Ortuzarrek Sabin Etxean egin dio harrera Gustavo Ricardo Machíni, Espainian Kubako enbaxadore denari

EBBko presidenteak eta Kubako diplomatikoak adeitasuna nagusi izan den topaketan elkartu dira, eta Euskadi, Espainia eta Kubako egoera politikoari buruzko ikuskerak partekatu dituzte
Ortuzarrek Sabin Etxean egin dio harrera Gustavo Ricardo Machíni, Espainian Kubako enbaxadore denari
24 Apirila | EBB

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak gaur goizean Sabin Etxean egin dio harrera Gustavo Ricardo Machín Gomezi, iragan urtarrilean Kubako enbaxadore kredentzialak jaso zituenari. Topaketak ordu beteko iraupena izan du eta adeitasuna eta konfiantza izan dira nagusi. Ortuzarrek eta Machínek adostu dute Euskadik eta Kubak alderdi ekonomiko,sozial eta afektiboetan dauzkaten harreman estu eta sendoak indartzeari eutsiko diotela. Topaketa berean izan da Mikel Burzako EBBko Kanpo Harremanetarako burukide arduraduna eta Edelys Santana Cruz, Kubako Madrilgo Enbaxadako lehen idazkaria. Halaber, Ortuzarrek Machínekin partekatu ditu ETAk maiatzean behin betiko desagertzeko hartu duen erabakiari buruzko azken albisteak. Kubako enbaxadoreak,bere aldetik, jeltzaleen buruari eman dio ezagutzera iragan astean irlan egin diren aldaketak, Kubako Batzar Nazionalak Miguel Díaz Canel aukeratu duelarik nazioko presidente, Raúl Castroren ondorengo gisa. Díaz-Canelek bere aurrekarien bidetik jarraitu nahi du iraultzari dagokionez eta bere aurrekoak eredu ekonomikoa eguneratzeko hartu zuen bideari dagokionez.

Ortuzar eta Machínek Euskadin eta Espainiar estatuan eta Kuban bizi den egoera politikoa aztertu dute. Jeltzaleen buruak Kubako diplomatikoari adierazi dio EAJ-PNVk Espainiak pairatzen duen estatu ereduaren krisiari buruz daukan ikuskera, gaur egun krisi horren adibiderik argiena Katalunian bizi den gatazka politikoa delarik. Ortuzarrek Machini azaldu dizkio Eusko Legebiltzarraren baitan Autogobernu Lantaldean Euskadirentzako Estatus Berria adosteko egiten ari diren lanak Estatus hau ahalik eta alderdi politiko gehienek babestua izan dadin Gorte Nagusietako izapidera eraman aurretik. Euskal ekonomiaren garapen azkarra, gure industriari ematen zaion bultzada eta Euskadin daukagun gizarte babesa ere izan dira elkarrizketan atera diren gaietako batzuk.

Era berean izan dute hizpide Euskadi eta Kuba arteko harreman estu eta sendoak. Ortuzarrek eta Machínek gogora ekarri dituzte José Antonio Ardanzak eta Juan José Ibarretxek irlara egin zituzten bisitak. Era berean gogoratu dute Fidel Castro komandanteak 1998an EAJ-PNVren ordezkaritza batekin izan zuen topaketa,une hartan ordezkari jeltzaleak Joseba Egibar, Josu Jon Imaz, Iñaki Anasagasti,Xabier Albistur eta Ricardo Ansotegi izan zirelarik. Biek azpimarratu dute EAJk eta Eusko Jaurlaritzak irlarekiko harremanei eta solaskidetzari eusten jakin dutela 1996 urtetik aurrera Helms-Burton Legea onartu eta indarrean jarri zenean edo José María Aznarrek Europako Batasunetik bultzatu nahi izan zuen blokeoaren aurrean ere. Ortuzarrek eta Machínek hitzeman dute,halakoetan bezala, Euskadi eta Kuba lotzen dituztenak harreman horretatik kanpo dauden beste interesen gainetik egongo direla. Machinek oso parte hartze handia izan zuen Kubako exekutiboak Barack Obamaren gobernuarekin izan zituen elkarrizketa prozesuan, zeinen bidez nazio bien arteko harremanak berrezartzeko akordioa izenpetu zen. Prozesu hura itxi zen Obamak La Habanara 2016ko martxoan egin zuen bidaiarekin, ordukoa izan zelarik AEBko presidente batek 88 urtetan irlara egin zuen lehen bisita.

PARTEKATU