EAJ-PNVren ardatza Euskal Herria libre eta bere etorkizunaren jabe izan dadila lortzea izan da betidanik eta aldi berean, alderdi guztiz Europa zalea izan da. Bere ibilbide politikoaren hasieratik ia-ia, oinarri politikoetan eraikitako Europaren ideia ganorazko eta zentzuzko helburu barik, ameskeria hutsa ematen zuenean, Europa integratu eta politikoki bat eginaren alde agertzeaz gain, hori lortu nahian jardun du EAJ-PNVk, erabakitasunez eta tinko eutsiz. Europa zaletasuna alderdiaren ezaugarri nagusietako bat izan da, zalantza barik, bere jardunbide osoan. Hori dela eta, Europarako Konstituzioa eratzen duen Itunaren testuari buruz egin behar den erreferendumaren aurrean, ezinbesteko garrantzia ematen dio gai honen inguruan hartu beharreko jarrera argi, zuhurra eta arrazoitua erabaki beharrari.
Hauxe da, hain zuzen ere, agiri honen helburua: EAJ-PNVk auzi honetan izango duen jarrera bideratzea. Edozein erakunde politikok bere historiari zor dion begirunea eta koherentzia aintzat hartuta, baina, aldi berean, esparru europarrean beti inkardinatu den proiektu nazionala kudeatzerako orduan beharrezkoa den hausnarketa estrategikoa alde batera utzi barik.
2. Europaren eraketa: EAJ-PNVren historiaren erreferentzia nagusia
Europa zaletasuna EAJ-PNVren jardunbidearen alderdi gogoangarrienetako bat izan da jarduera politikoan hasi zenetik. 1916an, dagoeneko, Nazionalitateen Hirugarren Hitzaldian parte hartu zuen Lausanan. Alderdiak nazio askotako foro batean lehenengoz parte hartu zuen aldia izan zen hura. 1933an, Euzkadi-Europa lemapean ospatu zen Aberri Egunean, Europako estaturik gabeko beste nazio batzuen zenbait ordezkari bildu ziren eta horixe da, beraz, EAJ-PNVren Europa zaletasun goiztiar horren ezaugarririk nabarmenena. Gaur egun euren burua europazaletzat duten alderdi politiko guztiek ezin dute esan Erromako Ituna (1957) sinatu baino hogeita lau urte lehenago halako ekitaldirik – Javier de Landaburu Gorteetan Arabako ordezkari zen diputatuak egindako hausnarketa eta guzti; izan ere, euskal nazioa eta europar egitura federalak bateragarri izan zitezkeela defendatzen zuen-- antolatu zutenik; Euzko Alderdi Jeltzaleak bai, ordea.
Europar Mugimendua sortzeko Batzarra, Hagan egindakoa (1948), gertaera garrantzitsua izan zen Europako berregituraketa politikoaren aldeko mugimenduaren inguruan. Europako estatuen artean gerrarik ez gertatzea zuen helburu nagusi, Estatu kideen oinarri juridikotik abiatuta nazioz gaindiko Erkidego berria sortuz. Testuinguru orokor horretan, EAJ-PNVren jarduera Europa zalea ere nabarmen areagotu zen. 1951n, Europako Federazioaren aldeko Euskal Kontseilua eratu zen Euzko Alderdi Jeltzalearen buruzagitzapean; eta orduan euskal mugimendu Europa zalearen benetako hazia erein zen. Era berean, europar Kristau Demokraziaren aurrekoak izan ziren Nazioarteko Ekipo Berrien sorreran parte hartu zuen Alderdiak baita Europako Estatu Batuen Eraketari buruzko lehenengo proiektuaren prestaketan ere.
Garai hartan, euzko jeltzaletasunaren ondare historiko eta ideologikoren barruan, “Agirreren Doktrina” gisa ulertzen duguna proposatu zuen Agirre lehendakariak: EAJ-PNVk gaur arte bere politika europarraren ardatz nagusi bezala mantendu duen postulatua, alegia.
2.1. Agirreren Doktrina
Agirreren Doktrina EAJ-PNVren Europa zaletasun tradizionaletik abiatu zen, baina Lehendakariak bere garaira moldatu egin zuen Europa politiko baten eraketaren alde egiteko asmoz, hurrengo uste hau oinarritzat hartuta: “Estatuek legegintza, diru, aduana, auzitegi, migrazio, gizarte-laguntza, kanpo-merkataritza, nazioarteko politika, armada eta defentsa arloetan laga beharko zituzten eskumenak, autonomien erregimenak Estatuaren subiranotasunerako gordetzen zituenak dira, hain zuzen ere”. Agirrek zeukan ikuspegi aurreratuan, herrien arteko bakearen eta bizikidetzaren ikuspuntutik zekarrena baino haratago, Euskadiren eraketa nazionala testuinguru moderno, ireki eta solidario batean posible egingo zuten oinarriak finkatzea adierazi nahi zuen Europaren eraketak. Horrela bada, Europa euzko jeltzaletasunerako aukera estrategiko bilakatu zen. Europaren alde lan egiteak etorkizuneko Euskadi libre eta autogobernatuaren alde lan egitea esan nahi zuen.
1977. urtean, Agirreren Doktrinaren zerizana Iruñako Txosten Politikoari gehitu zitzaion, Europa batuaren etorkizuneko esparruan Euskadik nazio maila eskuratzeko asmoz EAJ-PNVk berea egin zuen estrategiaren jarraibide nagusi bilakatuz.
Aurrekari horien logikari jarraiki, Espainiako estatua Europako Erkidegoari atxiki zitzaionean, EAJ-PNV horren aldeko jarrera izan zuen, arrazoi ekonomikoak zein politikoak oinarritzat hartu baitzituen. Europatik kanpo geratzea autarkia eta atzerapena aukeratzea izango zatekeen; garapen ekonomiko eta aurrerabide teknologikoa alde batera uztea zen. Euskal Herria nazioarteko marjinaziorantz, isolamendurantz eta satelizaziorantz eramango zukeen arlo politikoan. Europari atxikitzeak, berriz, askatasunen sistema bermatzen zuen. EAJ-PNVren historiak ez zuen bestelako jarrerarik hartzeko aukerarik ematen.
