Prentsa Aretoa

Berriak

2018/05/10

Ortuzar: “Zentzugabekeria galanta da EAJk ETAren ibilbide orriari jarraitzen diola esatea: Euskadiko PP urduri dago ezerezean geratzearen beldur”

EBBko presidenteak Borja Sémperren baldarkeria politikoa salatu du: “Zure nagusiek Estatuko Aurrekontu Orokorrak negoziatzeko asmotan ate joka datozenean, zer esango diet nik? Zer dela eta ETAkoekin negoziatzera ote datozen?”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

Oharra: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, argi eta garbi erantzun dio gaur Bilboko Herri Irratiari eskaini dion elkarrizketan egin dioten lehen galderari. Hauxe zen gaia: “Atzo EAJri deitoratu zitzaion ETAren ibilbide orriari jarraitzen diola Autogobernu Lantaldean atarirako aurkeztu duen proposamenarekin. Borja Sémperrek Kanboko Estatutuaz hitz egin zuen”. Eta hauxe da Ortuzarrek eman duen erantzuna. “Zentzugabekeria galanta. Polemika artifiziala, prefabrikatua. Astelehenean Eusko Legebiltzarrean aurkeztu genuen Estatutu berrirako proposatzen dugun ataria. Baten batek papera filtratu zuen eta asteartean gure paperaren bertsio okerra agertu zen. Eta atzo bertan konturatu ginen polemika artifizial hori eta filtrazio hori PPren eskutik egin dela: Sémper baldar hutsa izan zen eta argi eta garbi erakutsi zuen bere baldarkeria. Zergatik egiten du hau PPk? Uste dut harrika ari dela bere buruaren kontra. EAJ eta ni neu, Andoni Ortuzar, Rayoyrekin hitz egiten dugun berberak gara, Kanbora joan ginenak eta EBBren bileran paper hori bidaltzea erabaki genuen berberak. Gu berberak gara, ez gara aldatzen. EAJrekin arazo hori daukatenak Sénper jauna edo Euskadiko PP alderdia dira, ez dakite haizeak nondik jotzen dien. Ikusi egin dute Euskadin legebiltzarretik kanpo geratuko den alderdia izateko bidean daudela eta urduritasuna ez da bidelagun ona. Gure agirian, ezer berririk al dago? Ezer ere ez. Erabili ditugun terminoak dira Lantaldean aurkeztu ditugun agiri guztietan erabili ditugunak, hau da, EAJren agirietan. Inork pentsatu al du EAJk ez duela Euskadi nazio dela esango?, edo ez duela aldebiko harremanaz, egoera konfederalaz, euskal autogobernuarentzat aldarrikatzen dugun errespetuaz hitz egingo?”, galdetu du jeltzaleen buruak.

Ortuzarrek erantzun die Euskal Herriaren definizioarekin edo atarirako proposatu duten testuan Nafarroaz egin den aipamenarekin horrenbeste harritu direnei. “Orain Partido Popularreko jaun andreak dira Gernikako Estatutuaren defendatzailerik sutsuenak. Beno ba, Gernikako Estatutuan, 1 eta 2. artikuluetan, Euskal Herriaz hitz egiten da eta Nafarroaz hitz egiten da. Azken agiri honetan, gu ez gara Gernikako Estatutuak jasotzen duenetik milimetro bakar bat ere aldendu, Gernikako Estatutuan gauza batzuk oso ondo daudelako eta dauden bezala utzi behar direlako. Gernikako Estatutua honela hasten da : “Euskal Herria…”, eta gero hitz egiten da Euskal Herri honen subjektu politikoaz. Eta esaten du Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta, bere kasuan, Nafarroa. Hori gaur egungo Estatutuak jasotzen du. Estatutu hau, izan ere, erregeak izenpetu zuen, Diputatuen Kongresuak ontzat eman zuen eta, garrantzitsuena dena, erreferendumean bozkatu zuen euskal gizarteak. Beraz, zertaz ari gara? Zein da EAJ honen inguruan egin duen bekatua? Bat ere ez, polemika artifiziala sortu da PPri interesatzen zaiolako EAJ mendira igo dela erakustea”. Eta polemika interesatu hau elikatzeko aukeratu den momentua gaitzetsi du. “Baldar-baldarrak dira eta denborak ere ez dituzte ondo aukeratzen. Datorren astean, Madrilgo nagusiak EAJrengana etorriko dira ate joka, gure botoak eskatuko dizkigute aurrekontuak babesteko eta beraiekin negoziatzen esertzeko eskatuko digute. Eta, zer esango diet nik? Kanbokoa naizela? Zer dela eta ETAkoekin esertzen ote diren? Hori al da Borja Sémperrek nahi duena? Zentzuduna ote da hori? Harrika ari da bere buruaren kontra. Nire ustez baldarkeria politiko hutsa da”.

