EAJ-PNVk "bakea sendotzea" eskatu du "iraganeko estrategiak baztertuta"

Euzko Alderdi Jeltzalearen Euzkadi Buru Batzarra, gaur arratsaldean Bilboko egoitzan bilduta adierazi du atzeraldia eman dela Euskadin bakea finkatzeko bidean zeuden aurreikuspenetan, ETAk bere azken komunikatua plazaratu ostean eta Auzitegi Nazionalak "Herrira" taldeko aktibista batzuk atxilotzea agindu ondoren.

EAJ-PNVk 30Irailak
2013
2013 IrailaK 30 |
Berria

EAJren esanetan, iragan astean ETAren azken komunikatua ezagutzera eman zenez geroztik  atzeraldi kezkagarria eman da Euskadin bake bidean zeuden aurreikuspenetan. Desagertzeko prozesuan aurrerako urratsak eman beharrean, ETAk bere bortxazko ibilbideaz harro  agertu den bitartean, "Herrira" elkarteko militanteen atxiloketan erakutsi den bultzada politiko eta judizialak  iraganeko denboretara eraman gaitu, zeinetan ilegalizazioa, blokeoa eta "dena da ETA" tesiak herri hau  gatazkara kondenatzen zuen, bizikidetza blokeatuta zegoen zerumugara begira.

EAJren aburuz Euskadin bortxakeriarik gabeko gizartea finkatzeko ekimenean egin diren ahaleginak ezin dituzte bazterrera bota iraganeko estrategiekin amets egiten dutela ematen dutenek, ezta ETAk egin behar duena -desarmea eta barne egiturak desegitea- egin nahi ez duelako, ezta batzuek  bakezko bizikidetzarako jarri dugun ordulariak salbuespenezko eta euskal gizartearen gehiengoak nahi duen agendatik kanpoko jardueren bidez atzera egitea nahi dutelako ere.

Etengabe hazten ari den atzeraldi egoera honen aurrean, Euzko Alderdi Jeltzaleak  politikoki antolatuta dagoen Ezker Abertzaleari eskatu nahi dio bere kabuz ekin diezaiola bake prozesuan gaur egun dagoen blokeoa suntsitzeko urratsak emateari. Aldi berean, Espainiako Gobernuari eskatu nahi dio salbuespen juridikoa mantentzeko estrategia bazter dezala, jarrera arbitrario eta oinarri juridiko zalantzagarrikoa izateaz gain, amaitutzat jotzen genuen iraganera bideratzen gaituelako.   

ETAk  iragan astean plazaratu zuen komunikatua  ez zen albiste ona izan Euskadirentzat. Gaurko atxiloketak ere ez dira. Arduraz jokatzeko garaia dugu, guztion artean balore goren dugun bakea finkatzeko garaia. Begira dezagun aurrera, amai daitezen behingoz, herri honek merezi duen bizikidetza eragozteko saiakerak.

Interesatu Zaitez