Europa zaletasunaren aldeko apustu hori Zestoan berretsi zen. 1987ko Batzarrak “EAJ-PNVk bere bokazio europarrari eusten diola” berronetsi zuen. Aurreko baieztapen hori egin zen garai berean EAJ-PNVk Europako Agiri Bakunari (1986) bere babesa erakutsi zion; agiri horren bidez muga-zergak kenduko zituen barne-merkatu bateratua gailendu ahal zela igartzen zen eta.
2.2. Maastricht, Amsterdam eta Niza
Agirreren Doktrinak ere EAJ-PNV bideratu egin zuen Europako azken hiru Itunen aurrean iritzia azaldu behar izan zuenean: Maastricht (1991), Amsterdam (1997) eta Niza (2001). Maastrichten aurrean, honakoa berretsi zen: “Europako Batasuna, guk ulertzen dugun moduan, eraikitzeko beste hainbat falta diren arren, ituna Europa eraikitzeko bidean aurrerapausua da”. Itunak zituen mugen jakitun ginen baina kontrako alderdiak aldekoak baino urriagoak zirela uste izan genuen; aldeko alderdien artean ondoko lau hauek azpimarratu ziren: mugak kentzeko prozesuan egon ziren aurrerakadak, diru bakarra, Eskualdeetako Lantaldearen sorrera eta subsidiariotasun-printzipioa onartzea.
Egituraren zein eskumenen aldetik muga ikaragarriak bazituen ere, Alderdiak pizgarri gisa hartu zuen Eskualdeetako Lantaldearen sorrera:
“
Subsidiariotasun printzipioari dagokionez, EAJ-PNVk balorazio enfatikoa bezain itxaropentsua egiten zuen:
“Baliteke gaur egun printzipio horrek ezer gutxi esatea, baina ziurra da barnean denboraren poderioz Estatu-nazioen ohiko esklerosi sekularra leherrarazteko behar beste material berriztaile daukala”.
Amsterdamgo Itunari dagokionez, jarrera kritikoak ez ziren inoiz ezkutatu. Aberri Batzarrak 1997ko urriaren 4an onetsitako ebazpen batean, hurrengoa baieztatu zen: “Amsterdamen bildutako Gobernuen arteko Biltzarrak ez die erantzun Europar Batasunak behar dituen erreforma beharrizanei. Itun berria aurrerapausu txikia da Europa politikoa eratzeko bidean, baina ez dago errealitateak behar duenaren mailan”. Halaber, hain emaitza adoregabea eragin zuten arrazoiak ez ziren alde batera utzi:
“Berriro ere Estatuetako nazionalismo zaharrak, Europako mende honetako gatazka nagusien jatorrian egon denak, Amsterdamgo Ituna erakundeen eta Europako politika egiteko moduen erreforma sakona izatea galarazi du”.
Hala eta guztiz ere, EAJ-PNVk Europa eratzeko prozesuaren ikuskera ebolutibo baten barnean kokatu zuen bere iritzi kritikoa; ikuskera horren arabera, amaierako balantzea ez zen negatiboa. Amsterdamgo Itunak ez zuen zehazten itzulezina zen erakundeen behin betiko etorkizunik. Izan ere, bere osotasunetik bakarrik zentzuz ebalua zitekeen prozesu amaigabe baten beste aurrerapausu bat baino ez zen. EAJ-PNVk “balizko agertoki” gisa ikusten zuen “Europako erakundeen hurrengo urteetako erreforma sakonaren garapena, zabalkunde, moneta bakar eta segurtasun- eta askatasun-espazioa eraiki beharraren ondorioz”. Eta horrela gertatu da. Egun, zazpi urte beranduago, agerikoa da iragarpen hura zuzena izan zela, EKI berriak Europako erakundeetarako erreforma multzo handia biltzen duen neurrian. Gainera, positiboki baloratu behar da Eusko Alderdi Jeltzaleak Amsterdamgo Itunaren gainean egin zuen goraipamena, Europaren eraketaren ikuspegi dinamikoaren eremuan. Izan ere, testuak sortzen zuen egoeraren araberako atsekabea gainditzen jakin zuen, ikuspegi historikotik baloratzeko: “Horregatik –adierazten zuen amaieran Aberri Batzarrak 1997ko urriaren 4an hartu zuen ebazpenak-, ikuspegi historikotik, eta izan diren erakundeen erreformen urritasunarekin oso kritikoak izanda, EAJ-PNVk ulertzen du Amsterdamgo Itunak une garrantzitsu positiboa eta aurrerapausu txikia dakartzala, Europaren eraketak eta Estatu klasikoen mugak desagerrarazi eta euskal herriak zeregin liluragarri horretan parte hartzea ahalbidetzen duen espazio politikoaren sorketak dakarten zeregin horretan”.
Iritzi horien ondoren, Alderdiak baiezko botoa eman zion Amsterdamgo Itunari Madrilgo Diputatuen Kongresuan, uste baitzuen aurrerapausu hori eskasa izan arren, Europa eratzeko eta Estatu-nazioak mugarik gabeko proiektuan sartzeko norabide zuzenean kokatzen zela.
Era berean, Europa eratzeko prozesuaren ikuskera dinamiko eta ebolutibo hori IV. Batzar Nagusiak 2004ko urtarrilean onetsitako Txosten Politikoak EKIren testuari buruz egiten duen balorazioaren oinarrian dago: “Proiektu Konstituzionalak ez gaitu guztiz asetzen, ez jeltzaleak garen aldetik, ez Europa zaleak garen aldetik. Hala ere, badakigu Europaren eraketa prozesu ebolutibo eta ireki baten testuinguruan kokatu behar dela, bertan Europarako Konstituzioa egotea aurrerapen kualitatiboa dela. Europar Batasunak
3. Europarako Konstituzioa eratzen duen Itunak EBn eragiten dituen berritasunen analisia.
EKIk eskaintzen duen lehenengo berritasuna hori egiteko jarraitutako prozeduran datza. Beti ilunak diren eta gobernuen interesek baldintzatzen dituzten Gobernuen arteko Ohiko Biltzarren aurrean, lehenengo aldiz egin dira Batzarraren mekanismoaren probak. Mekanismo hori askoz dinamikoagoa, demokratikoagoa, irekiagoa, parte-hartzaileagoa eta gardenagoa da, nahiz eta Gobernuen arteko Biltzarrak berak proposamen horietako batzuk behin betiko zuzendu dituen.
