Hara non gelditzen diren batzuen malgutasuna eta konponbiderako eskuzabaltasuna. Oniritzirik handiena eta boto kopururik ugariena dituztenak baztertu behar dira, alazankoa! Ezin bete diren baldintzak jartzeaz gainera, auzoa ere gobernatu nahi dute. Hobeto esan auzoa aztoratu nahi dute, auzoan liskarra eta haserrea sortu nahi dituzte. Ardatz den abertzaletasun demokratikoa nahi dute zatitu eta ahuldu, Euskadik beste edozein erkidegok bezalako burujabetzarekin etsi dezan. Troiako zaldi alenak!
EHAK delakoak, berriz, lehendakariaren esku ez dagoen ezinbesteko beteharra ezarri dio Ibarretxeri. Lehendakaria ez da inor nork bere parlamentari, juntero, zinegotzi edo alkate kargua utzi behar duen erabakitzeko. Are gutxiago, hutsik geratu den aulkia nork hartu behar duen erabakitzeko. Eta Ibarretxeri eskatzen zaiona zergatik ez dio zorioneko EHAK horrek bere buruari eskatzen? Zergatik ez ditu Eusko Legebiltzarreko 9 aulkiak HBrentzat hutsik uzten?
Herri honen gobernagarritasuna, erabakimena, bakea, normalizazioa eta abar daude jokoan. Joan den astean erakutsi dugun baino ezaguera handiagoa ez badugu erakusten nekez irabaziko dugu apustua.