Opinión
02Diciembre
2004
02 |
Opinión

Euskararentzako aukera berria

Opinión
Diciembre 02 | 2004 |
Opinión

Euskararen normalizazio prozesua une erabakigarrian dago. Normalizazio prozesuaren adierazle esanguratsuek moteltzea adierazten dute, Administrazioak euskalduntzeko plangintzek huts egiten dute askotan eta beste batzuetan ez dago plangintzarik. Ezagutzak aurrera egiten badu ere, ez da behar bezain ongi erabilpena sustatzen ari. Lan munduan, esate baterako, ez dago etiketak euskaraz egon daitezen sustatzeari begirako hizkuntz politikarik, ezta lantokiak euskalduntzeko plan seriorik ere enpresa bakar batzuetan salbu. Eusko Jaurlaritzak berak badaki, egindako ikerketa batek horrela dioelako, 2050. urtean izango dugun egoera ez dela hizkuntza normalizatu batena izango, beti ere, orain arteko politikak aplikatzen badira. Noiz arte segituko dugu helbururik betetzen ez duen plangintzarik aplikatzen? Noiz arte segituko du eskolak belaunaldi berriak euskaldundu gabe?

Normalizazio prozesuaren moteltzeari euskalgintzak pairatutako jazarpenak gaineratu behar zaizkio. Azkenaldian ugaritu eta gogortu egin dira eta beraz, euskararen normalizazio prozesuaren eragile batzuek jaso duten tratuak hizkuntzaren normalizazioaren aldeko mugimendu osoari eragiten diote zeharka; ekintza horiek ez dira puntualak, horren atzean estatu mailako eraso estrategikoa dago; zeregin horretan tresna juridikoak, politikoak, judizialak, ekonomikoak eta mediatikoak erabiltzen dira. Gogoan izan gaurkotasun osoko gaia dela, izan ere, bihar dira joatekoak Espainiako Auzitegi Nazionalera Euskaldunon Egunkaria-ren auzian auzipetutako zortzi lagunak.Horrek agerian uzten du behin eta berriz euskarak bestelako bultzada handi eta biziago bat behar duela, gizartea osatzen duten alde guztietatik etorriko dena. Eta horretarako behar diren ekimen politiko, instituzional eta sozialak indarrean jartzeko konpromisoa hartu beharra dago. Hamaika alderdi politikok eta sindikatuk egin dute dagoeneko lehenengo urratsa konpromisoak hartzeko bide horretan Akordio Soziopolitikoa sinatzearekin. Euskararen normalizaziorako konpromisoak hartzeko lana hasi besterik ez da egin; Bilboko Euskalduna jauregian joan den azaroaren bederatzian sinatu zena izan da abiapuntua. Euskararen normalizaziorantz pausoak emateko aukera sortu da. Jesus Uzkudun Euskadiko CCOOko Batzorde Exekutiboko kideak orain gutxi egunkari honetan esandakoari erantzunez, orain du euskarak aukera aurrera egiteko, orain da konpromisoak hartzen hasteko garaia. Bide estrategikoari ez dio unean uneko abaguneak baldintzarik jarri behar. Ez gaude galdutako aukera baten aurrean, Aukeraren aurrean gaude eta gurekin nahi zaituztegu, elkarlanean, besotik helduta tinko normalizazioaren bidean.

 

Euskarak ideia eta gatazka politiko ororen gainetik egon behar du; sinatu berri den Akordio Soziopolitiko hori edozein motatako eztabaida politikoren gainetik dago. Akordio hau ez da alderdi eta sindikatuen artean egon litezkeen desadostasunak konpontzeko tokia; desadostasun horiek politikarien eta sindikalisten esku utziko ditugu. Eraikitzen ari den agertoki politiko berrian euskararen normalizazioak funtsezko ardatza izan behar du, gainditu beharreko ikasgaia, desberdinen artean indarrak biltzeko aukera gehien eskaintzen duen gaia eta mesfidantza sekularrak gainditzeko botika baliagarria.Alderdi politikoak eta sindikatuak euskararen aldeko konpromisoak hartzera bultzatu dituen Kontseiluaren ekimen hau anitza, iraunkorra eta sendoa da. Akordio Soziopolitikoa sinatzeaz eta konpromisoak hartzeaz hitz egiten dugunean ez gara zigilu-ipintze hutsal batez ari; gizarte eragileak, instituzioak eta politikariak euskalgintzarekin batera, denak bat eginda, normalizazioan aurrerapauso nabarmenak emateko aukerak eskainiko ditu Akordio honek: gaur egungo proiektu eta programak indarberritzea, ofizialtasunaren garapena eta hizkuntz eskubideen bermea lurralde osoan ekarriko duten neurri legalak bultzatzea, normalizaziorako estrategikoak diren proiektu berriak abian jartzea, geure erakundeetan barne euskalduntze politika eraginkorrak sustatzea eta erabakimenik ez dugun instituzio eta erakundeetan euskararen alde aipaturiko neurriak har daitezen eraginez, eta horretarako egitasmoak bultzatuz. Hala, hizkuntz politikari dagokion lekua esleitu beharko zaio instituzioetan, Hezkuntza eta Unibertsitatea euskaldundu beharko dira eta lan munduaren euskalduntzea bizkortzeko egitasmoa abian ipiniko da. Bestalde, Akordio honek euskalgintza osatzen duten elkarte eta erakundeen bideragarritasuna eta iraunkortasuna bermatzeko bitartekoak ezarriko ditu, bitarteko administratiboak, juridikoak, ekonomikoak: erasoek eragindako kalteak arintzeko neurriak hartuko dira, gorabehera politikoetatik babesteko eta etorkizunean Euskalgintzaren lana zaintzeko neurriak hartuko dira, etab. Jarrita geratu da, beraz, konpromisoaren lehenengo harria. Hemendik, harriak bata bestearen gainean jarriz, lortuko dugu etxea eraikitzea, normalizatutako hizkuntza bat. Eta hori guztion ekinez lortuko da. Guztiona da, beraz, euskararen konpromiso

www.berria.info

COMPARTE