Bere eduki materialen ikuspuntutik, funtsean hiru dira Europar Batasuna osatzeko prozesuan aurretik egon diren Itunek sortutako erakunde-panoraman EKIk sartu dituen berritasunak:
3.1. EBn indarrean dagoen egitura juridiko korapilatsua sinplifikatzen du.
Sortzeko hiru Itunak (Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa-IAEE, EURATOM eta Erromako Ituna-Europako Merkatu Batua) eta jatorrizko testuetan beste Itun batzuen bidez sartutako erreformak (Europako Agiri Bakuna, Maastricht, Amsterdam eta Niza) ditu euskarri, eta testuak argitu, haien edukia bateratu eta zehaztu, erkidegoaren ondarearen xedapenak berriro antolatu, eta zuzenbide eratorriaren iturriak ezartzen ditu.
3.2. Europako Batasuneko erakundeen erreforma
Europan eraikitako espazio politiko eta instituzionalaren autonomia funtzionala nabarmen gehituko da. EB, EKIren testuaren arabera, eztabaida eta erabaki gune autonomoagoa da orain; ez du estatuenganako hainbesteko mendekotasunik. EBren autonomia instituzionalaren sendotze hau bi neurriren bidez gauzatuko da:
n Europako Legebiltzarra sendotzen da, legegintzako eta aurrekontuetako eskumen gehiago jasoz. Europako Parlamentua da, ziurrenik, EKIk mesede gehien egingo dion erakundea. Maastrichteko Itunean Parlamentuaren botere politikoa handitu zen, gai batzuetan elkarrekin erabakitzeko mekanismoa sartuz. Amsterdamgo Itunean, Parlamentuaren eskumenak gehitu ziren, eta orain, EKIak elkarrekin erabakitzeko prozedura ezarriko du legegintzako prozedura arrunt gisa. Horrela, Parlamentuak Europako Batasunaren legegintzako eta aurrekontuetako ahalmenak erabil ditzake, formalki, Kontseiluarekin batera, eta bere eskumenak gehitu ditu esparru bietan. Oraindik ez dauzka parlamentu “arrunt” baten eskumenak, baina Europako itun batek Europako Parlamentuari estatus hori aitortzen dion lehen aldia da.
n Kontseiluaren erabakirik gehienetan, aho bateko erabakien ordez gehiengo koalifikatua ezarriko da. Beraz, estatu kideetako bakoitzaren erabakimena mugatuko da, eta Europaren interes orokorra mesedetuko da, estatuen interesen gainetik.
Neurri instituzional hauen azken ondorioa EBren funtzionamendua demokratikoagoa, gardenagoa eta eraginkorragoa izatea da.
3.3. Itunaren testuan Oinarrizko Eskubideen Gutuna sartzen da eta nortasun juridikoa zuzkitzen dio Europako Batasunari.
EKIren funtsezko ezaugarria da Batasunaren Oinarrizko Eskubideak biltzen dituen Gutuna sartzea. Horren balorazioari dagokionez oso interesgarria izan daiteke EAJ-PNVk 2004ko Txosten Politikoan egiten duen hausnarketa: “Oinarrizko Eskubideen Gutuna Konstituzio Testuan jasotzeak oinarrizko eskubide batzuk ematen ditu, eta horiek batasuneko hiritarrentzako eta kultura desberdinetarako bermea dakarte. Agintekeriazko jarrera iraunkorrak dituen estatu batean, adibidez, Espainiako estatuan, Eskubideen Gutuna (juridikoki loteslea) Konstituzio Proiektuaren alderdi nagusienetarikoa da. Oinarrizko Eskubideen Gutuna sartzeak bermeak eskaintzen ditu Batasuneko demokraziaren, subsidiariotasunaren, aniztasun kulturalaren, hizkuntza-aniztasunaren, giza-eskubideen eta gutxiengoak babestearen arloan”.
Jarrera politiko abertzale eta ezkerrekoetatik esaten da eskubideen laburpen horretan ez dela herriren burujabetasunaren eskubidea aintzatesten. Baieztapen hori egia da, ez baita eskubide hori berariaz azaltzen. Baina EKIk ez du Nazioarteko Zuzenbideko inolako araurik ordezten, edo lekuz aldatzen, edo ez du horrelakorik aplikatzea ekiditen. Jakina, ez ditu Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala edo Eskubide Zibil eta Politikoen eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunak ekiditen, eta horiek guztiak herriek euren etorkizunari buruz askatasunez erabakitzeko duten eskubidea aintzatetsiz hasten dira. Areago esan daiteke, EKIko II. zatiko Hitzaurreak “baieztatu egiten ditu [...] aintzatetsita dauden eskubideak, bereziki [...] estatu kideek dituzten nazioarteko obligazio arruntak”. Argi dago hala Adierazpen Unibertsala nola arestian aipatu diren eskubide horiek Estatu kideen nazioarteko obligazio “arrunten” barrukoak direla.
Europaren eraikuntzan EKIk ekarriko duen aurrera egitea islatzen duen beste ezaugarri bat Batasunari berariazko nortasun juridikoa zuzkitzen dion manua da [ 6. art.]. Nortasun juridiko horri esker EB subjektu aktibo bihurtuko da nazioarteko esparruan eta gaitasuna izango du nazioarteko eskubide eta obligazioak izateko, itunak harpidetzeko eta Nazioarteko Eskubidearen barruan berariazko nortasun juridikoa duten izakientzat erreserbatuta dauden beste jarduketa asko egiteko. 2004ko urtarrilean egin zen Batzar Nagusiak onetsi zuen Txisten Politikoan esaten zenaren ildotik: “Nortasun juridikoa hartzean, nazioarteko harremanak eta merkataritzako akordioak ezar daitezke, estatukideen izenean. Onarpen juridiko-politiko horrek eskumenen eremuan subiranotasuna duen erakunde berria sortzen du; erakunde hori estatuetako erakundeekin eta, praxian, legegintzako eskumenak dituzten barne-erakundeekin partekatzen du, eta hori lehen estatuek soilik gauzatzen zuten”. Inolako dudarik gabe aurrerapen nabarmena da aurreko Itunekin erkatuta.
