ETAk ERAGINDAKO ESTORSIOA DELA-TA EUZKADI BURU BATZARRAREN ADIERAZPENA
27Octubre
2004
27 |
Documentos EBB

ETAk ERAGINDAKO ESTORSIOA DELA-TA EUZKADI BURU BATZARRAREN ADIERAZPENA

ETAk ERAGINDAKO ESTORSIOA DELA-TA EUZKADI BURU BATZARRAREN ADIERAZPENA
Octubre 27 | 2004 |
Documentos EBB

Documentos EBB


Azken hamar egunotan ETAk hiru euskal enpresa erasotu ditu lehergailuak erabiliz. Eragindako kalte materialez gainera, sekulako kezka eta beldurra eragin dute enpresetako langile eta arduradunen artean eta baita lantegi eta etxebizitzetako bizilagunen artean ere.

Leherketa hauek izan diren egun beretan, beste zenbait enpresarik eta langilek ere hainbat mehatxu jaso dute. Mehatxatuak izan dira, Euskadin inbertsioak bultzatzeaz eta aberastasuna sortzeaz gainera, herri honek duen bizi maila hobetzeari ekiten dioten langile eta enpresariak.

 

Estortsioa eragiten duten eskutitz guzti hauen atzekaldean egoera benetan larriak daude. Kezka eta beldurra da nagusi familiengan  eta senitartekoak dira azken batean mehatxuak jasaten dituztenak. "Zerga iraultzailea" jasotzen duenak baino ez daki ondo zein kalte handiak sortzen dituen inguru guztian. Mehatxatutako pertsonen kontrako kalte zuzena da, baita euren familien kontrako ere, baina, aldi berean, jarduera ekonomikoaren beraren kontrakoa, eta, enpresetako langile eta familia guztien kontrakoa ere.

 

Azken egun hauetan gaiztotu egin den mehatxu-kanpaina honen aurrean, Eusko Alderdi Jeltzalearen Euzkadi Buru Batzarra osatzen dugunok  honako hau adierazi  nahi dugu:

 

1.- Gure elkartasunik sendoena  estortsioak, mehatxuak eta erasoak jasan izan dituzten enpresa eta pertsonen alde.  Biktimek argi izan behar dute euskal gizartearen gehiengo nagusiaren babes eta laguntasuna dutela.

 

2.- Enpresarien ekimenaren alde, eta Euskadin enpresarien egitekoaren alde, gure Alderdi honek duen konpromisoa adierazi nahi dugu. ETAk, bere ekintza terrorista finantziatu nahi izateaz gainera,  betidanik nahi izan du aurrerapenari eta euskal gizartearen garapenari guztiz lotuta dagoen giza-sektore hau kolokan jartzea. Guk, ordea, behin eta berriz azpimarratu nahi dugu euskal enpresarienganako konpromiso eta hurbiltasuna, batere zalantzari gabe onartzen eta aitortzen baitugu, langileekin batera gure gizarte honen hobekuntzan eta aurrerakadan egindako lana eta ekarpena.

 

3.- Mehatxatutako pertsonek egoera horretan egin dezaketen hausnarketa eta hartu ditzaketen erabakiak  begirunez hartu nahi ditugu. Eta dei egiten  diegu estortsiopean dauden pertsona guztiei xantaiari amore ez emateko, ETAren delituzko jardunbidea finantziatzeaz gainera xantaia bera ere atzeraezin bihurtzen duelako.

 

Estortsioa, xantaia eta mehatxuak egiteari utzi diezaiola exijitzen diogu ETAri. Behin betiko desagertu dadila eskatzen diogu. Argi izan dezala, oinarrizko askatasunak eta pertsonen duintasuna defenditzerako orduan aurrez aurre duela eta izango duela Eusko Alderdi Jeltzalea.

 

Eusko Alderdi Jeltzalearen Euzkadi Buru Batzarrak dei egiten die  alderdi politikoetako buruzagiei estortsio mafioso honen aurrean  isilik gera ez daitezen. Ezinezkoa da  elkartasuna eta begirunea landuko dituen gizarte solidarioa, pertsona guztiei zor zaizkien eskubide guztiak irmo defenditzen ez baldin badira eta gizartea ordezkatzen dutenek ez badute honelako ekintzen aurrean ezer esaten.

COMPARTE