre dotoreen artera gonbidatu zuten Camilo Jose Cela, entretenigarri gisa noski. Halako batean, sekulako puzkarra bota zuen. Ez zen bere bizitzako lehenengoa, ezta azkenekoa ere. Andre lotsatuen isiltasun hartan, aldamenekoari egotziz libratu nahi du lotsagarritza hartatik: «lasai, andrea, edonori gerta dakioke hori». Ez dakit Cela puzkartiari inork sinetsi zion, aldamaneko andrea, behintzat, lotsa gorrian utzi zuen.

Egoera eta gertaera larriagoetan, jakina, baina horixe egiten du delako ezker abertzaleak ere: bere istiluak ertzaintzari eta gobernuari egozten dizkio, istiluzalea nor den ez bageneki bezala. Inori ezin zaio bere eskakizunak kalean agertzeko eskubiderik ukatu, nahiz eta hori baino eskubide funtsezkoagoak ukatuta eduki. Horregatik, nor ez denari nor izateari dagozkion eskubide guztiak ukatzen zaizkionez, erronkatsuak batez ere, nor izaten saiatu beharko luke lehenik ezker abertzaleak.


Manifestatzeko eskubideak, bestalde, baditu bere baldintzak eta mugak. Baketsua izateaz gainera, ahalik eta endredorik gutxien eman behar die besteei eta ez du inolaz ere besteren eskubiderik hankaperatu behar. Ezker abertzalea, berriz, gehiegitan baliatu da kaleaz harro eta erasokor. Beste batzuen manifestaldiekin topo egitea ere eragotzi behar da, noski. Eta horixe ez dute egiten «jaiak bai, borroka ere bai» eskolakoek. Jaiak dira herritar guztien, zahar eta gazte, handi eta ttiki, andre eta gizon, iritzi bateko eta besteko, guztien, manifestazio egunak. Eta inork ez du jaiak eragozteko eskubiderik. Inork ez du beste garai batean egin daitekeen manifestaldi batekin jai giroa txartzeko eskubiderik. Urteak baditu 365 egun. Baina ezker abertzaleak jendetzak biltzen diren egunak nahi izaten ditu bere kontaketarako eta babeserako, nahiz eta festa lasai egiteko eskubidea besteri zapaldu.

COMPARTE