EBri nortasun juridikoa emateak badauka beste eragin bat ere, behin eta berriz aipatzen ari garen EAJ-PNVren Txosten Politikoan ere era egokian azpimarratu dena. Justizia Auzitegiaren jurisprudentziak adierazita zuen Erkidegoko Zuzenbidea Estatuen zuzenbide propioen gainetik dagoela edo horiekiko lehentasuna duela. Oraingoz behintzat EKIk jurisprudentziaren arloko abiaburu hori arau juridiko positibo bihurtzen du. Testuaren 10.1. artikuluan ondokoa ezarri da: “Konstituzioak eta Batasuneko erakundeek egozten zaizkien eskumenen burutzapenean onartzen duten Zuzenbideak lehentasuna izango dute Estatu kideen Zuzenbideari dagokionez”, eta horrek esan nahi du Zuzenbide Politiko klasikoko makina bat arau hausten dituela. Horrelaxe esaten genuen Txosten Politikoan ere: “Batasunaren Konstituzio Proiektuak eragin argia dauka estatuen subiranotasunean; izan ere, berezko nortasun juridikoa eskuratzean, EBtik sortutako zuzenbidea (Konstituzioak emandako eskumenen eremuan sortutakoa) estatuen barruko Zuzenbideari nagusituko zaio”. Hori da, jakin dakizuen bezala, Estatuko Kontseiluaren aburuz Espainiako Konstituzioaren 9.1. artikuluarekin bateraezina izan daitekeen idatz-zatia eta Gobernuak horri buruzko iritzia eskatu dio Konstituzio Auzitegiari.
3.4. Europako herritartasunaren kontzeptua sendotzea.
EBren eraikuntzaren prozesuan lehenengoz EKIk Europako herritartasuna aintzatesten du eta esaten du “nazio herritartasunari gehitzen zaiola, ordeztu gabe”; nortasun horrek eskubide zibiko eta politikoak eragiten ditu. Horrela, bada, EKIk bat egiten du Estatutu Politiko Berriaren proposamena bezalako irizpideekin, batak eta besteak herritartasun desberdinak bateragarri bihurtzeko formulak hizpatu nahi dituztelako eta erkidego anitzetan nortasun desberdinak elkarrekin bizitzea lortu.
Ematen dituen urratsen artean, ekimen herrikoiaren bidez, herritarrari aukera ematen zaio Europa mailako legegintzako ekintzak hasteko.
Aldi berean, Justizia Auzitegiaren eskumenen luzapenaren bidez, herritar europarrak berme judizial egokiagoak ditu.
3.5. Europa sozialera abiatuz.
EKIk, mentsak izan arren, aurrera egite txikia ekarriko du egunera arteko Itun guztien bidez urratsez urrats ematen ari den prozesu luzean, hots, gizartearen arloan sakontzeko aukera berria ematen duen bide luzean, kasu honetan Europa mailako gizarte politika hobea aplikatzeko oinarri berriak definitu dituelako, seguruagoak eta zehatzagoak.
Batasunaren helburuen artean kokatu ditu “erabateko enplegua” eta “gizarte aurrerapena”. Bere politikak betearazterakoan Batasunak kontuan hartu beharko ditu “enplegu maila altuaren sustapena”, “gizarte babes egokiaren bermea” eta “gizarte bereizkeriaren aurkako borroka” bezalako irizpideei lotuta dauden eskakizunak. Aldi berean kontuan hartu beharko ditu “hezkuntza, prestakuntza eta gizakiaren osasunaren babesaren mailak”.
Hori gorabehera funtsezko alderdi guztietan gizartearen arloko politika adostasunean dago finkatuta eta horrek mugatu egiten du garatzeko eta bere oinarriak burutzeko aukera.
3.6. Europa mundu osoari dagokionez bakea, askatasuna, justizia eta elkartasuna sustatzeko erreferente politiko bihurtzea.
Zoritxarrez Atzerriari eta Segurtasunari buruzko Politika Bateratuaren (ASPB) politikaren esparrua adostasun eta beto-eskubidearen kapitulurako erreserbatuta dago baina, hala ere, arlo honetan politikak bateratzeko nolabaiteko joera berrizalea gertatu da. Kanpo Gaietarako Europako ministroaren figura sortu da eta hori Batzordeko batzordeburuordea da. Batzorde-Kontseiluko kide izate horrek oro har kanpoko politikan betearazteko erantzukizuna ematen dio. Proposamenak aurkezteko ahalmenak ditu, Batasuna eskuordetzen du eta Kanpo Ekintzetarako Europako Zerbitzua izango du laguntzeko.
Euskaldunok, betidanik, hertsiki egiten dugu bat Europaren arima diren balore tradizionalekin eta benetan ahaleginak eta bi egingo ditugu ideia hau bultzatzeko, aldea global deitzen dugun hau eratzen duen mundu askotariko, konplexu eta elkardependiente honetan askatasunaren eta justiziaren oinarriak eskaintzeko eta bultzatzeko, alegia.
4. Izaki publiko azpiestatalentzat berariazko interesa duten berrikuntzak.
Estatuek uko egin diote EBren barruan egunera arte izan duen garrantzia baino askoz maila handiagoa izan behar duen gai honi buruzko eztabaidatzeari. Dena dela, berrikuntzaren batzuk aipa daitezke.
Erregioen Batzordeari onartu egiten zaio sorospidetzazko oinarria ez betetzeagatik Justizia Auzitegian errekurtsoak jartzeko legitimazio aktiboa. Ahalmen hori betearazteak zailtasunak ekar ditzake, baina, hori gorabehera, izatez kontsultarako den organo baten barruan ahalmen horren artikulazio operatiboa aurrera egitea da EBren barruan erregioen fenomenoaren erakunde mailako aintzatespenari dagokionez.
EKIk aukera ematen du –Maastricht-etik aurrera eraginkorra dena— erregioetako gobernuetako kideak estatuen ordezkari izan daitezen EBren Ministroen Kontseiluetan. Estatu espainiarrean ez da inoiz aukera hori gauzatu baina bai, ordea, benetan deszentralizatuta dauden beste herri batzuetan --besteak beste Alemanian, Austrian edo Belgikan— horiek aukera eman dietelako euren barruko erregioetako gobernuei Kontseiluko bileretan esku hartzeko eta estatu horiek eskuordetzeko, eta, hori ez ezik, baita bilera horiek zuzentzeko ere.
Azpimarratzekoa da, halaber, sorospidetzako oinarriak Batasuneko eskumenen betearazpenari dagokionez jasotzen duen tratamendua, lehenengoz aipatzen direlako, berariaz, erregio eta toki mailak, nahiz eta onartu behar artean bi maila horien eraginkortasuna estatu kide bakoitzak ondore horretarako ezarriko dituen konstituzioko manuen pentzudan egongo direla.
