Opinión
23Febrero
2005
23 |
Opinión

Eta Nafarroa zer?

Opinión
Febrero 23 | 2005 |
Opinión

José Ángel Agirrebengoa

Opinión

Berria


Hedabideetan sortutako zalaparta ikusita, badirudi Autonomien Estatuaren barealdia eten duela orain gutxi Espainiako Diputatuen Kongresuan izandako eztabaidak, Eusko Legebiltzarrean gehiengo absolutuz onartutako EAEko Estatu Berrirako Proposamenaren ingurukoak.

Eusko Legebiltzarraren mandatari izaki, Ibarretxe lehendakariari egokitu zitzaion EAEko Estatu Berrirako Proposamena defendatzea. Proposamenak Euskal Herriaren berezko nortasuna eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean nazioartean onartutakoa ditu oinarri, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiaren arteko itun politiko berri bat aldarrikatzen du, atxikipen askekoa, ez aldebakarra, eta nazio anitzeko estatu elkartuaren garapenarekin bateragarria izango dena.Eztabaida horrek XXI. mendean indarrez ezarritako Estatu-Nazio eredu jakobinoa utzi du agerian, Francok zorrotz defendatutakoa. Haren ustez, subiranotasuna Espainiako herrian zetzan. Ñabardura batzuekin bada ere, Kongresuko bi alderdi politiko nagusiek ere eredu hori defendatu dute; negoziazio egoskorkeria eta azken jarrera berberarekin, behinik behin.Eusko Legebiltzarraren Proposamenaren eztabaidak gaur egungo estatu ereduari buruzko eztabaida demokratikoa ekarri du mahai gainera, eredu hori motz geratzen baita inguruko nazionalismoen (Katalunia, Galizia) nahiak betetzeko eta beste hainbat Autonomia Estatutu eguneratzeko eta erreformatzeko. Gernikako Estatutua, adibidez, orain 25 urte negoziatu zituzten frankismoko botere faktikoek zuzendutako estatu erakundeek, demokrazia baino lehenago.

Eta Espainiako eztabaida-leku politikoetan hori eztabaidatzen duten bitartean, Nafarroako UPN, CDN eta PSN alderdi politikoek isil-isilik jarraitzen dute, horrek beraiei eta, ondorioz, Nafarroari eragingo ez balie bezala. Nafarroako EAJren ustez, 1982an onartutako Hobekuntzak erakutsi du lehenbailehen konpondu beharreko gabezia demokratikoak dituela. Horrenbestez, ez da onargarria Foru Parlamentuak eskubiderik ez edukitzea Hobekuntzaren edo Estatuarekiko Itun Ekonomikoaren erreforma sustatzeko eta negoziatzeko. Eta ez da demokraziaren ezaugarria, ezta ere, Hobekuntza izatea herritarrek berretsi ez duten autonomia legedi bakarra. Zentzu horretan, Nafarroaren autogobernu ereduaren eta Euskal Herriko gainerako lurraldeekiko harremanen gaineko erabakia nafarrok askatasun osoz adierazitakoaren mende bakarrik egotearen alde egiten dugu Nafarroako EAJn.

Hobekuntza erreformatzeko proposamenean, Hobekuntza bera eguneratzearen aldeko apustua egiten dugu, eskuduntzen edukiak baldintzatu egin baitira maiz eta, beraz, murriztu, Estatuaren oinarrizko legeak (LOAPA, Hezkuntzaren Kalitateari buruzko Legea) edo Estatuak izendatutako Konstituzio Auzitegiak emaniko sententziak aplikatzearen, Hobekuntzan aurreikusitako transferentziak uzteko orduan Estatuko hainbat Gobernuk zuhur jokatzearen, eta Nafarroako hainbat Gobernu Estatuko Gobernuen esaneko izatearen ondorioz. Era berean, harreman esparru malguagoa behar da garai berrietara Europan sartzea, garapen teknologikoa, globalizazioa azkarrago egokitzeko eta gizarte behar berriei immigrazioa, gizarte kohesioa, solidaritateahobeto erantzuteko, hurbileko gaien kudeaketa eraginkorragoa dela eta herritarrengandik hurbilago dagoela erakusteko. Izan ere, ongizate handiagoarekin lotzen dute herritarrek autogobernua.Horretaz guztiaz gain, eta Nafarroaren lurralde desoreka ikusita, garrantzitsua iruditzen zaigu merindadeak hauteskunde barruti gisa onartzea, nafar guztien ordezkapena bermatzeko eta lurralde oreka babesteko.Era berean, berehala nahi ditugu Estatuak Nafarroari oraindik transferitu gabeko eskuduntzak: Polizia, Azpiegiturak, Justizia, Botere Judiziala, Kartzela Politika eta Gizarte Segurantza, besteak beste.Foruaren Hobekuntza onartu zenean Espainia ez zegoen Europako Batasunean. Orduz geroztik (1985) Nafarroari eragiten dioten gero eta gai gehiago erabakitzen dira Bruselan, eta Nafarroak ez du zuzenean mintzatzeko aukerarik. Behar-beharrezkoa da guri eragiten diguten gaiei buruz EBko erakundeekin mintzatzeko eta negoziatzeko eskubidea onar diezaguten.Hizkuntza normalizazioari dagokionez, euskara Nafarroa osoan hizkuntza ofiziala dela onar dadin aldarrikatzen dugu, hizkuntza bat erabiltzea hizkuntza horren hiztunen borondatearen eta askatasunaren mende dagoela kontuan hartuta.Estatutuaren inguruko iraganeko akordioak bete gabe daudela ikusita, komenigarria da, gure ustez, Nafarroaren eta Espainiaren arteko akordioak beteko direla bermatzeko sistema bat ez aldebakarra, elkarrekiko leialtasunean eta lankidetzan oinarritutakoafinkatzea.Amaitzeko, nafarrak, abertzaleak eta demokratak garenez, beti egongo gara prest eztabaidatzeko eta Hobekuntzaren erreforman parte hartzeko, anitza eta aurreratua nahi dugun Nafarroarentzat estatus politiko bat lortzeko.

Erredakzioan itzulia

COMPARTE