Opinión
15Agosto
2005
15 |
Opinión

Goardia zibila ez dago modan

Opinión
Agosto 15 | 2005 |
Opinión

Aranzadi Elkarteak aurkitu dituen agirien arabera, Lauaxeta ez zuen Ejerzito frankistak fusilatu Goardia Zibilak baino. Aurkikuntza honen berri eman duten zenbait komunikabidek Goardia Zibilaren datu hau ezkutatu dute. Goardia Zibila ez dago modan. Hobe, orduan, bakean utzi.

Roquetaseko gertakariek bazterrak harrotu dituzte Goardia Zibilaren koarteletan. Lasa eta Zabalaren gorpuak karetan, “okerreko” lau gazteren hilketa Almerian, Galindorenak Intxaurrondon eta ahaztuak zeuden beste zenbait mamu berpiztu dira berriro eta, balorazio politikotan sartzeke, goardia zibilen profesionaltasunik eza agirian jarri.

 

Nahiz eta Goardia Zibila hiritarren gogoz kontra sartu (Diario de Sesiones de Cortes, 1876-07-08) Euskal Herrian –aduanak, soldadutza eta epaileekin batera-, Picavearen “Album de Guipúzcoa”n (1915) nabarmen agertzen denez, garai hartan goardia zibilak dezente onartuak ziren euskal udal-erakundeetan, zinegotzi, apaiz, mikelete, suhiltzaile eta musika-bandarekin batera.

 

Izan ere, Goardia Zibila Errepublikaren alde azaldu zen 1936an militar frankistak armetan jarri zirenean eta gerra osteko Diktadura Militarrak ez zion Goardia Zibilari mesederik egin.

 

Zer gerta ere, armagintzatik bizi izandako herrietan Goardia Zibilaren prestakuntzarik eza beti izan da jakinekoa. Orain 40 urteko armagin eibartarren artean sarri aipatu izaten zen Polizia Nazional Goardia Zibila baino askoz ere trebeagoa zela. Goardia zibilak ez ziren batere fidagarriak arma-kontuetan eta, beraz, zer esanik ez gainerakoetan.

 

Auskolo gero azken 30 urteotan Administrazio Publikoa modernotu egin ote den, baina begi bistakoa da Goardia Zibila jokoz kanpo geratu dela eraberrikuntza guztietan, inork eskua sartu nahi izango ez balio bezala.

 

Unamunok esana da “es posible militarizar a un civil, pero es imposible civilizar a un militar”. Unamunok ez zigun ostera esan zelan arraio zibilizatu oraindik ere XIX mendeko pentsamoldeak dituen Goardia Zibil militarra.    

COMPARTE