Opinión
06Marzo
2005
06 |
Opinión

Gurutzea ala ospea?

Opinión
Marzo 06 | 2005 |
Opinión

Mikel Atxaga

Opinión

Deia


EREDUGARRIA, santua eta martiria da askorentzat Aita Santu hau. Beste askorentzat, berriz, errukarria, etsigarria eta eskandalagarria ere bada bere karguari hain setati eusten dion gizonaren jokabidea. Horrelako gaixo eta ezindu bat hain duintasun gutxirekin tratatzea ez da onargarria. Eskandalua izango litzateke beste norbait horrela erabiliko balitz. Eta jendea gizajotzat jotzea ere bada, jakina, egoera horretan dagoenak Eliza gidatzen duela baiestea. Eman nahi zaigun mezua ere eskandalagarria da askorentzat: «Jesus ez zen gurutzetik jaitsi eta ni ere ez naiz jaitsiko».

Badirudi Jesusen esku zegoela gurutzetik jaistea. Iltze handietatik zintzilik egon arren, minik sentitu gabe ere egon zitekeen, beraz? Itxura hutsa, iruzur, egin ote zigun, bada? Jesusek ez zuen gurutzean hiltzea erabaki. Sufrimendua sufrimenduagatik ergelkeria hutsa baita. Besterik da, jakina, zigorraren beldurez norbere eginkizunari uko egitea. Eta horixe ez zuen Jesusek egin, nahiz eta zer zigor etor zekiokeen susmatzen zuen. Behartsuen, gaixoen, baztertuen, pekatarien eta jendilajearen aldeko jokabideak eraman zuen gurutzeko heriotzera, bidegabekeriazko gizarte bateko agintariek, apaizek eta jauntxoek hala erabaki zutelako. Ez zen Jesusen esku ez gurutzea bizkarreratzea eta ez gurutzetik jaistea.

Karol Wojtyla ezindua ez du Jainkoak ez kargua eta ez karga eramatera behartzen. Edonor ere, oharkabean bederen, ez ote da, karguaren kargaren aitzakian, karguaren distiraz eta ospeaz errazegi itsutzen. Karol Wojtylarentzat ez ote litzateke gurutze astunagoa, gaixo xume eta apal bihurturik, baxter batean bizitzea? Baina nahiago du karguak ematen duen ospean segi. Eta nahiago du gurutzearen ospetik errieta egin, zaku berean sartuz babesgarriak, antisorgailuak, homosexualak, abortoa eta eutanasia. Ondo legoke, jakina, bizitzaren misteriora kontu handiz hurbiltzeko, apalki, eskatzea. Baina hori gehiegi eskatzea litzateke adin horretako ezindu bati.

COMPARTE