Sozialisten Jaurlaritzak egiten ei dauden Jarduera Fisikoaren Euskal Planari ipini dion izena da Aktibili. Plan, dokumentu edo??? batek daki zer den!!, oraindik Bengoaren taldeko Aktibiliren arduraduna den Osasun Publikoko zuzendariak, berak ere ez daki zer den eta.
Hamaika galdera bideratu ditugu gure Legebiltzar taldetik gaiari buruz, guretzat benetan garrantzitsua delako. 18 hilabete behin eta berriro galdetzen eta dokumentazioa eskatzen daramatzagu.
Iazko uztailean egindako dokumentazio-eske bati erantzunez maiatzaren 3an egindako bilera baten akta bidali ziguten. Bilera hori udal eta diputazioei Aktibili aurkezteko asmoz egin zen. Esan behar, bilera hau "hauteskunde ekitaldi" bat izan zela -sozialistek "presentación institucional" deitzen diote-, kontuan badugu hilabete horretan Udal eta Foru hauteskundeak egin zirela. Zertarako egin batzarra udalak aldatuko baziren? Saltzeko, naiz eta zer saldu ez eduki. Eta gero berriro saltzeko, talde berriekin egindako bileran, naiz eta orduan ere zer saldu ez eduki.
Normalean proiektuak egin eta gero kaleratzen dira. Ba gobernu sozialistak ez eta Bengoaren taldeak ere ez. Eurek alderantziz egiten dute: lehenengo saldu eta gero ikusiko da egiten den edo ez. Begiratu: Aktibiliren lehenengo fasea proiektua plazaratzea da (ezer egin orduko plazaratu). Zelan izan litzateke Gobernu batek 9 hilabete -urtebete eskas- ematea egin gabe dagoen proiektu bat plazaratzen? Gero beste horrenbeste eman dute hemen azaldutakoa aurkezteko. Eta nik galdetuko nuke, zer da egin dutena orduan? Erantzuna betikoa da: ideia bat saldu, besterik ez.
Luze joan da denbora, aurten Osasun Publikoko zuzendariak bere agerraldian esandakoa esateko. Ziur nago pertsona asko saiatu direla laguntzen eta lan egiten, baina berak zuzendari arduradunak ez daki ezta zer den esku artean daukana. 18 hilabete bueltaka, urte bete baino gutxiago legealdia amaitzeko, eta oraindik "marko teorikoa" dela diosku.
Dagoeneko hiru urte galdu ditugu. Marko teorikotik ekintzara pasatzeko ordua zen. Marko teorikoa bazegoen: Aktibiliren sarreran zera aipatzen da: "Euskadin badugu jarduera fisikoari osotasunean ekiteko erreferentziazko hurbilpen bat, sektore eta erakunde arteko ikuspegiarekin Euskadin bideratutako Bizitza Osasungarrirako Estrategia (2008)". Ibarretxe Gobernuak, EAJk kudeatutako gobernuak martxan jarritakoa. Zergatik hasi berriro markoa egiten? zergatik ez pasatu ekintzara?
Euskadi aspaldidanik egon da Osasunaren promozioa eta prebentzioa sustatzeko ikerketak egiten. Adibide bat ipiniko dizuet: PEPAF proiektua "Proyecto Experimental de Promoción de la Actividad Física". Proiektu hori ebidentzia zientifikoan oinarritzen zen eta gure lurraldean egindako ikerketetan. Bestalde, 2009ko urtarrilean Eusko Jaurlaritzak Kirolen zuzendaritzak egindako Erkidegoko Kirol Ohituren inkesta aurkeztu zuen. Datu fresku-freskuak izan zituzten sozialistek esku artean Gobernura heldu zirenean. Baina ezinezkoa. Ez dira gai teoriatik praktikara joateko beharrezkoa den pausua emateko.
Zalantza dudala esan dezaket, baina egia esan ziur nago Gobernu Sozialistak ez duela sinesten plan, dokumentu edo dena delako honetan; ezta dokumentua egin duen Osasun sailak berak ere ez. Bestela ezin da ulertu Legebiltzarrean eztabaidatu berri den Inmigrazioaren III. planak ez dezala sartu Osasun Publikoko zuzendaritza beste sail eta zuzendaritza batzuekin harremanak aipatzen dituen zerrendan. Drogamenpekotasunen -adikzioen- VI. Planak ere ez du aipatzen Aktibili, hala eta guztiz ere beste amaitu gabeko hainbat testu aipatzen ditu.
Ez hori bakarrik, Aktibilik ez dauka ez aurrekontu-plangintzarik ez aurrekontu diru-izendapenik. Eta dirurik ez izatea, aitzakiarik onena da inork ezer egin ez dezan. Esatetik egitera asko doa, eta sozialistek ez dute egiten esandakoa eta oraingoan ere ez dute egingo. Berba hutsak.
Lópezen Gobernuari kudeatzea tokatu zaion garaiak, dokumentu operatiboa egitea eskatzen zuen eta proposatutako interbentzio guztiak bakoitzak bere aurrekontu diru-izendapena izatea. Eta zer da egin dutena? Eraginkortasun ezean jausi, egindakoa berriro eginez.
EAJ/PNVren ustez Osasun Publikoaren arloan prebentzioa bultzatu eta indartu behar da, eta bide horretan ariketa fisikoa funtsezkoa da. Horregatik defendatzen dugu, erakunde esparru ezberdinetatik eta esparru pribatuetatik, bizitza aktibo kontzeptua sustatzea. Behar besteko neurriak hartuta eta behar besteko baliabideak ezarrita.
Bestalde, gure ustez ariketa fisiko orokortua bultzatzea beharrezkoa da. Horretarako udalei laguntasuna, dirua eta baliabideak, eman behar zaizkie. Gure legebiltzar taldeak 2012ko aurrekontuei aurkeztutako zuzenketen artean bata horretarako zen, udal erakundeei diru gehiago emateko. Baina zoritxarrez talde sozialistak ez zuen onartu.
Plan honen -edo dena delakoaren- gauza bat nabarmendu behar da eta da oso ondo bistaratzen duela López Desgobernuaren lan egiteko modua: 9 hilabete oraindik egin gabe dagoen gauza bat saltzeko. Denbora gehiago ematen dute egin gabekoa saltzen interben-tzio eraginkorrak gauzatzen baino. Gobernu honen betiko estrategia: hurrengoak egin dezala!! Baina eurek egin, ezer ez!!
Ez duzue uste zentzugabekeri hutsa dela? Gure Legebiltzar taldearen ustez bai. Gobernu ezetik datorren zentzugabekeria. Horregatik diot, desgobernu honetan Aktibili ere ez dabilela.