EAJ-PNVk euskal herritarrak deitu ditu A29an "Euskadiren alde bozkatzera": "Jokoan dugu Estatuko politikari zelan egingo diogun aurre"

Jeltzaleek Basaurin egin duten ekitaldian, non beste hizlariak Idoia Sagastizabal eta Nerea Renteria izan diren, Iñigo Ansolak ziurtatu du talde jeltzalea dela “Euskadi blokeen eta eztabaida partidisten gainetik egotea” nahi duen euskal hiritargoaren “babes botoa”: “Babes botoa gara egonkortasuna, erantzukizuna eta jendearen benetako arazoez arduratzen den politika bilatzen dituztenentzat”.

EAJ-PNVk euskal herritarrak deitu ditu A29an 17Azaroak
AzaroaK 17 |
Kongresua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

EAJ-PNVk euskal herritarrak deitu ditu gaur “azaroaren 29an Euskadiren alde bozkatzera, jokoan baitugu Estatuko politikari zelan egingo diogun aurre”. Basaurin egin den ekitaldi politikoan, non Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarraren presidenteaz gain Kongresurako Bizkaiko zerrendaburu Idoia Sagastizabalek eta Nerea Renteria Kongresurako hautagai basauriarrak hitza hartu duten, talde jeltzaleak gaur adierazi du “Euskadiren alde” bozkatu beharra dagoela, EAJ-PNV delako “Euskadi blokeen eta eztabaida partidista guztien gainetik egotea nahi duten euskal hiritarrentzako babes-botoa”. “Babes-botoa gara egonkortasuna, erantzukizuna eta jendearen benetako arazoez arduratuko den politika bilatzen dituztenentzat”. Zentzu berean, Ansolak oraindik botoa erabaki gabe dutenei hitz egin nahi izan die, eta argi eta garbi adierazi die bloke eskemaren aurrean “Euskadin, babes-boto bakarra, EAJren aldeko botoa dela”. BBBren presidenteak ildo beretik adierazi duenez “Euskadiren etorkizuna Euskaditik bertotik erabakitzen da” eta nabarmendu duenez “Euskadik funtzionatu egiten du”: “Funtzionatzen du hamarkadatan proiektu politiko bat egon delako Herri hau eraikitzeko lana egin duena. Ezer ez da kasualitatetik etorri. EAJren ekarpena izan da Euskadi martxan jarri duena”.

Idoia Sagastizabalek, Bizkaiko Kongresurako hautagai-zerrendaburuak, hauteskunde hauetan “Euskadiren aldeko botoa” eskatu du ere, eta honako galdera hau egin du: “Zer konpromiso hartzen dute beste alderdiek Euskadiko industriarekin, Euskadiko enpleguarekin eta gure autogobernuarekin? Zer gaitasun dute beren alderdien estatu-mailako zuzendaritzaren aurrean agenda propio bat defendatzeko? Bat ere ez”. Era berean, EAJ-PNVk Madrilen lortutakoak nabarmendu ditu: “Argindar-bidesariak murriztea eta Sidenor bezalako enpresa elektrointentsiboentzako laguntzak handitzea, haien argindar-faktura jeisteko”. Ekiten dutenei laguntzea bezain garrantzitsua da, ordea, negozioak aurrera egiten ez duenean babesa ematea. Horregatik, “bigarren aukera bat izan dezaten eta hemen beren etorkizuna eraikitzen jarraitu ahal izan dezaten” lan egiteko konpromisoa hartu du. Hori dela eta, EAJ-PNVk proposatzen du “autonomoek langabezia-prestazioa eskuratzeko aukera erraztea eta, pixkanaka, besteren konturako langileen prestazioarekin parekatzea”.

“Kanpaina honetako galdera ez da zein bloketakoa zaren, ezta zein blokeri emango diozun botoa ere. Ez zaitzatela engainatu, hau ez baita blokeen kontua. Hau Euskadi zaintzeari buruzkoa da. Eta, horregatik, galdera beste bat da: Nork defendatuko du Euskadi hobeto Madrilen? EAJ-PNV da estaldura osoa eskaintzen dizun asegurua, Euskadi defendatzen eta zaintzen duena”, amaitu du Sagastizabalek.

Nerea Renteria jeltzaleen zerrendan dago Kongresuko diputatu berriz izendatua izateko helburuarekin, eta bere aldetik ziurtatu du bere onena emango duela Basaurin etxebizitza eskuratzeko aukerak errazteko, eta horretarako ezinbestekoa izango da Madrilgo Gobernuari exijitzea La Basconiako orubeetan aurreikusita dauden 400 etxebizitzen eraikuntza bizkortzea, lur horiek gaur egun Etxebizitza Ministerioaren jabetzakoak baitira. “Lehentasuna da, gure udalerriaren beharrizana delako”. Ildo beretik, Madrilen exijituko du espetxeko eta kuarteleko orubeei beste erabilera bat ematea, udalerri honetan etxebizitza gehiago eraikitzera begira. “Loiolan lortu genuen (Donostian) eta Basaurin lortuko dugu”. Bide beretik jarraituko du bultzatzen salgaiak garraiatzeko trenak hiriguneetatik igaro ez daitezela, trenbidearen hegoaldeko saihesbidearen lanak albait arinen amaitzea exijituz.

Interesatu Zaitez