FAMILIAREN oporrak gozatu ondoren, lanetik erretiratuok, soldatapeko lana debekatua dugunok, ez baitugu opor, zubi eta jai egiteko aukerarik, ataria guardia zibilez inguratua aurkitu nuen. ‘‘Ilunbe’’ miatzen ari ziren. Urruti antzean eta sakabanatu samar, banaka batzuk zeuden ikusmiran. Borrokarako itxurarik gabe, behintzat. Ez zen oihu bat bera ere entzun. Leihoetatik ere ez zen inor begira. Orain dela urte batzuk jendetzak pilatuko eta sekulako istiluak sortuko ziren. Zergatik isiltasun eta baretasun hori? Jende asko oporretatik etxeratu gabe zegoelako? Ertzainen ordez guardia zibilak zeudelako? Zenbaiten borrokarekin jende askok, etsia, aspertua eta okitua dagoenez, hor konpon egiten duelako? Bazirudien betiko ezker abertzalea debekaturik sekulako istiluak sortu behar zutela herri honetan. Hala uste genuen askok. Baina denborak PPri eta PSOEri eman die arrazoi. Istilurik ezak, noski, ez demokraziak. Baina istilurik eza eta demokrazia gauza bera direla uste duen jende gehiegi denez, ito eta jan egiten zaituzte, demokraziaren izenean, ezker abertzale horren eskubideen alde hitz-erditxo bat atera orduko.
Eusko Alderdi Jeltzaleak ez dio ezker abertzale horri ezeren zorrik. Jakin badaki, bere kontra sortu zela eta lehiakide eta areriotzat ezezik, desegin beharreko etsaitzat ere jotzen duela. Jakin badaki, hainbeste jende beldurtu eta nazkatu duenaren alde agertzea, demokraziak hala agintzen duelako bakarrik agertu arren, herritar askok ez diola konprenitzen eta alderdi eta komunikabide estatalisten eraso bortitza jasan behar duela. Patxi Lopezek ‘‘ETAren abokatutzat’’ eta Maria San Gilek ‘‘borreroen’’ laguntzat jo dute Lehendakaria Aukera Guztiak hartu dituelako bakarrik. Eta entzun egin behar zitzaien irratietako berriketariei. Hala ere, demokrazia eta demokraziaren arauak itzulipurdika dabiltzan Estatu honetan, abertzaletasun demokratikoak irmo eutsi nahi die demokraziari eta jokabide demokratikoei, nahiz eta larrutik ordaindu behar izan.