Entrevistas
18
Febrero
2005
Entrevistas

Josu Ortuondori elkarrizketa Berria egunkarian

Entrevistas
18
Febrero
2005
Entrevistas

Entrevistas

Berria


«Ez dugu interpretatzerik nahi Euskal Herriak ez duela Europaren parte izan nahi»

Elkarrizketa osoa

Europako Konstituzio Itunak egungo eskubideak indartzen dituela adierazi du eurodiputatu jeltzaleak. Argi utzi du «estatuen arteko itun bat bozkatuko» dela, ez «Europako Konstituzioa».

JON VILLAPUN - BILBO

Europako Batasuneko Parlamentuan EAJk duen parlamentari bakarra da Josu Ortuondo. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan etzidamuko deitu den galdeketan bozkatuko den Europako Konstituzio Ituna Europaren eraikuntzan «beste urrats bat» dela iritzi dio Ortuondok. Euskal Herrirako onuragarria dela ziurtatu du, eta herritarrek behar adina informazio jaso ez duten arren, baiezko botoa eskatu du Ortuondok.

Nola interpretatzen du alderdi jeltzaleak ezezko botoa?

Ezezkoa botoa emozionalagoa dela uste dut. Guk, aldiz, azterketa sakon eta hausnarketa prozesu baten ostean, baiezkoa esateko aukera hobetsi dugu. Hala ere, arazo nagusietako bat izan da gizarteko sektore zabal batek pentsatu duela hilaren 20an bozkatuko dena Europako Konstituzioa dela, baina ez da hala. Itun konstituzional baten aurrean gaude, estatu subiranoen arteko hitzarmena da, ez besterik. Izan ere, Itun konstituzional honek ez du agortzen Europako Konstituzioaren sorrera.

Herriak aintzat hartzen al dira Europako Itunean?

Ezetzaren aldeko jarrera hartu duten alderdiek kritikatu egin dute herrien eskubideak ez direla aintzat hartzen. ETA, alderdi popularra eta sozialista behin eta berriz saiatu izan dira «herri eta estatuen Europa» esaldia, «herritar eta estatuen Europa» esaldiagatik ordezkatzen. Herriei egiten zitzaizkien aipamen guztiak ezabatu nahi izan dituzte, baina ez dute lortu. Izan ere, zazpi artikulutan aipamen argia egiten zaie Europa osoko herrialdeei. Gainera, aipamenak Europako Konstituzio Itunaren atalik garrantzitsuenetan daude, hala nola hitzaurrean, oinarrizko giza eskubideen atalean, edota kanpo politikari eusten diotenetan. Are gehiago, Itunaren atalik funtsezkoenean herriak agertzen dira, alegia, Europako Batasunaren xedeak agertzen diren atalean. Artikuluak horrela dio: «Europako Batasunaren helburu nagusia herrien oparotasuna da». Hortaz, estatu, nazio eta erakundeez gainera, herriak ere presente daude.

Zein izan da EAJren hausnarketa baietzaren alde egiteko?

Egungo egoerari dagokionez, gure buruari galdetu diogu ea itun hau aurrerapausoa ote den eta orain dugun esparrua baino hobea ote den. Gure ustetan, hala da. Hiru ikuspuntu ezberdinetatik egin dugu hausnarketa: demokratikotik, herrien ikuspuntutik, eta euskal abertzaleenagatik. Hiru ikuskera ezberdin hauek aintzat hartuz, gure ondorioa positiboa da eta Europaren eraikuntzan beste pauso bat dela uste dugu.

Imazen hitzetan, baiezkoa emateko arrazoietariko bat da ezezko botoa alderdi «ultraeskuindar, antieuropar eta erradikalekin» lotu daitekeela. Baiezko botoekin antzekoa gerta daiteke, baina.

Ez dut uste halako beldurrak ditugunik. Euskal Herrian alderdi nagusia da EAJ, eta Euskal Herrian duen erantzukizun handiagatik eskatzen dugu baiezkoa. Euskal Herriaren garapena bermatzeko, epe motzera eta luzera estrategia politiko bat ezartzera behartzen gaitu erantzukizun honek.

Halaber, ezin dezakegu ahaztu gure mugetatik kanpo begiratzen gaituenik badagoela. Hortaz, Euskal Herriko ikasleak, zientzialariak edota enpresaburuak Europarekin harremanetan daude erasmus bekengatik, hainbat ikerketa eta esperimentuengatik edota enpresa kudeaketagatik. Ez dugu nahi jendeak interpreta dezan Euskal Herriak ez duela Europako Batasunaren parte izan nahi.

