Hamar urte Montxo Doral erail zutela

Hainbat senide eta adiskide gaur eguerdian bildu dira Irungo Blaia hilerrian, orain dela hamar urte ETAk erail zuen Montxo Doral ertzain eta jeltzale zenaren omenetan. EGIko gazte batek irakurri duenez gero, “bere bekatua goitik behera abertzale izatea izan zen” eta horregatik erail zuten. Aldi berean gogoratu du Doral eredu dela “profesional gisa, abertzale gisa eta pertsona gisa, irmoa bere usteetan, bere aberriari, Euskal Herriari, eta bere familiari eskainitako bizitzarekin”.

Hamar urte Montxo Doral erail zutela 05Martxoak
2006
2006 MartxoaK 05 |
Berria

PARTEKATU

Irun eta Hondarribiako Uri Buru Batzarrek eratutako ekintza honetan, Cristina Sagarzazu alargunak parte hartu du, baita zenbait senidek eta adiskidek ere, Josu Jon Imaz Euzko Alderdi Jeltzalearen EBBren lehendakaria eta Joseba Egibar GBBren lehendakaria tarteko. Bertan ere izan dira Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Laguntzarako Bulegoaren zuzendaria, Borja Jauregi Hondarribiko alkatea, ELAren Komunikazio Arduradun German Kortabarria eta hainbat ertzainburu.
 
Ekitaldiaren zehar lore-koroak jarri dira Montxo Doralen hilobi gainean, gutuna irakurri haren gomutaz eta gorasarrez eta, azkenik, “Euzko Gudariak” eta “Euzko Abendaren Ereserkia” abestu.
 
 Apurtutako bizitza bat
 
Euskotarrak:  bizitza gazte bat hautsirik, bat-bateko zoritxar batek are tristezia eta etsipen handiagoz betetzen gaitu bere absurdoaren aurrean. Zein misterio dago hemen, zer da gizakia eta zer da bizitza, hain ustekabean bukatu daitezkeenak?
 
Gaur Jaungoikoarengana jotzen dugu, ez azalpen bila, baina bai argi eske. Eta Jaungoikoak bere semea aurkeztuz erantzuten digu, hura ere gazte hildakoa, eta, sinestezina badirudi ere, ongia egiteagatik hildakoa.
Baina Jaungoikoak berpiztu zuen eta, hain zuzen, argi horrekin azaldu behar ditugu gure absurdoak, eta bizitzara buelta daitekeen Jaungoiko horren indarrean fidatu behar gara. Besteenganako ardura eta dedikazioz bizi izandako bizitza herioatzarekin bukatzen ez denaren uste sendoa dugu.
 
Horrelakoa zen eta horrelakoa da Montxo gure memorian: pertsona duina, irmoa bere usteetan. Bere aberriari eskainitiako bizitza bat izan da, Euskal Herriari, bere familiari, eta horrek jarraitu beharreko eredu bihurtu du.
 
Bere bekatua goitik behera abertzale izatea izan zen, buruz eta bihotzez abertzale, horregatik bere altxorrik preziatuena lapurtu zioten, bizitza; euskal gizarteaz arduratzeagatik, bere osotasunean, haren ongizatearengatik, haren segurtasunagatik.
 
Montxo: guretzat eredua zara, profesional gisa, abertzale gisa eta pertsona gisa. Ez zaitu inork ahazten eta ez zaitu ahaztuko. Bihotzean eramaten zaitugu. Gurekin zaudela badakigulako, gu laguntzen, zauden tokitik.
 
Lore batzuk jarriko ditugu, naturaltasunaren, edertasunaren, alaitasunaren eta oroimenaren ikur gisa. Lore horiek hazi ziren hasiera batean, baina pixkanaka erne dira, gaur egun diren lore oso eta ederrak bihurtu arte.
 
Gure aberria, Euskal Herria, lore erraldoi eta ederra da gaur egun, euskaldun guztion ureztatzeari esker haziz joan dena. Lehorteak eta ekaitzak gainditu ditugu eta, hemendik aurrera, zalantzarik gabe, haziz eta borrokatuz jarraituko dugu, gero eta ederrago eta duinago bihurtuz.
 
“Euzko Gudariak” gure identitatearen baieztapen eta gure askatasun nahiaren adierazpen kantua da, eta zuk, Montxo, biziki maite zenuen. Horregatik, zure omenez, anai abertzaleak garelako, gure ahotsak batu eta besoak altxatuko ditugu garaipenaren ikurra osatuz.
 
MONTXO, GOGOAN ZAITUGU

Interesatu Zaitez