Prentsa Aretoa

Berriak

2018/11/26

Espainiako eta Euskadiko gobernuek Euskadiri bi trenbide eta AP-1 autobidean geratzen den azken tartea transferitzea adostu dute

Transferentzien Batzorde Mistoa gaur batu da, lehen aldiz, Bilbon, Euskadiri eskualdaketarik egin gabe 7 urte igaro ondoren

rss Ezagutzera eman
Espainiako eta Euskadiko gobernuek Euskadiri bi trenbide eta AP-1 autobidean geratzen den azken tartea transferitzea adostu dute

ARGAZKIA JAITSI

Gaur, Bilbon, Transferentzien Batzorde Mistoa batu da, Euskadiri salgaien bi trenbide eta AP-1 autobidean transferitzeko geratzen den azken tartea eskualdatzea adosteko. Alde biko organo horren topaketaren buru Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua eta Meritxell Batet Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroa izan dira. Bileran, gainera, besteak beste, honako hauek parte hartu dute: Arantxa Tapia  Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburua,  Maria de los Llanos Castellanos Lurralde Koordinazioko idazkari nagusia eta Jesús Loza Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria.

Transferentzien Batzorde Mistoa ez da 2011tik batu; orduan sinatu zituzten bi gobernuek azken 12 eskualdatzeak.

Gaur adostutako bi akordioak transferentziak zabaltzeko bi dekretu bezala formulatuko dira, eta, laster, aldi berean argitaratuko dira Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

AP-1 AUTOBIDEA

Akordioak Euskadiri AP-1 autobideko azken tartea (Burgos-Armiñón) eskualdatzen dio, hori baitzen Espainiako Gobernuak transferitzeko geratzen zena:

  • Eginkizunak eta zerbitzuak: titulartasuna, eginkizunak eta errepide-tarteko zerbitzuak eskualdatzen dira, Europistasi hura ustiatzeko emandako kontratua amaitzean, 2018ko azaroaren 30ean.
  • Ondasunak eta instalazioak: 77,2 eta 83,2 kilometro-puntuen artean (Armiñón-Burgos) dauden 6 kilometroak dira.
  • Kopuru ekonomikoa: aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzak urtero Kupotik 613.380 euroren % 6,24 deskontatuko du transferentzia horregatik. Hau da, 287.875 euro.

 Bi gobernuek adostu dute Ministroen Kontseiluak errepide hori “Interes Orokor”reko sarearen zerrendatik deskatalogatu ahal izateko Errege Dekretua onesterakoan transferentzia eraginkorra izatea. Araudi-aldaketa hori gauzatzen den bitartean, Espainiako Gobernua, azaroaren 30etik abenduaren 1erako gauean, lehendabizi trafikoa baretzeko egin beharreko obrekin hasiko da eta, ondoren, AP-1en eta A-1en arteko konexioan adarren edukiera zabaltzeko eta bidesariaren lekua kentzeko obrekin. Obra horiek egiteko zenbait milioi euro beharko dira, eta osorik finantzatuko ditu Espainiako Gobernuak.

Transferentzia hori Gernikako Estatutuaren 10.34 artikuluari jarraikiz egiten da; bertan, errepide eta bideen arloko eskumena lurralde historikoei dagokiela ezartzen da. Kasu horretan, errepidea jaso ondoren, Eusko Jaurlaritzak berak transferitu beharko dio Arabako Foru Aldundiari.

 BI TRENBIDE

 Gaurko akordioen arabera, Espainiako Gobernuak Euskadiri 08-782-Basurtuko Ospitalea-Ariz (7km) eta 08-784-Irauregi-Lutxana-Barakaldo (6 km) lineetako ondasunak, instalazioak, eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatu dizkio.

  • Eginkizunak eta zerbitzuak: bi trenbideen arauketa, plangintza, kudeaketa, koordinazioa, ikuskaritza eta antolaketa transferitzen dira.
  • Ondasunak eta instalazioak: Guztira 13 kilometro luze ditu eta, bertan, bi trenbideak eta dagozkien salgaien terminalak; horiek Eusko Jaurlaritzaren eskuetan izango dira. Lutxana-Barakaldo geltokiaren kasuan, titulartasuna bi gobernuek partekatuko dute.
  • Kopuru ekonomikoa: aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzak urtero Kupotik 212.990 euroren % 6,24 deskontatuko du transferentzia horregatik. Hau da, 138.090 euro.

Transferentzia hori Gernikako Estatutuko 10.32 eta 12.9 artikuluen arabera egiten da; horiek Euskadiri trenbide eta lurreko garraioen arloko eskumen esklusiboa ematen diote, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean jatorria eta helmuga duten salgaien eta bidaiarien garraioa antolatzeko arloan Estatuko legeria gauzatzekoa ere.

Aurrerantzean, bi gobernuek bi azpiegituren arteko eta Estatuko Interes Orokorreko Trenbide Sarearen arteko konexioari bide emateko behar den lankidetza bermatzeko beharrezkoak diren lankidetza-akordioak sinatuko dituzte eta, horretarako, sareen arteko elkarreragingarritasuna sustatuko da.

 TRANSFERENTZIEN BATZORDE MISTOA

Transferentzien Batzorde Mistoa bi gobernuen arteko eskualdatzeak egiteko xehetasun eta baldintza guztiak ezartzen dituen organo paritarioa da. Gernikako Estatutuko bigarren xedapen iragankorraren arabera sortu da, eta horren partaide izan dira:

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza

  1. Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua
  2. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua
  3. Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburua
  4. Sabino Torre Araubide Juridikoaren sailburuordea
  5. Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraioko sailburuordea
  6. Itziar Agirre Ogasuneko sailburuordea
  7. Begoña Pérez de Eulate Estatutuaren Garapenerako zuzendaria
  8. Aitziber Beldarrain Erakundeen Baliabideetako zuzendaria
  9. Janire Bijueska Garraio Plangintzaren zuzendaria

Espainiako Gobernuaren ordezkaritza

  1. Meritxell Batet Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroa
  2. José Ignacio Sánchez Lurralde Lankidetzako Estatuko idazkaria
  3. Jesús Loza Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria
  4. María de los Llanos Castellanos Lurralde Koordinazioko idazkari nagusia
  5. Diego Martínez Autonomia eta Toki Finantzaketako idazkari nagusia
  6. José Javier Izquierdo Azpiegituretako idazkari nagusia
  7. José María Pérez Autonomia eta Toki Lankidetzako zuzendari nagusia
  8. Jorge García Estatuko Administrazioko Batzorde Mistoko idazkaria
  9. Fernando Sánchez-Beato Erkidego Autonomoetarako Aldebiko Harremanetarako Zuzendariorde Nagusia

Iturria: Irekia

Alderdi Eguna 2018
Jarrai ezazu Gurekin
Next Euskadi

  Agenda

2018/12/15 11:30

Joseba Egibar, Markel Olano. Gipuzkoako EAJ-PNVren Herrialde Batzarra

   Kursaal Jauregia. Donostia 

YouTube

Twitter

Facebook

Flickr

Andoniren Bideobloga

Elkarrizketak - Gure Burukideak
PDE-EDP
ADIERAZPENA
Europa: Krisialditik Itxaropen Berri baterantz. 
Berrantolatzeko garaia.
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA