Opinión
01Diciembre
2011
01 |
Opinión

Europa, erronka eta konponbidea

Opinión
Diciembre 01 | 2011 |
Opinión

“Niri behintzat ezinezkoa egiten zait Europari buruzko zalantzak izatea, nire erroak bertan baitaude Nahi izan ala ez izan, kultur europarra, gure osagaietatik nahiz kanpokoetatik abiatuta oratua, guztiona da, ez nirea bakarrik. Gure berezitasuna europartasunaren gorputzari usain eta kolore berezi bat ematen dion epidermis fina besterik ez da”.  Koldo Mitxelena.

Lisboan, 2007ko abenduaren 13an, sinatutako Hitzarmena indarrean ezarri zen Europa osoan zehar 2009ko abenduaren 1ean, oraintsu bi urte beraz. Europa, ezta ere mundua, ez da orain dela 50 urte bezalakoa. Globalizazioa dela eta Europak aurre egin beharko die halabeharrez sortzen ari diren erronka berriei, nola hala, denon harridurako den krisi ekonomiko gupidagabeari, demografiaren hazkundeari, aldaketa klimatikoari, energiaren arazoari eta segurtasunaren inguruko arazoei beste askoren artean. Estatuek beraien kabuz ezin dute, ezin ditzakete, beraiek banaka aipatutako  hiritarrek dituzten erronka berriei aurre egin. Auzolana beraz beharrezkoa da, eta are eta gehiago, bereziki, izango da. Baina horretarako Europak modernizatu eta gaurkotu beharko du derrigorrez. Tresna eraginkor, bizkor eta berriez hornitu beharko du bere burua. Eta hauxe erabaki zen Lisboan. Aldaketa zurrunbilo sakon eta iraunkor baten barnean aurkitzen gara guztiok, eta hala, aldaketa politiko, ekonomiko eta sozialak gure egunerokotasuneko gai astun eta ekidin gaitzak bilakatu zaizkigu, eta batzuetan tamalez oso. Egoera honen aurrean zer egin dezake Europak eta zer ez? zein tresnak erabili eta zeintzuk ez, eta nola? Eta bereziki, zeintzuk izan daitezke eraginkor eta onuragarrienak biztanleriarekiko? Eztabaidak ez ziren, ez, txantxetakoak izan Estatu ezberdinetako buruzagi eta agintarien artean. Norbere interesak, eta era larrian gainera, defendatu beharrean aurkitu ziren 27 gobernu buruak. Baina denok ados zeuden zerbaitean, hots, etorkizuna Europan datzala eta ez dagoela beste aukera edo irteera bermatu dezakeenik etorkizun oparoagoa. Dena dela, iritziak iritzi, arazoak arazo eta usteak uste, Europan aurkitu behar konponbidea. Baita ere euskaldunok.

Shuman, Adenauer, Monnet eta De Gasperi “Europaren aitzindariak” gogoan izateko garaia da. Baita ere Jose Antonio Agirre Lehendakaria, Irujo, Landaburu ea, zeren Europa eta euskaldunon arteko harremana ez da gaurkoa. Euskaldunok aspaldidanik begiratu izan diogu Europari eta berak suposatzen ziona edo liokeena Euskadiri. Euskal presentzia, euskaldunok Europan proiektatzeko ahalegina, urrutitik dator. Ordezkari euskaldunak izan ziren Europar Batasuna eratzeko prozesuan eman ziren une kronologiko garrantzitsuenetan: Londres, Luxenburgo, Paris, Brusela, Erroma, Westminster, eta abar luze bat dira euskal ordezkaritzen presentziaren eta lanaren lekuko. Eta gaur egun ezin ahantzi EB erabakiek geroz eta eragin gehiago dutela gure bizitzan, eta halaber Eusko Jaurlaritzak beregain hartutako eskumenetan eta gai desberdinen inguruko politika publikoen garapenean eta diseinuan dutela eragina. Erabaki europarrek eragin handia dute gure autogobernuan, eta horregatik Euskadik erakunde europarretan presentzia zuzena izateko aldarrikapena. Euskadi aspaldidanik dator EBko erabaki prozesuetan partaidetza handiagoa erreklamatuz.

Izan ere, etenik gabe eta pixkanaka, botere gehiago hartzen ari da EB, eta horrela, Euskadiren eskumenak ere bereganatzen ari da. EBren legediak zuzenean edo zeharka eragiten du euskal interes gehienetan. “Betiko” soberaniak kolokan daude, horra hor gaur eguneko krisi ekonomikoaren (Grezia) larritasunen ondorioek nola harrapatzen gaituzten gupidagabe.

Egun, Parisko Itunetik ia 60 urte, Erromakotik 54 eta Maastrichekotik 18 iragan direnean, ditugun arazoak mugen haraindian daude, baita ere arazo horiei eman beharreko irtenbide eta konponbideak. Arazoek, diagnosi konpartituek eta irtenbideek halabeharrez mugaz gaindikoa den izaera dute jadanik. Gaur egun, globalizazio gisa ezagutzen dugun horrek prozesu aldakorretan murgiltzen gaitu, eta prozesu horietan ez da ezer mantentzen bere horretan. Espazioak, bizi dugun gizarte industrializatu eta teknologikoki aurreratu honetan, dimentsio sozial berri eta desberdina eskuratu du. Eta distantziak, lanera, lo egitera, oporrez gozatzera eta abarrera joateko beharrezkoak diren lekualdaketen etorkizun hurbilenean izango dituen ezaugarri desberdinentzako pertzepzio berri bat ekarri du, interpretazio sozial berri bat du, bizitza partikularrari eta sozialari aurre egiteko moduan oihartzun zehatza baitu.

Ia ezer ez zaigu arrotza egiten. Kanpoalde gisa ezagutzen dugun horretan gertatzen den ia ezer ez zaigu ezezaguna egiten. Ez zaigu ezezaguna egiten duela gutxi gorabehera 25 urtetik EB kide izatea, eta ez zaigu ezezaguna egiten, ezta ere, herrialde kopuruak pixkanaka gorantz doazela. Ezer ez da arrotza inorentzat, ezta euskaldunontzat ere. Historiaren beharrak, zentzu horretan, apelaezinak zaizkigu. Gauza bakarra baita aldaezina, aldaketa bera.

COMPARTE