EKIren I.9.3. artikuluak hau ezarri du,
“Batasuneko estatuek, ez beren gobernu zentralaren bidez, ez eskualde- zein toki-erakundeen bidez, xede-ekintzaren helburuak ondo lortu ezin dituztenean, eta, xede-ekintzaren maila edo ondorioak direla-eta, helburuak Batasunaren bidez hobeto lortzeko modukoak direnean, orduantxe bakarrik, eta hein horretan, subsidiariotasun-printzipioaren arabera hartuko du parte Batasunak bere eskumen esklusibokoak ez diren eremuetan”.
Ezarpen hori Protokolo Gehigarri baten bidez osatzen da. Protokolo horretan ezarri da sorospiodetzako oinarri horren kontrolerako batasunaren legegintzazko ekintzen aurretik kontsultak egin behar direla “ eta kontuan hartu behar da, bidezkoa denean, aztertzen ari diren ekintza horien dimentsioa, erregionala zein tokikoa”. Kontsulta horietan estatuetako parlamentuek “legegintzako eskumenak dituzten erregioetako parlamentuak” kontsulta ditzakete. Beraz, nahiz eta astiro eta apurka-apurka izan, sorospidetasunaren oinarriak urratsak betetzen ditu EBren esparru instituzionalean. Ámsterdamgo Itunean harpidetu zenarekiko gertatu den aurrerapena benetan da argigarria, nahiz eta Estatuek jartzen dituzten eragozpen eta trabak, guk 1997an ere salatu genituenak, orduan bezala tinko aurrera jarraitu.
Gauza jakin batzuetan EKIk ez ditu artean onartzen honen gertuketaren prozesuan legegintzaren arloan eskumenak dituzten estaturik gabeko nazioek eta erregioek (RegLegs) egin dituzten planteamenduak. Halaber, ez dute inolako aurrerapena sustatu Europako Parlamenturako hauteskundeetan barrutiak dituzten estatuen azpiko erakunde publikoen aintzatespenari dagokionez. I-20 artikuluaren 2. atalak Europako Parlamentuko hauteskundeen atala arautu du baina oraindik ere estatu kideen eskuetan uzten du hauteskundeetako barrutien definizioarena.
Hori EAJ-PNVren eta Eusko Jaurlaritzaren beraren aspaldiko erreibindikazioa da; gogoan eduki behar da 1995ean Gobernuen Arteko Konferentziara igorri ziren eskarien artean legegintzaren arloan ahalmena duten erakundeei Justizia Auzitegian errekurtsoak zuzenean aurkezteko eskubidea aintzatestea zegoela. Eskubide hori, konstituzio mailan onetsita dauden estatuen azpiko erakunde hauek euren eskumenak defendatzeko mekanismoak eskuratzeari lotuta dagoena, ez da aintzatesten EKIn.
5. Konstituzioaren testuari buruzko hausnarketa estrategikoak.
Mugak asko izan arren EKI, maila objektiboan, urrats baikorra da Europaren eraikuntzan. Aurrerapausu honek aukerak ematen ditu jatorrizko itunetan eta horien hurrenez hurreneko eraldaketetan ezarri zenarekiko: Erroma, Agiri Bakuna, Maastricht, Ámsterdam eta Niza. Izan ere EKIk eskaintzen duen egoera estatu espainiarra Europako Erkidegoari atxiki zitzaionean zegoena baino egokiagoa da euskalduna bezalako erkidego politikoentzat.
Maastrichteko Ituna gertatu zenean EAJ-PNVk neurri oso positibotzat jo zituen mugak ezabatzea eta moneta bakarra. EKIk mantendu eta indartu egiten ditu bi ezaugarri horiek. Halaber, orduan era positiboan neurtu ziren Erregioen Batzordea eta sorospidetasunaren oinarria. Bi gai hauetan EKIk aurrerapen txikiak ekarriko ditu baina, txikiak izan arren, ez garrantzirik gabekoak. Batzordeari orain egunera arte ukatu zaion eskumena onartzen zaio: Justizia Auzitegian jarduteko aukera. Sorospidetasunaren oinarria indartuta azaltzen da EKIn. Hori da, hainbanaketaren oinarriarekin batera, Batasunaren eskumenen betearazpenean eraenduko duten bi oinarrietatik bat.
Ámsterdamgo Ituna harpidetu zenean (1997) EAJ-PNVren kritikaren zati handia Espainiako gobernuak sorospidetasunari buruzko adierazpen erantsia sinatzeari uko egin ziolako izan zen, hau da, orduan Austria, Alemania eta Belgikak sinatu zutena. Kasu honetan orduko adierazpen haren ardatza izan zen ideia zabaltzen da sorospidetasunaren oinarriari dagokionez ELIk egiten duen araupeketari esker, hain zuzen ere aintzatetsi egiten duelako oinarri horrek erregio eta toki mailak ere uki ditzakeela.
2004ko urtarrileko batza nagusian jeltzaleok onetsi genuen Txosten politikoan esaten denaren ildotik “Oraingo Konstituzio Proiektua bilakaera-prozesu baten testuinguruan kokatu behar da, eta prozesu horren protagonista nagusiak estatuak dira; era askotako borondateak mihiztatzeko lan konplexua da eta etorkizunean egin daitezkeen aldaketetara irekita dago, eta aldaketa horietan hartutako norabidea (erritmoak alde batera utzita) erabakigarria da proiektua zorrotz ebaluatzeko”. Beraz, EKIren azterketa estrategikoa, Europaren eraikuntzaren erritmoari ezartzen dion abiadura handiagoa edo motelagoa gorabehera eta bere helburuak ezartzeko erabiltzen duen anbizio handiagoa edo txikiagoa gorabehera, bilakaeraren ikuspegitik aztertu behar da.
EKI ez da behin betiko testua. Ez da argazki finko eta aldatu ezina. Nahiz eta Konstituzioaren izena jaso, maila teknikoan ez da. Ikuspegi juridikotik aztertuta Ituna besterik ez da. Horrek bidea ematen du, baldin eta behin betiko onesten bada, EKI gehien jota 6 edo 7 urteko epearen barruan berriz zaharberrituko dela pentsatzeko. Gauza bera gertatu zen Maastricht eta Ámsterdamgo Itunekin eta horixe bera gertatuko da EKIrekin ere. Uste dugu gaur egun bermatu egin daitekeela EBri konstituzio itxurako arkitektura bat zuzkitzeko bi hamarkada inguru beharko direla; hau da, Europako Agiri Bakuna onetsi zenetik egunera arte igaro den aldiaren parekoa.
