Iñigo Urkullu lehendakariak eta EBBren presidente Andoni Ortuzarrek gaurko ekitaldian euskal hiritargoa ohartarazi dute Madrilen EAJ-PNVren talde indartsua ez izateak mehatxua suposatzen duela euskal hiritarren eskubideentzat eta autogobernuarentzat.
Abenduaren 20ko hauteskundeetatik irtengo dena euskal hiritargoarentzat ez da beste edozein legealdi modukoa izango. “Gutxitan izan da, inoiz ez esatearren, euskal herritarrek horrenbeste izan dugula jokoan Hauteskunde Orokorretan. Autogobernuaren etorkizuna bera,gaur egun gozatzen ditugun ongizate,aurrerapen eta elkartasunaren sorburua egongo da jokoan. Eta hurrengo lau urteak oso garrantzitsuak izango dira Madrilen. Euskadik han egon behar du eta ordezkaritza mailarik indartsuena eraman behar du”. Diagnosi hori bera partekatzen dute Lehendakariak, Iñigo Urkulluk eta Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek. Eta diagnosi hori aurkeztu diote gaur euskal herritargoari, EAJ-PNVk hauteskunde kanpaina abian jartzeko egin duen ekitaldian. Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egin den mitin xumean batu dira biekin Aitor Esteban, Mikel Legarda eta Joseba Agirretxea Kongresurako hiru zerrendaburuak. Bertaratuen artean ere izan da Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia; Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkatea; Unai Rementeria, Bizkaiko ahaldun-nagusia; Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea; Pedro Elosegi, Arabako Batzar Nagusietako presidentea; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Josu Erkoreka, Jaurlaritzaren bozeramailea; eta Jon Darpon, Estefania Beltran de Heredia, Ana Oregi eta Angel Toña sailburuak.
“EAJ-PNVk argi dauka. Betidanik izan dugun bezain argi. Gu Madrilera joango gara Euskadi defendatzera. Euskadi da lehena” esan du Ortuzarrek. “Gurea da lehena, gurea defendatzea. Gure ongizatea, gure hezkuntza, gure osasuna, gure gizarterako babes eta elkartasun sistema, gure autogobernua, gure Ekonomia Ituna. Madrilen aldeztuko dugun hori guztia. Eta honakoa, berebiziko garrantzia izango duen legealdia izango da. Madrilen jokoan egongo da Euskadiren etorkizuna. Gorteetan EAJ-PNVren talde indartsua ezinbestekoa da euskal hiritarroi interesatzen zaigun guztiaren defentsa bermatzeko. Euskal hiritarrek ez dute merezi, euskal interesen kontrakoa izan daitekeen arren, Madrileko nagusiek agindutakoaren aurrean belarriak jaitsi eta men egingo duten pertsonek ordezkatzea. Euskadik eta euskal emakume eta gizonek ez dute merezi Madrilera zertara doan ez dakien batek ordezkatzea, joatea edo ez joatea oso argi ez daukanak, ezkertiago edo abertzaleago izan behar ote duen ez dakien batek ordezkatzea” esan du jeltzaleen buruak. “Horregatik, A-20an, EAJ-PNV bozkatzea izango da Euskadi bozkatzea, euskal emakume eta hiritarren alde bozkatzea. Haiek, Espainiari begiratzen diote; guk Euskadiri”, amaitu du.
“Hauek ez dira espainiar hauteskundeak izango” iragarri du Iñigo Urkullu Lehendakariak. Hori baino askoz gehiago dira, euskal hauteskundeak dira” baieztatu du. “Jokoan dugu autogobernua, Madrilen Ekonomia Itunaz hitz egiten dutenean pribilegioa dela esaten dutelako. Osasunean, Hezkuntzan eta Mendekotasunean eskuduntzak berreskuratzeaz ari dira. Espainiar Konstituzioa aldatzeaz hitz egiten ari dira. Guk ez dugu hitz erdirik entzun euskal autogobernua errespetatzeaz. Estatutua betetzea, elkarrekiko aitortza, aldebikotasuna... Hori da lehena Euskadirentzat. Euskadik jokoan dauka Ekonomia Ituna eta Kupoaren negoziaketa. Hori marra gorria da Euskadirentzat. Ekonomia Ituna ahalmena da. Ongizatea. Ekonomia. Etorkizuna. Euskadi egoera ekonomikoari buelta ematen ari zaio, hasia da suspertze ekonomikoa eta enpleguaren sorrera. Apurka apurka, ahalegin partekatuarekin, industria hazi da eta langabeziak behera egin du. Eskuduntza guztiak hemendik zuzentzea eta kudeatzea behar dugu. Horiek denak oinarrizko gaiak dira Euskadirentzat eta babestu behar ditugu, errekurtsoz errekurtso Espainiar Gobernuak gure eskuduntzetan eskua sartu duelako.” Urkulluk Mariano Rajoyren Gobernuak lau urteotan egin duen politika salatu du “Den dena murriztu du: zerbitzuak, eskubideak, eskuduntzak eta Eusko Jaurlaritzarekiko komunikazioa ere bai. Muzin egin diote Eusko Legebiltzarrari erantzuteari ere. Horixe da Alderdi Popularraren espainiar politika. Eta, Kontuz!, Alderdi Popularra Ciudadanos taldeari lotuta are okerragoa izango delako. Euskadik asko dauka jokoan, gure eskubideak babestu behar ditugu. Eskubideak eta egintzak!”, iragarri du.
Aitor Estebanek, Bizkaiko EAJ-PNVren zerrendaburuak euskal hiritargoa ohartarazi nahi izan du,Madriletik etorriko den haize bolada aldakorra gogoan “Haize birzentralizatzailea izango da”, eta berriro esan du jokoan izango dugula gure eskuduntzak eta gure Ekonomia Ituna . “Horregatik , bozkatu beharra dago betidanik euskal hiritarren interesak defendatu izan dituena, eta ez Madrileko nagusiek esango dutenaren mende egongo dena; EAJ bozkatu beharra dago” ezarri du.
Mikel Legardak, Arabarako EAJ-PNVren zerrendaburuak, Kongresuan arabar emakume eta gizonen borondatea defendatzeko konpromisoa hartu du: “Euzko Alderdi Jeltzaleak Madrilen egon nahi du Arabaren ahotsa hara eramateko ,Diputatuen Kongresuan arabar emakume eta gizonen interesak defendatzeko lortu ahal dugun lantalderik indartsuenarekin egin nahi dugu. EAJ da Herrialde honen motorra” esan du.
Joseba Agirretxeak, Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak, azpimarratu duenez “Gure proiektua ez da ez Espainia ezta bere gobernua ere. Gure proiektua Euskadi eta euskal gizartea dira. Gurea exijituko dugu, guri dagokiguna: gure eskubide politikoak, gure transferentziak, hartutako konpromisoak, oraindik bete gabe daudenak. Horretarako egongo gara Madrilen. Gu ez gara urtuko beste lehentasun batzuk dituzten taldeetan. Gure alde ditugu hainbat urtetan irabazitako eskarmentua eta konfiantza”, amaitu du.
Iñigo Urkulluren diskurtsoa kanpainaren hasiera-ekitaldian (Vitoria-Gasteiz)
Andoni Ortuzarren diskurtsoa kanpainaren hasiera-ekitaldian (Vitoria-Gasteiz)