EAJ-PNV-ren alkategaiak eta bere lantaldeak Lekeitioko 360 herritarri deitu diete herriak zer beharrizan dituen galdetzeko, eta emandako erantzunetan nabarmentzekoa da herritarren iritziz kaleek duten "itxura utzia", bai eta ekonomia biziberritzeko plan baten falta ere
19Maiatzak Lekittarrek beste zenbait beharrizan eta eskaera ere egin dituzte, hala nola merkataritza- eta ostalaritza-jarduera suspertzea, instalazio publikoak zaintzea eta etxebizitza sozialak eraikitzea, besteak beste
Enplegua eta garbitasuna. EAJ-PNV alderdiko Lekeitioko alkategaiaren lantaldeak iragan ostegunean eginiko ‘call center’ saioan parte hartu zuten lekeitiar gehien-gehienek adierazi zuten herriak enplegua sortzeko eta azpiegitura publikoak mantentzeko inbertsioak egin behar dituela. Koldo Goitiak eta bere lantaldeak 360 dei egin zituzten guztira, beste horrenbeste herritarri galdetzeko zer hobekuntza eskatzen duten herrirako. Lekeitiarren erantzuna aho betekoa eta ezin argiagoa izan zen: Lekeitio "garbiagoa eta lan-aukera gehiagorekin" nahi dute gehien-gehienek. "Guretzat oso argigarria eta positiboa izan da egiaztatzea gure gobernu-programa estu loturik dagoela lekittarren egiazko beharrizanekin. Jaso ditugun eskakizun guztiak, izan ekonomikoak, sozialak, hezkuntza arlokoak edo ingurumenari lotuak, jasota daude herrirako gure proposamenean", berretsi du Goitiak.
Galdekatutako lekittarrek argi adierazi zuten ez daudela batere pozik herriak duen "itxura utziarekin eta garbitasun ezarekin", eta kezka agertu zuten udalerriaren "desaktibatze ekonomikoa" dela-eta. "Herriko kaleen itxura ona berreskuratzeaz gain, solaskide izan ditugun pertsonen eskaera nagusia lana da, lan-aukerak izatea, eta inbertsioa eta industria erakartzeko ahalegina egitea. Gehien-gehienek kezka agertu digute Lekeitioko egungo lan-egoera zaila dela-eta, enpresa batzuk itxi egin baitituzte ateak eta ez da inor etorri haien lekukoa hartzera", azaldu du Goitiak.
Ekonomiaren esparru berean, bizilagun askok herriko merkataritzaren eta ostalaritzaren gainbehera deitoratu dute, eta adierazi dute horrek eragin nabarmena eta berehalakoa duela Lekeitiok jomuga turistiko gisa duen erakargarritasunean. "Lekeitio hila dagoela ere esan digute batzuek eta hori oso tristea da", adierazi du saminez hautagai jeltzaleak.
Ondo zaindutako azpiegiturak eta etxebizitza sozialak
Era berean, herritarrek azaldu dute zenbait udal azpiegitura, hala nola eskola publikoa eta kiroldegia, egoera txarrean daudela, eta ludotekako plaza gehiago jartzea eskatu dute, baita aisialdirako gune estali bat sortzea ere, haurrek euria egiten duenean bertan jolasteko aukera izan dezaten, eta gazteentzako alkoholik gabeko diskoteka bat egitea ere eskatu dute batzuek. Gizarte-arloan, bizilagunek azpimarratu dute etxebizitza sozialaks eraikitzeko laguntzak eman behar direla eta adinekoei laguntza handiagoak eman behar zaizkiela. Hirigintzari "eta herria gozatzeari" dagokionez, lekittar askok eskatu dute Uribarren parkea hobetzeko, bai eta trafikoaren kontrola eta eremu jakin batzuetako (Alde Zaharra, adibidez) zarata kontrolatzeko ere.
"Era berean, azpimarratzekoa da 'kargu hartu' digutela Udala osatzen dugunoi. Zenbaitetan, oraindik ere urruneko ikusten gaituzte, baina, batez ere, eskatzen digute lankidetzan jarduteko borondatea, guztion onerako diren proiektuak aurrera atera ahal izateko", azpimarratu du Goitiak, ekimenak izan duen harrerarekin gustura. "Jende askok adierazi du ez duela inolako interesik politikan, eta, hain zuzen, batzuek ez dute erantzun ere egin nahi izan, baina gehienek esker ona azaldu dute haiengana jo dugulako eta haien iritzia jakiteko kezka agertu dugulako. Guretzat oso aberasgarria izan da. Hilabeteak egin ditugu lekittarren asmoak eta desirak lehen eskutik jasotzen, elkarte mota guztiekin biltzen, baina hala ere zaila da pertsona guztiengana iristea; horregatik, batzuetan nahikoa da telefono-dei bat egitea jendeak zer nahi duen jakiteko", azaldu du hautagai jeltzaleak.