Itxaso Atutxak EAJ-PNV-k bortxakeriatik aldenduta eta “ideietan, begirunean eta aniztasunean” oinarrituta utzi duen giza legatua eta ideario politikoa aldarrikatu du

Gaur, Bilbon, talde jeltzalearen sorreraren 120. urteurrena ospatzeko egin den ekitaldian, Bizkai Buru Batzarraren presidente andreak zera baieztatu du “heldu da ordua Espainiar Estatuak Euskadi nazio gisa aitor dezan, gure Herriak bere etorkizuna proiektu juridiko-politiko propioan erabakitzeko eskubidea dauka”.

EAJ-PNVren lore-eskaintza 31Uztailak
2015
2015 UztailaK 31 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak gaurko ospakizunean gogoratu eta omendu nahi izan ditu 1895 urteaz geroztik EAJ-PNV izeneko egitasmo politiko eta gizatiarra egin eta osatu duten milaka emakume eta gizonak, gaurko egunez, 2015eko uztailaren 31 honetan 120 urte betetzen dituen honetan. Atutxak azpimarratu duenez 120 urte izan dira giza eskubideen errespetuaren aldeko apustua eginez, justizia soziala aldarrikatuz eta Euskadiren berdintasuna eta askatasuna defendatuz. Sabino Arana fundatzailetik hasita "ez zentsurak ezta zigorrek edo espetxeak ere ezin izan zuten euskal abertzaletasuna iratzartzeko izan zuen asmo irmoa akabatu" esan du Atutxak. "1985 urte hartatik hona egin dugun bide luzeak abalatzen gaitu: Sabino Arana, ikurrina, euskara, nazio kontzientzia, hazkundea, Errepublika, Guda, Eusko Jaurlaritza, errepresioa, erbestea, trantsizioa, Estatutua,industriaren birmoldaketa, modernizazioa, ongizatea, solidariotasuna. Gure iraganak behartzen gaitu, Euskadi oparoagoa, solidarioagoa eta askeagoa eraikitzeko bidean gure aurretik egon zirenek utzi diguten legatuaren mailara egotera. Gure konpromisoa da euskal gizon eta emakume guztien bizitza kalitatea hobetzea, eta beste 120 urte barru, belaunaldi berriek atzera begira dezatela eta gaur egun egiten ari garen lanaz harro egon daitezela" esan du. Atutxak EAJ-PNV-k bere ibilbide luze honetan giza eskubideekiko defendatu duen konpromiso irmo eta baldintzarik gabea azpimarratu du " Ez dago kausa politiko bakar bat etikaren eta giza eskubideei zor zaien errespetuaren printzipioen gainetik jar daitekeenik. Eta, Alderdi gisa, 120 urte hauetan guztietan ideario erabat demokratikoa eta bortxakeriatik aldendua defendatu dugu, herrigintzaren bidea ideietan, begirunean, aniztasunean, akordioan eta kontsentsuan oinarrituta eginez".

Orainaz eta etorkizunaz hitz eginez, Atutxak zera baieztatu nahi izan du " hauxe da Espainiar Estatuarekin daukagun harremana aldatzeko unea, eta Europan gure ahots propioz hitz egiterik izan dezagun".Helburu hori gogoan, zera gogoratu du " bada ordua Estatuak Euskadi nazio gisa aitor dezan. Guk lanean segituko dugu nazio nortasunaren aitortza lortzeko helburuei erantzuna emango dieten formula juridiko politikoak ezartzeko". Jeltzaleen Bizkaiko buruak gogora ekarri du iragan uztailaren 19an Gernikan izenpetu zen adierazpena: gure nazio nortasuna aitortuta, gure burujabetzan oinarrituta, elkarrekiko harreman orekatuan, berdinen arteko itunaren oinarrian baino ez da burutuko EAJ-PNV-rekin akordioa lortzea. " Horixe da herri honekin duela 120 urte hartu genuen konpromiso irmoa. Guk defendatzen dugun euskal nazio egitasmo honetan, atxikimendu askeko formulak baino ez dira sartzen. Jauntxokeriarik gabe eta mendekotasun harremanik gabe". Atutxak zera gaineratu du "historia berriak erakusten digu Euskadin zenbat eta autogobernu sendoagoa izateak orduan eta ongizate maila handiagoa ekartzen duela, bizitza kalitate handiagoa, kohesioa eta bizikidetza, askatasunean, justizian eta berdintasunean oinarrituta. Berdintasunik gabe ez baitago ez demokraziarik ezta justizia sozialik ere".

EAJ-PNV-ren sorreraren 120. urteurren hau "Bake giroan bizi den Euskadi batean ospatzen dugu, ETA-k eragindako eta gaur egun oraindik ere batzuei aitortzea kostatzen zaien min eta sufrimendu bidegabea urte luzeetan pairatu ondoren". BBB-ren presidente andreak ez du gaurko honetan ahaztu nahi izan " gudariek, emakumeek eta umeek lehergailuek eragindako terrorearen, gosearen eta beldurraren mende bizi behar izan zuten izua.Asko hil ziren eta hainbatek gure Herria utzi behar izan zuten. Hori ere bada besteek aitortu ez duten oroimen historikoa".

Bizkaiko jeltzaleen buruak euskal diaspora osoari bidali izan nahi dio bere agurrik beroena, eta bereziki Boisen (Idaho) bizi diren euskaldunei. Gaur, Euskaditik milaka kilometrora ospatuko dute EAJ-PNV-ren 120. Urteurrena. "Hantxe, euskal emakume eta gizonek beren etxea egin zuten baina herria inoiz ahaztu gabe. Euskara daramate bihotzean. Naziotasuna aldarrikatzea nahi duen familia handi honen parte sentitzen dira. Haiek euskal diaspora osoarekin egiten dute zortzigarren euskal herrialdea".

Interesatu Zaitez