Europako Batasuna osatzen duten zenbait estatuk herritarrei kontsultatu barik egindako ituna den heinean, egungo errelitate sozialerako aplikagaitza litzateke?

Ez dut uste. Izan ere, itunak Europako Batasuna osatzen duten estatu guztien esparru politiko eta soziala erabat errespetatzen du. Kontuan izan behar dugu Europa lehen aldiz eraikitzen ari dela, atxikimendu askean oinarrituta. Horretarako bide bakarra lider politikoekin egitea da. Lider politikoen arteko bilerek egiten dute posible Itun Konstituzionalaren sorrera. Guk ezin diogu ezetz esan arkitektura politiko eta sozial ezberdina duten 25 estatuetako 455 milioi lagunei babes emateko sortu den itunari. Are gehiago, Itunak estatuen askotariko izaera errespatzen du, eta gu euskal herritar garen heinean, horri baietz esatera beharturik gaude.

Bestalde, Europako hiritar guztien arteko komunikazioa ahalbidetzen du. Euskararen, Galizieraren edota Katalanaren ofizialtasunen arazoa, aldiz, Madrilen dago. Hau da, lehendabizi Espainiako Estatuan ofiziala izatea lortu behar dugu, ondoren Europan ofiziala izan dadin.

Ez litzateke zuzenagoa izango, Europaren sorrera herritarrengatik hasiko balitz?

Ez, oso zaila litzateke. Herritar guztien arteko eztabaida baten bidez ezin daiteke Europa osoa eraiki. Sorrera honetan erabili beharreko dinamika buruzagitzarena da. Orain arte, dinamika horrek Europaren sorkuntzan finkatu ziren lehen bi helburuak bete ditu, alegia, bakea eta oparotasuna. Hala ere, oraindik ahalegin handiak egiteke daude, Europa eraikitzen den heinean, egungo gizarte markora egokitzeko.

Herritarrek informazio gutxi izan dute, baina.

Bai, hala izan da. Herritarrek oso informazio gutxi jaso dute. Dena den, Europako Konstituzio Ituna ez da edozein kontituzio bezain sinplea. Agian, informazio gutxi zabaltzearen arrazoia izan da herritar soil batentzat ulergaitza izatea.

Denbora joan ahala, ordea, euroarekin gertatu den antzera, ziur nago Europako herritarrak gero eta europarragoak sentituko direla. Izan ere, Europak garapen bidean jarraitzen badu, orain arte gobernu buruzagiek hautatu dituzten europar presidenteak etorkizun hurbilean herritarren botoen bidez aukeratuko dira.

Itunarekin guztiz ados ez zaudetela esan duzue. Zein ataletan hobetuko zenukete?

Atal asko hobetu beharko lirateke; hala ere, aurrerapausoa dela uste dugu. Itunak ez ditu ateak ixten. Esaterako, EAEko Estatutu Berrirako Proposamena arazorik gabe koka daiteke Europako esparru berri honetan. Egun, guk ez dugu Bruselarekin eztabaidatu behar, Madrilekin edo Parisekin baizik.

Esan beharra dago lehen aldiz subsidiaritatea zehazten dela, hau da, erakunde bakoitzak muga zehatz batzuen barruan dituen eskuduntzen onarpena. Eta itunak jasotzen dituen justizia ezaugarriek bermatu egiten dituzte estatuen, nazioen, herrien eta erakunde guztien eskunduntzak. Estatutu Berrirako Proposamenaren planteamenduak ere estatuen barneko aniztasuna agertzen du. Horregatik, guztiz bateragarriak dira.

Hainbatetan salatu izan da itunak orokorkeria gehiegi dituela.

Baina artikulu orokorrak behar bezala ulertu behar dira. Hau da, ituna onartuz gero, Europako herritarrei hainbat eskubide gehituko zaizkie, betiere orain ditugun eskubideak errespetatuz. Horrela, beraz, egun indarrean dagoen Espainiako Estatuko Konstituzioak jasotzen dituen artikuluak indartu eta zenbaitetan borobiltzen ditu. Esaterako, Espainiako Konstituzioak emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bermatu behar dela dio; Itun honek, berriz, artikulu hau zehazten du, esanez emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna errelitate soziala izan dadin politika ezberdinak garatu behar direla. Horrela, egun ditugun eskubideak indartu egingo lirateke.

COMPARTE