5.1. EKIk Europa gehiago eta Espainia eta Frantzia gutxiago ekarriko digu
EBk gaur egun duen oinarriaren egitura politikoa eta juridikoa, zati handi baten, Estatuek lagapenean emandakoak dira eta horiek, betidanik, estatutasuna identifikatzen duten horietakoak ziren. Monetaren politikarik egituratu ezin duen estatua, bere segurtasuneko eta kanpo gaietarako politikak konpartitzen hasten dena, bere jarduketak barruko Konstituzioarena baino lerrun hierarkiko handiagoa duen Europako konstituzioaren etorkizuneko testuan aintzatesten diren oinarrizko eskubideei lotuta dituenak, estatu hori ez da, hitzaren zentzu klasikoan, burujabea. Integrazioak erabat aldatu ditu estatuak-nazioak, lehen subiranoak eta ahalguztidunak zirenak, eta egun goragoko egitura bateko estatu-kide hutsak dira.
Berariaz europarra den esparru politiko, instituzional eta eztabaidarako gunearen sendoketan aurrera egiten den neurrian EKI, argi eta garbi, Europa gehiago eta Espainia eta Frantzia gutxiago da. Guk hartu dugun ikuspegi historiko eta ebolutibotik ikusita aurrera egiten den urratsa da. Eta nahiz eta berez Konstituzio bat ez izan, Ituna baizik, konstituzio izateko duen asmo eta ideia horrek jauzi koalitatibo garrantzitsua dakar. Jakina, gako-izaera hori argi azaltzen zen gure 2004ko Txosten Politikoan, ondokoa azpimarratzen genuenean: “Europa eraikitzeko prozesu luzean eta zailean (merkatuaren batasunerantz eta jarduera ekonomikoaren liberalizaziorantz bideraturiko alderdiak nagusi izan dituen prozesua), Konstituzioa sortzea jauzi kualitatiboa da eta, Europako diru bakarraren ezarkuntzarekin batera, aurrerapausu handia da Europa instituzionalizatzeko fasean”.
Agian uste izan genezake EKIk eragiten duen aurrerapena txikia dela baina onartu behar dugu Erroma + Agiri Bakuna + Maastricht + Amsterdam + Niza + EKIren batura dela gerra ostean benetan jasanezina zen egoera hura egungo errealitate bihurtzea bideratu duena. Derrigorrez onartu behar da estatuen subiranotasun itxia nabarmen aldatu dela. Estatuen subiranotasunari, goitik hautsi denari, pitzadurak azaltzen zaizkio beheko aldean ere. Eta estatuz azpiko erakunde horietatik defendatzeko estatuen subiranotasuna aldarrikatzea, gaur egun Europan, Batasunari aurre egiteko aitzakia hori ematea bezain patetikoa da. Puntu honetara helduta onartu behar da aurrerapena ere ukatu ezina dela, nahiz eta guztiok aurrerapen sendo eta azkarragoa nahi.
Aldi berean ezin dugu ahaztu mugen desagerpenak euskal nazioaren eraikuntza ekonomiko, sozial eta politikoan izan duen eragin positiboa. 1993ko urtarrilaren 1era arte, Maastrichteko Ituna indarrean jarri zen datara arte, euskaldunok bereizten gintuen muga genuen eta muga hori benetako eragozpena zen pertsona, kapital, merkatugai eta zerbitzuen zirkulazio askerako. Horrelako baldintzetan benetan ezinezkoa zen gutxieneko integrazio eta batasuna duen nazio erkidegoa eratzea. Gaur, ordea, kontzeptu politikoari dagokionez muga ez dagoen zerbait da. Nabarmena da datu garrantzitsu honek Hegoaldea eta Iparraldearen arteko harremanetan egun lortu duen eragin erreala. Apurka-apurka baina etenik gabe azken bosturteko hauetan Bidasoa ibaiaren bi ertzak biltzen eta elkartzen dituen erkidegoa eratu da eta fenomeno hori maila sozialean, kulturalean, eta baita politikoan ere, islatzen da. Era egokiagoan edo ez hain egokian, artean iraganetik irauten duten muga mentalak eta soziologikoak daudela. nazioa eraikitzen ari gara. Agian komeniko litzateke geure buruei galdetzea ea Europako eraikuntza honek moteltzeren bat izango balu, edo atzera egingo balu, prozesu honek aurrera jarraituko lukeen.
Horregatik, bada, garrantzitsua da azterketa estrategikoa zintzotasun intelektual eta politikorik zorrotzenarekin egitea. Benetan asmoa eta helburua Europa osoan Ituna berrestea ote den, ukatzeko botoak Europa gutxiago ekarriko lukeelako eta euskal Europa zaleen eta jeltzaleen interesen kaltetan izango litzateke. Euskadik ez dauka arazo nazionalik Europarekin. Arazo horiek estatu espainiar eta frantziarrarekin ditu. Ondorioz, horien aurrean planteatu behar ditu bere erreibindikazio nazionalak. EBk ez du inoiz dudatan jarriko esparru honetan lortuko dena, horren eta estatu kideen arteko harremanen oinarria beti izan delako erakundeen autonomiaren oinarria.
5.2. Hizkuntzaren arloa EBan.
EBak hizkuntzen lehen maila bat aintzatesten du eta horren barruan sartzen dira Ituneko guztiak. Herritarrek hizkuntza horiek erabil ditzakete, Batasunarengandik jasotzen duten aintzatespen ofizial horren arabera, erkidegoko erakundeekin harremanak izateko eta eskubidea dute erantzunak ere hizkuntza horretan jasotzeko. Itunaren barruko hizkuntza horien kopurua, murriztu ez ezik, zabaldu egiten da bere hizkuntza duen estatu bat heltzen den bakoitzean.
Hizkuntzen bigarren maila bat dago, EBko organoen saioetan komunikatzeko erabiltzen direnak. Lanerako hizkuntzen izena dute. Murrizketa gertatzen da. Batzordean ohikoenak diren lanerako hizkuntzak ingelesa, frantsesa eta alemana dira, jakina, gainerako guztien kalterako. Lanerako hizkuntzen artean berariazko garrantzia du ingelesak. Europako Parlamentuan eta Kontseiluan 20 hizkuntza ofizial daude.
