Sabino Arana Fundazioak eta Europar Demokraten Institutuak "Europako hauteskundeak eta hiritartasuna" izenburupean antolatu duten mintegian, Andoni Ortuzar EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak bertan bildutakoak gonbidatu nahi izan ditu hiritargoari ideia bat azaltzera, " Estatuak ez dira, jada, Europako historiaren subjektu bakarrak. Beren botere eta nagusitasuna ezinbestean indargabetzen da globalizazioaren exijentzien eta erregio eta nazio kulturalek beren autogobernuaren alde egiten duten aldarrien aurrean. Europa indartsuagoa eta hobea behar dugu oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko, gure hiritarrei bake, justizia eta askatasunezko etorkizuna bermatzeko. Europa indartsuagoa ez dugu behar subsidiariotasun printzipioak hiritarrarengandik hurbilen dauden erakundeen ardurapean uzten dituen atazak beregana ditzan.
Berrogei bat aditu elkartu dira gaur mintegian, besteak beste, eurolegebiltzarkideak,katedradunak, politikariak eta abokatuak. Ortuzarrek denei baieztatu dienez "Europa ez da hiritarren babes naturala izan globalizazioaren zartakoek eragindako ondorioei erantzuteko orduan. Alderantziz, hiritar askok bizkarra eman diote Europari eta inguru seguruago,hurbilago eta tradizionalagoaren nostalgiaren inguruan babesten dira, urrun, ilun eta kontrolaezin ikusten diren botere europarrek eman ditzaketen soluzioen aurrean mesfidati agertuz".
Amaitzeko, jeltzaleen buruak Alde taldearekiko solidariotasuna agertu nahi izan du. "Europarekiko sentsibilitaterik handiena eta egitasmorik sendoena duen taldea da. Alde Party alderdiak eta Europar Alderdi Demokratak osatutako taldea da. Bien batasunak eusten dio Guy Verhofstadt Europar Batzordearen Presidenterako dugun hautagaiari, zeinen ikuspuntu europazalea erabat partekatzen dugun. Europa indartsuagoa eta hobea, hori da gure helburu politikoa".
“Europa sozialagoa eta hiritarrengandik hurbila baino ez da izango erronka globalei aurre egiteko bermea"
Izaskun Bilbao eurodiputatuak bere aldetik azpimarratu du bestelako Europa sozialagoa eta hiritarrengandik hurbilagoa baino ez dela izango erronka globalei aurre egiteko bermea". "Hiritarren eta baloreen Europa izango da. Europa soziala, adimenduna, jasangarria eta pertsonen integratzailea. Emakume eta gizonak izango dira politika ororen eragile eta helburuak, prozesu garden eta demokratikoekin, parte hartze handiagoarekin.Botere legegilearen egitekoa beteko duen parlamentuarekin eta Europa egiatan osatzen dutenen araberako barrutietan aukeratuko dena. Une honetan Europa osatzeko orduan daukagun erronkek eta kontinente osoak dituen desafioek eskatzen duen mailara egongo diren liderrekin . Kide koherenteek osatutako Europa, gatazketan arbitro lana egiteko agintaritzarekin, barne gatazkak konpontzeko, maila unibertsalean ahotz bakarrez jarduteko eta oinarrizko eskubideen alorrean denentzako tratu berdina bermatzeko. Europa bat, non nortasun nazionala eskubideak izateko giltza baino, beste eskubide bat izango den".
Eurodiputatuak azpimarratu du austeritate politikak pertsonak baztertu eta ahaztu dituela "horixe da europar erakundeen prestigioa galtzearen arrazoietako bat", baina, era berean, estatu kide batzuei egotzi die Troikaren erabakien atzetik babesten direla "beren ardura propioetatik ihes egiteko". Aldi berean, Europaren egitekoa azpimarratu du, maila globalean bete behar duena, sistema finantzarioa egiazko ekonomia babesteko tresna izatera bueltatzeko eta Europa moduko erakundeek duten egitekoa egiazko ekonomia bultzatzeko politikak bideratzeko. "Euskal gizarteak eginiko lanak, Kontzertu Ekonomikoak, abertzaletasun instituzionalaren lidergoak eta bide zuzenean garatutako politikek garapen eta ongizate maila handia ekarri digute, eta nortasuna eman digute Europaren baitan.Gaur egun, estatuak desitxuratzen direnean, bide horretan, herrigintzan jarduteko euskal bidean tematzea, biderik seguruena eta fidagarriena da Europaren barruan beste nazio bat izan gaitezen".