Prentsa Aretoa

Berriak

2018/04/18

Ortuzarrek baieztatu du EAJk ontzat hartuko duela 155a eta Kataluniako krisiaren judizializazioa urruntzen lagunduko duen edozein “keinu politiko”

EBBko buruak berretsi du bere alderdia Estatuko Aurrekontu Orokorrak negoziatzeko prest egongo litzatekeela baldin eta Kataluniako salbuespen egoera kenduko balitz,baina iragarri duenez Aurrekontu hauetan “gauza batzuk aldatu beharko lirateke” eta aurreratu du zentzu honetan lehenetsiko liratekeela “Euskadirentzat eta oro har onuragarriak izango liratekeen planteamenduak”.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, baieztatu du EAJ-PNVk “ontzat” hartuko dituela hurrengo astean zehar Kataluniako politika “berrabiatzeko” eta judizializazioa urruntzeko “keinu politiko” guztiak; era beran ohartarazi du bere alderdiak norabide horretatik urrunduko diren edo 155.aren aplikazioa iraunaraziko duten jarduera guztiak “gaitzetsiko” dituela. Cadena Ser irratiari eskainitako elkarrizketan, Ortuzarrek berretsi du jeltzaleek aurrekontuei buruzko negoziaketari uko egiten jarraituko diotela 155.ak Katalunian indarrean dirauen bitartean, “gure kontrako erasotzat bizi izan dugulako”. Hala ere, jeltzaleen burua baikor agertu da eta espero du Kataluniako egoera politikoa hurrengo egunotan normalizatzea. 155.a indargabetua izateaz galdetuta, Ortuzarrek berretsi du jeltzaleak kontuak negoziatzera sartzeko prest egongo litzatekeela, baina argi utzi nahi izan du 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan gauza batzuk “aldatu “ beharko liratekeela EAJ-PNVk bere babesa eman diezaien. Euzko Alderdi Jeltzaleak argi dauka “Euskadirentzat eta oro har onuragarriak izango liratekeen planteamenduak” jaso beharko dituela.

Ortuzarrek aitortu duenez EAJ-PNVri “deseroso” egiten zaio bost diputatu jeltzaleen bizkar gainean “Espainiako etorkizun politikoaren zama” jarri nahi izatea, bost diputatu horien botoak “ezinbesteko” jo direlarik Estatuko Aurrekontuak aurrera ateratzeko. Ciudadanosek eta oposizioko gainerako alderdiek aurrekontuak “kotoiaren proba” gisa aurkeztu dute oraingo legealdiak izan dezakeen etorkizuna neurtzeko: Aurrekontuak onartzen badira ematen du legealdiak jarraipena izan lezakeela; Aurrekonturik ezean ematen du legealdiak amaiera malkartsua izan lezakeela”. Ortuzarrek ulertzen du erabaki hori ez dagoela EAJren esku, gai honi buruzko jarrera ezartzerakoan, Espainiako eta Kataluniako egoera politikoa aztertu duela gogoratuz. “155. artikuluaren aplikazioa oso larria eta mingarria da, eta ez dugu ulertzen. Gu alderdi instituzionala gara, gobernatzea xede duen alderdia, abertzalea eta euskalduna, eta Katalunian aplikatu den 155.a gure kontrako erasoa balitz bezala bizi izan dugu ,han aplikatu dena guri eta hemen aplika litekeelako. Halako neurri bat ez zen sekula aplikatua izan behar. Guk esan dugu 155 a ez dugula gustuko”, esan du, 155. artikulua indarrean dagoen bitartean jeltzaleek kontuak negoziatzeari uko egiten diotela berretsiz.

Ortuzarrek ez dio garrantzia eman nahi izan EAJ Estatuko Aurrekontu Orokorrei osoko zuzenketa aurkezteari edo ez aurkezteari, horretarako epea ostiralean amaitzen delarik, eta une erabakigarria aurrekontuen bozketa izango dela esan du,hau da, apirilaren 25ean,osteguna . “Aste bete daukagu. Aldi horretan gure esku dagoen guztia egingo dugu gauzek funtziona dezaten, egonkortasuna egon dadin, arazo eta gatazka politikoei irtenbide politikoak eman diezazkieten. 155.a indargabetzera hurbilduko den guztia ondo baloratua izango da eta norabide horretatik urruntzen den edo 155.a iraun araztera bideratutako guztia gaitzetsia izango da. Osoko zuzenketa aurkeztuko dugun ala ez, bihar bertan erabakiko dugu”, baieztatu du.