EKIk hirugarren maila linguistikoa ekarriko du, hau da, itunaren testua maila ofizialean itzuliko den hizkuntzena; hizkuntza horien balioa, sinbolikoagoa da erreala baino. Egunera arte euskara hirugarren maila honetan dago.
Euskara ezin da lanerako hizkuntza izan, ez du aukerarik maila horretara iristeko. Baina bidezkoa da ituneko hizkuntza izateko asmoa edukitzea. EKIko II.41.4. artikuluak ezarri du Europako herritarrek eskubidea dutela Europako erakundeengana euren hizkuntzan jotzeko eta erantzuna hizkuntza horretan jasotzeko. Euskaraz egiten duen herritar batek, hizkuntzaren arloko begirune eta berdintasunarekin konpromiso estua duen Europa mailako marko instituzional baten barruan, malteraz edo lituanieraz hitz egiten duen beste herritar batek dituen eskubide berberak izan beharko lituzke. Edo gaztelania edo frantsesa hitz egiten duen batenak. EKIren II.21.2. artikuluan aldarrikatzen den hizkuntzaren araberako bereizkeriaren oinarria era eraginkorrean betearazteko era litzateke.
Esparru horretan estatu espainiar osoan euskararen ofizialtasuna erreibindikatu behar dugu eta horrek berez Europaren aintzatespen ofiziala ekarriko luke.
5.3. EKI ez da eragozpena euskal jeltzaletasunaren erreibindikazioei dagokienez.
EKIren inguruan jarrera bat finkatzerakoan baloratu behar den beste alderdi estrategiko bat da, EKI onestekotan, euskal aldarrikapen nazionalek etorkizunean aurrera egiteko ateren bat itxiko ote litzatekeen.
EBren etorkizunari buruzko eztabaida politikoan, batzuek esan dute EKI bateraezina dela Euskadiren Estatutu Politiko Berriaren Proposamenarekin. Bada, gai honen oinarri juridikoa EKIren I.5.1 artikuluan dago:
“Batasunak estatu kideak Konstituzioaren aurrean berdinak izatea errespetatuko du, eta bai estatu horien funtsezko egitura politikoari eta konstituzio-egiturari lotuta dagoen nazio-nortasunaere, toki- eta eskualde-autonomiari dagokionetan barne. Batasunak estatuaren funtsezko egitekoak errespetatuko ditu, eta, bereziki, estatuaren lurralde-osotasuna bermatzea, ordena publikoa jagotea eta nazio-segurtasuna zaintzea xede dutenak”.
Transkribatutako artikuluak, berez, esaten du estatu kideek euren autonomia instituzionala gordetzea oinarrizko printzipioa dela EBren arkitektura politikoan. EBko estatuek oso lurralde egitura desberdinak dauzkate: estatu erabat zentralistetatik hasita (Frantzia esaterako), estatu federaletaraino (Alemania, Austria, Belgika). Horregatik, Europako Batasunak beti adierazi izan du estatu kideen barruko lurralde antolaketa estatu bakoitzaren erabakia dela, Europako Batasunaren interferentziarik gabe. Estatu bakoitzak bere barne antolaketa gura duen bezala eratuko du, eta EBk hor ez du zer esatekorik.
Horrenbestez, Espainiako Estatuak Konstituzioaren 1. xedapen gehigarria garatuko balu (jakina denez, xedapen horrek foru lurraldeen eskubide historikoak babesten eta errespetatzen ditu), Europako erakundeek berehala onartuko lukete haren jarrera. Espainiako Estatuak Eusko Legebiltzarrean eztabaidatuko den Estatutu Politiko Berrirako Proposamena onartuz gero, EBk ez lioke inolako oztoporik jarriko. Europa ez da Ibarretxe Plana deritzonaren aurkako harresia. Espainiak onartzen duena Europako Batasunak berehala onartuko luke ere berean.
Ipar Euskal Herriaz, esan behar da, Pirinioen alde bietan euskaldunok txanpon bera (euroa) izan genuen bezala, Euskal Herri osoan indarrean dagoen zuzenbide bakarra Europako Zuzenbidea dela. Izan ere, lotura historia, kultura, hizkuntza eta bestelako loturez gain, Ipar Euskal Herriak, Nafarroak eta Euskal Autonomia Erkidegoak Europako Batasunaren Zuzenbidea konpartitzen dute.
6. Ondorioak
n Dokumentuan, EAJ-PNVk EKIren aurrean izan beharreko jarrera aztertzen eta baloratzen da, arloz arlo: aurrekari historikoak (antzinakoak zein berrienak), EKIren eta EKI baino lehen Europaren eraikuntzan egin diren itunen arteko alderaketa teknikoa, eta balizko aukeren aurrean egin behar den hausnarketa estrategikoa.
n Erabakia ez da erraza; ezin da erraza izan. Besteak beste, EKIren testu honi ezin zaiolako modu argi, tinko eta ñabardura gabeko batez erantzun. Ez da Europako Federazio zaleen testua (EAJ-PNV horien artean dago). Ez da, bestalde, euskal nazioa Europaren barruan aitortua izan dadila eskatzen duten euskal herritarren testua. Baina testu honek, Europako integrazio handiago bateranzko prozesuan, norabide egokia eskaintzen digu.
n Manuel de Irujo azkar konturatu zen Europaren eraikuntzarako oinarri juridikoak zeintzuk izango ziren. Euskal abertzaleen gorabeherak azaldu zituen Hagako 1948ko batzarrean.
“Euskaldunek Herrien Europa zeramaten gogoan eta bihotzean. Baina jaiotzen ari zena ez zen Herrien Europa, Estatuen Europa baizik. Aguirre eta bere aldekoentzat, zalantza ez zen Europa bata ala bestea, baizik eta Estatuen Europa ala Europarik ez. Eta Estatuen Europa onartu zuten”.