Ortuzarrek ukatu du atzoko Autogobernu Lantaldetik batzuek atera nahi izan duten ikuskera ezkor eta gatazkatsua. “Atzoko bileran erabilitako tonua eskertzen du, adeitsua izan zen eta edukietan aurrera egiteko modukoa ere bai. Podemos, Bildu eta Alderdi Sozialistaren jarrerak eskertzen ditut, beren kontrako iritzi batzuk adieraziz baina negoziatzeko prest. Pottoki marmartiaren antzera, bazter batean geratu den bakarra, Partido Popularra izan da, ez baitu besteekin hitz egin nahi. Besteok hitz egiteko prest gaude eta hitz egiten jarraituko dugu. EAJk bere papera aurkeztu du, baina EAJk jakin dakin besteekin hitz egin behar duela eta, ahal bada, negoziatu ere bai. Gure asmoa zein den? Akordioan indar politiko guztiak egon gaitezela, negoziatzeko ahalegina egin dezagula. Eta, jakina, nik Partido Socialista Obrero Español alderdia egotea nahi dut, Podemos, Bildu eta Partido Popularra ere egotea nahiko nuke, baina ematen du Partido Popularrak ahalegin hori dinamitatu nahi duela. Inork espero ez dezakeena da, EAJrengandik hasita, bere jarrerak maximoak eta minimoak izatea, orduan ez delako negoziaketarik egiten. Guk zer proposatzen dugun? Denok apur bat mugitzea. Behar bada, irtengo denak ez ditu abertzaleen aurreikuspen guztiak beteko, baina guk maximo batzuei uko egin beharko diegun modu berean, batzuek beren minimoak gainditu beharko dituzte. Elkarrengana hurbildu beharra dugu. Akordio bat eman dadin eta denok barruan hartzeko jarrerak hurbildu behar dira, amore eman behar da, eta hurkoa ulertu behar da. 79an horrela egin zen eta lortu egin zen. Zergatik ez ote gara orain ere saiatuko?”.

Ortuzarrek era berean aipatu du Nafarroan sortu den hika-mika, non PPk eta UPNk eskuak burura eraman dituzten, antzezkeria itzela eginez, Euskal Herria deskribatzeko orduan Nafarroa aipatu delako. “Hori da artifizialtasuna bider bi. Esango nuke gure agiriak Gernikako Estatutuan Nafarroari buruz egiten den aipamenak baino errespetu handiagoa erakusten duela. Guk esaten duguna da subjektu politiko bat dagoela, Euskal Herria, bi Estatutan zatituta dagoena eta, gero, hiru errealitate administratibotan. Guk Nafarroako Gobernua aitortzen dugu, Nafarroaren erakundetzea, eta batez ere, onartzen dugu Nafarroa izatea Nafarroako emakume eta gizonek erabakiko dutena. Zein da arazoa? Non dago? PPk edo UPNk Nafarroa Espainia dela esaten dutenean gu kexaka arituko bagina bezala. Nafarren borondatea errespetatuko al dute? Hor dago koxka, Nafarroako emakume eta gizonen borondatea errespetatzea. Guk erabat errespetatzen dugu.

EBBko presidenteari era berean galdegin diote EAJk Gobernu Zentralari pentsioen inguruan atera zion akordioaz eta pentsiodunen kolektiboek egiten dituzten aldarrikapenaz. “Guk kolektibo sozialen aldarrikapenak ulertzen ditugu, baina gidoia aldatu dutenak dira pentsioen elkarte batzuk, hauxe ez da hasierako gidoia. Guk egin genuena izan zen Madrilen beren hasierako aldarrikapenak negoziatzea, hau da, KPIa, iraunkortasun faktorea eta alargunen pentsioak. Gai horiek, pentsiodunen lehen aldarrikapenak, lortu egin dira eta, kontuz!, aurrekontuen negoziaketa honetan lortu ahal den gauza bakarra delako. Gero etorri da 1.080 euroko aldarrikapena, guztiz zilegi dena, baina ez zegoen hasiera batean eta guztiz ezinezkoa da aurrekontuei buruzko negoziaketan lortzea. Horretarako sistema osoa goitik behera aldatu behar da, eta gu Toledoko Itunean denetaz eta alderdi guztiekin hitz egiteko prest gaude. Nik pentsiodunei galdetuko nieke zeinek ekarri dien EAJk lortu diena baino gehiago. Ez daitezela sirenen katuekin liluratu, ez dakit zer eta ez dakit nola ekarriko dietela esanez, baina ez diete ezer ere ez ekartzen. Gu, apal-apalik, Rajoyrengandik lortu dugu pentsiodunek hasieran aldarrikatzen zuten guztia”.

Jarrai ezazu Gurekin
Next Euskadi
Aberri Eguna 2018

YouTube

Twitter

Facebook

Flickr

Andoniren Bideobloga

Elkarrizketak - Gure Burukideak
PDE-EDP
ADIERAZPENA
Europa: Krisialditik Itxaropen Berri baterantz. 
Berrantolatzeko garaia.
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA