Lasarte-Oriako EAJ/PNV-k, kirol azpiegitura alorrean dituen proposamenak aurkeztu ditu Michelingo kirolgunean izandako ekitaldi politikoan.
20Maiatzak EAJ/PNVk kiroldegi eta Atsobakarreko futbol zelai berriak eta hauek bideratzeko finantzazioa aurkeztu ditu
"Kirolak gure programaren zati handi bat hartu behar zuela erabaki genuen" baieztatu du Estitxu Alkortak, EAJ-ko alkategaiak. "Etorkizuneko Lasarte-Oria irudikatzen dugunean, gizarte kohesionatu bat, elebiduna, eta baloreetan hezitako pertsonez osatutako herri bat ikusten baitugu. Eta guzti hori kirolaren sustapenaren eskutik etorri daitekeela pentsatzen dugu. Horregatik, bai kudeaketari dagokionez eta bai azpiegiturei dagokienez, hainbat proposamen zehatzak plazaratu orain hurrengo Lasarte-Oriari begira".
Michelingo atletismoko pistetan kiroldegi berria eraikitzea da EAJ/PNV planteatu duen proposamenetako bat. Eremu hori Lasarte-Oriako udalarena izanik, hirigintzako ikuspegitik ez legoke arazo handirik bertan horrelako eraikin bat egiteko. Gainera Atsobakarreko eremuan atletismoko pistak izango lituzkeen bigarren futbol eta errugbi zelaia ere egitea proposatu dute.
Planteatutako bi proiektuentzako aurrekontua eta finantzabidea ere aurkeztu dute jeltzaleek. Kiroldegi berriaren kasuan, 12 milioiko aurrekontua beharko litzatekeela adierazi dute eta Tolosako Usabal Kiroldegia hartu dute eredu. Hori bideratzeko operazio urbanistiko koordinatu bat planteatu dute: Udalak Loidi Barrenen dituen partzelak (egungo kiroldegia kokatuta dagoen eremua barne) salmenta publikoan atera beharko litzateke, eta ordainean kiroldegi berria eraiki beharko luke lehiaketa hori irabaziko lukeen enpresak. Bestalde, Atsobakarren atletismoko pistadun bigarren futbol-zelaia egiteko, 1,5 miloi euroko aurrekontua beharko litzatekeela defenditu dute eta hori Udalak duen diru-gerakina erabiliz finantzatuko litzateke. Atsobakarren eremuaren erabilera ekipamenduetarako dago aurreikusita eta Usurbilgo udalarekin lotuko litzateke proiektu hori martxan jartzea.
Kirol egitasmoekin batera, EAJ/PNVk Oria ibai-ertza Lasarte-Oriarentzat berreskuratzearen beharra azaldu du. Estitxu Alkortaren hitzetan, " Lasarte-Oria Oriaren ibai-ertzari irekitzea planteatzen dugu, gure herriak ibaiari bizkar emateari utz dezan. Oria ibaiaren ibai-ertza parke moduan Lasarte-Oriarentzat irabaziko dugu. Kolektore berriak ibaiaren garbiketa eta ekosistemaren errekuperazioa ahalbideratuko du eta gisa horretan Oriaren urbazterrak paseorako eta aisialdirako prestatzea , aisi eta ur-kiroletako guneekin, proposatzen dugu. Gisa honetan gure herria ireki eta integratuko genuke, gainera."