Hausnarketa honek, eta Agirreren doktrina eboluzio-ikuspegi batean txertatzeak, Europaren proiektuari buruz izan dugun ibilbide argia ezaugarritu dute.
n Arrazoi sendoak daude esateko gaur eta hemen ezin zaiola EKIri ezetz biribila eman. Izan ere, aurreko itunen aldean, itun hau aurrerapena da, bai Europaren ikuspegitik, bai estatuen barruko errealitateei ematen zaien tratamenduaren ikuspegitik. Gainera, ezetza ematea ez letorke bat EAJ-PNVk bere historian (antzinakoan nahiz gaur egungoan) izan duen jarrerarekin.
n Pentsa daiteke abstentzioa ezezko bigun bat litekeela edo (ezezko biribila eman gabe) onarpen eza litekeela. Baina jarrera horrek ez luke aintzat hartuko testu honen aurrerapen objektiboa, eta ez litzateke bat etorriko antzeko egoeretan EAJ-PNVk bere ibilbide historikoan egin dituen analisiekin. Aurrerapen hau nahikoa ez izatea abstentziorako arrazoia bada, jarrera berbera izan behar genukeen Maastrichten eta, batez ere, Amsterdamen: izan ere, testu bi horiek oraingoa baino apalagoak ziren eta Madrilgo Kongresuan jelkideok aldeko botoa eman genuen. Eta zer esanik ez Espainiako Estatua EEEan sartzea erabaki zenekoaz.
n Esan beharra dago EAJ-PNVk Europako Batasunean izan dituen aldarrikapenetan (erabaki-prozesuetan parte hartzea, Europako hauteskundeetan barruti autonomikoa sortzea, hizkuntzaren ofizialtasuna, etab) ez dela Europa oztopoa izan, Madril eta Paris baino.
n Gainera, EAJ-PNVren jarreraren analisi zintzoa egiten badugu, ituna onartzea gura dugu, laster haratago iritsiko garelako itxaropenarekin. Europako estatuetako batzuetan testu honi ezetza emateak Nizako jarreretara bueltatzea lekarke eta, beraz, Europako eraikuntza prozesuan atzera egitea. Aitzitik, EKIri ezezkoa ematen bazaio, baliteke ere sortuko litzatekeen krisiaren ondorioz estatu batzuetan bestelako prozesu bat hastea, bi abiadurako Europa sortuz.
n EAJ-PNV alderdi Europa zalea da, eta bere lekua Europa barruan aurkitu nahi du, nazio gisa, mugarik gabeko espazio batean Euskal Herria batuz. Horregatik, argi izan behar dugu Europaren eraikuntza urratsez urrats egin behar dela, borondate asko eta desberdinen uztarketa nekeza delako.
n EAJ-PNVren jarrerak, halaber, kritikoa izan behar du. Bereiztu egin behar gara Europa gehiegi maite ez dutela ezkutatzeko euren interes indibidualak (hau da, interes espainiarrak, frantsesak edo britainiarrak) gogor defendatzen dituztenengandik, haiek Europaren eraikuntzan aurrerapen gehiago egitea oztopatzen dutelako. Europak segurtasuneko eta defentsako politika bakarra izatea, eta batasun benetan federala izatea galarazi nahi izan dutenenengandik ere aldendu beharra dugu. Europan erabakiak hartzerakoan estaturik gabeko nazioek eta legegintzarako eskumena duten eskualdeek parte hartzea galarazten saiatu direnengandik bereiztu beharra dugu.
n Nazio txiki batek ohiko estatuen espazioa gainditu behar du, munduan bere lekua izango badu. Apustu horretan asmatu beharra dugu beraz. Testua ez onartzeko arrazoiak eta argudioak egon litezke, eta errespetatu egin behar dira. Baina ituna, modu kritikoan bada ere, onartzeko arrazoi koalitatibo eta estrategikoak itunaren gabezia eta akatsak baino sendoagoak dira.
n EAJ-PNVk oker jokatuko luke testua mitifikatuz edo gehiegi goraipatuz. Izan ere, testua ez da erabat alderdiarena eta alderdiak ez du parte hartze garrantzitsurik izan testua idaztean.
n EAJ-PNVk EKIren alde dauzkan arrazoi nagusiak ikuspegi historikoan kokatu behar dira, norabide batean aurrera egiten baitu, eboluzionatuz, nazio-estatuen nazionalismo indartsuari aurre eginez, Europa federalaren eraikuntzarantz. Aurreko itunak (Erroma, Europako Agiri Bakuna, Maastricht, Amsterdam eta Niza) berrantolatu eta gainditu egin dira, gaur egungo itunarekin gertatuko den bezala.
n EAJ-PNVk ibilbide luzea du, Europaren Batasunari buruz hausnarketa serioak egiten hasi ziren baino lehenagotik. Schuman, Monnet, Adenauer eta De Gasperik Europako egitasmo federala sortu zutenean, gure erbesteratuen belaunaldia (Agirre, Irujo eta Landabururen gidaritzapean) hausnarketa hartaz elikatu zen eta bere ekarpena egin zion. Europaren egitasmoak bide horretan aurrera egin duen une historikoetan, EAJ-PNVk bere ekarpena egin du, betiere modu kritikoan, estatuek aurrerapen ausartagoak egiteko uzkur zirelako.
n Gaur egun, Europako egitasmo federala ez da utopia. Baina gutxienez bi hamarkada gehiago beharko ditu modu sendo batean instituzionalizatu arte. Antzina, errege-erreginen arteko ezkontzek eta gerrek historia errotik aldatzen zuten; baina gaur egun, mundu zibilizatuago honetan, historia eraldatzen duten proiektu komunetan oinarritzen diren aurrerapenek konpromiso txikiekin bakarrik egin dezakete aurrera.
n Europako Batasunak eta bere itunak gure herria bitan banatzen duen muga are gehiago desegingo dute. Beti txikienak kaltetu dituzten gerrak eta zapalketak gainditzen duen Europa bat sortzen jarraitzea ahalbideratuko dute. Estatu klasikoak espazio konplexuagoetan bihurtzera behartuko dituzte. Ez EAJ-PNVk gura lukeen abiaduran, baina bai izaera estrategikoarekin, Konstituziorako Itun baten bidez, gure nazio eraikuntzarako oztopo juridiko ez dena. Euskadi nazio gisa finkatzea Madril eta Parisen aurrean horren aldeko gizarte gehiengoak sortzean datza. Argi dago Europako Itun berri hau, Europaren eraikuntzan aurrerapausua izateaz gain, ez dela eragozpena etorkizunean euskal herritarren autodeterminaziorako borondatea gauzatzeko.
n Aurreko analisi eta hausnarketa horiek kontuan izanik, EAJ-PNVk uste du euskal herriarentzako erabakirik komenigarriena Europako Konstituziorako Itunaren (EKI) alde egitea litzatekeela.