Ortuzarrek salatu ditu Espainiako eta Kataluniako politikan gertatzen diren “anomaliak” eta Kataluniako erakundeak berrezarriko dituen Govern-a eratzeari jarri zaizkion “eragozpenak”. “Gobernua eratzen saiatu diren bi hilabete eta erdiko aldi honetan hainbat interferentzia eman dira. Gaur  preso dauden Kataluniako ordezkari politikoak deklaratzen ari dira. Hori anomalia bat da Estatu demokratiko batean” . Hala ere, jeltzaleen buruak Kataluniako alderdietan antzeman du “albait arinen Govern bat izateko beharra, eta uste dut hori ona dela Generalitatea Kataluniako ordezkari legitimoen eskuetan egon behar duelako, zilegitasun osoz eta demokratikoki aukeratutako ordezkarien eskuetan. Abenduaren 21ean hauteskundeak egin ziren eta Kataluniaren erradiografia egin zen. Horrela gertatzeko ahalegina egingo dugu, eragozpenik egon ez dadin, judizializazioa baino, politika bizkortuko duten keinu politikoak egon daitezen. Esaten da politika dela “zigor eta sari jokoa”: sariaren momentua heldu da, zigortzeari uztearena. Gauzak erraztu egin behar dira eta bideak erraztu behar dira, ez dira oztopoak jarri behar. Orain arte, bidea erraztu baino, oztopoak baino ez dira jarri”.

Kazetariak galdetu dionean 155.a indargabetzea nahikoa ote litzatekeen EAJk Aurrekontuak babes zitzan, Ortuzarrek argi baino argiago erantzun du. “ Ez. Hori gertatuko balitz, negoziatzen hasiko ginateke, Aurrekontu hauetan gauza batzuk aldatu behar direlako. Negoziatzera sartzekotan gauza batzuk aldatu beharko lirateke”. Aurrekontuak PPrekin eta Ortuzar horren txarto moldatzen den Ciudadanosekin batera onartzeak arduratzen ote dion galdetuta,  jeltzaleen buruak esan du bere alderdiaren jarrera ez dagoela bere gustu politikoaren mende, inportanteena delako Aurrekontu horrek “ Euskadirentzat eta ,oro har, planteamendu onuragarriak jasotzea”.

Ortuzarrek bai aitortu du kezkatuta dagoela inkestek Ciudadanos taldeari eman dioten gorakadarekin. “Alderdi horrek Espainiaren ikuskera murritza dauka, besteon aniztasunarekin bateraezina. Euskaldunak ez ditu gustuko. Euskadin gauza bat dago denak batzen gaituena, eskumakoak, ezkerrekoak, abertzaleak eta abertzale ez direnak, eta gauza hori dira gure Eskubide Historikoak, forutasuna, Ekonomia Ituna. Riverak eta bere alderdiak hori dena ezabatu nahi dute eta, gainera, gezurretan ari dira pribilegioa dela esanez, insolidarioak garela baieztatuz…. Eta hori gezurra da, faltsua da, baina esan egiten da eta erraz heltzen da oso egoera txarrean dagoen Espainiara, beharrean dagoen gizartera, `euskaldunak solidarioagoak balira..” eta `Ekonomia Ituna izango ez balute...´ behin eta berriz entzuten ari den horretara. Ez gara bere gustukoak. Albert Riverari ez zaio gaur egungo Espainiako Konstituzioa gustatzen gure Eskubide Historikoak Espainiako Konstituzioak babesten dituelako, Euskadiko Ekonomia Ituna Konstituzioaren barruan dago, Kataluniako Autonomia Estatutua Konstituzioaren barruan dago, baita gure Estatutua ere”.

Jarrai ezazu Gurekin
Next Euskadi
Aberri Eguna 2018

  Agenda

2018/05/25 08:30

Jokin Bildarratz

   Onda Vasca 

2018/05/25 08:30

José Antonio Suso

   Radio Vitoria 

2018/05/25 08:30

Itxaso Atutxa

   Bizkaia Irratia 

YouTube

Twitter

Facebook

Flickr

Andoniren Bideobloga

Elkarrizketak - Gure Burukideak
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA