Opinión
31Julio
2005
31 |
Opinión

Begiko makarra

Opinión
Julio 31 | 2005 |
Opinión

BUKAEZINAK diruditen Susperrenak omen diren paperak amaitu baino lehen; direnak eta ez direnak atxilotu eta herdoildutako eta oliotutako arma gutiak bildu baino lehen, Antzaren paperen txanda da. Autodeterminaziorako urratsak, menia motak eta bakoitzaren iraupena, bitarte horretako eztanden dezibelioak, Batasunak agintera iristeko behar dituen 400.000 botoak, mahaiak, datak eta abar izango dira hizpide.
Orain ez da propio hildakorik izango, inor ez da «tiroaren edo bonbaren ondorioz hilik gertatuko». Orain, politikoen egoitzei, zinegotzien etxeei eta enpresei bakarrik erasoko zaie. Orain, diru kutxak, autobusak eta abar bakarrik erreko dira. Eta, zoritxarrez, hildakorik edo larriki zauriturik gertako balitz, «gatazkaren erruz» jazoko litzateke. Baina bisita bideko istripuz edo ihes bidean arbola bat jota edo kale borrokan zauriturik edo hildakorik gertatzen bada «hiltzaleak» izango gara beste guztiok.

Besteri kontuak eskatzeko duen irmotasunaren eta zorroztasunaren laurdenaren laurdena Batasunak bere buruarentzat balu, besteri egozten dizkion erruen lardenaren laurdena bere buruari egotziko balio, bakearen egunsentia argitzen hasia litzateke. Etorkizunik ez duen eta bukatu nahian omen dabiltzan burruka armatura gazteak nork itsutzen eta amiltzen dituen ere, galdetu beharko bailioke bere buruari.

Kaleko ordena guardia zibilen eta polizia nazionalen esku dagoen Nafarroan istilurik gabe itxi ziren Batasunaren egoitzak eta tabernak. Eta istilurik ez sortzeagatik utzi berria dute bertan behera Iruñeko manifestaldia. Baina Eusko Jaurlaritzak debekatzen dituenak ez dituzte bertan behera uzten eta ertzaintzaren aurrean ere ez dira guardia zibilen aurrean bezala kikiltzen. PPk lehendakariari eta Balzari egotziko die istiluak saihesteko modurik ez egin izana. Batasunak, berriz, kolpatuen erantzukizun osoa leporatuko die. Besteren begiko makarra bezain ondo beren begiko habea ikusiko balute!

COMPARTE