1974an jaio nintzen Markina-Xemeinen, jeltzale, abertzale, euskaltzale eta humanista izaten ikasi nuen familia batean. Ingeniaritza Teknikoko ikasketak egin nituen UPV-EHUko Gasteizko campusean, baina arazo pertsonalengatik, lan-munduan sartu behar izan nuen karrera amaitu baino lehen. 1994an egin nintzen alderdikide, gazte-gaztetatik EAJ-PNVrekiko lotura estua izan baitut. Izan ere, alderdikide izan aurretik EGIkide izan nintzen. Ordutik aurrera EAJ-PNVrekiko konpromisoa beti egon da lotuta nire ibilbide profesionalarekin, bai enpresa pribatuan, bai erakunde publikoetan.
Barne-eremuan, Markina-Xemeingo Uri Buru Batzarraren presidente izan naiz, Bizkaiko ordezkari Aberri Batzarrean, eta Bizkaiko organo jeltzale gorena den Bizkaiko Herrialde Batzarraren mahaiburu. Erantzukizun horiei esker, Alderdiaren egitura eta dinamika sakon ezagutzeko aukera izan dut, eta Bizkaiarentzat eta Euskadi osoarentzat estrategikoak diren erabakiak hartzen lagundu dut.
Aldi berean, nire ibilbide instituzionala nire herriarekiko dudan konpromisoak markatu du. Markina-Xemeingo zinegotzi izan nintzen 2003 eta 2015 artean, eta aitak eta osabak udal-bizitzan hasi zuten bidetik jarraitu nuen. Gainera, 2003 eta 2007 artean, Lea-Artibaiko Mankomunitatearen buru izan nintzen, eta bertako kudeaketa publikoarekin nuen lotura indartu nuen. 2007an Bizkaiko Foru Aldundian hasi nintzen Uren zuzendari gisa eta, geroago, Ingurumen Azpiegituren zuzendari gisa. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak nire ardurapean jarri zuen URA-Uraren Euskal Agentziaren zuzendaritza (2013-2016) lehenengo eta Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaritza (2016-2024) ondoren, eta bertan lan handia egin dut etorkizunerako funtsezkoak diren esparruetan, hala nola trantsizio energetikoan eta jasangarritasunean.
Etapa bakoitzak aukera eman dit pertsonen bizitzan eragina duten lantaldeak gidatzeko eta proiektuak garatzeko, betiere herritarren beharrei eta erronka globalei begira. Orain, Bizkai Buru Batzarraren presidente naizen aldetik, nire ibilbide osoa gidatu duten balioak eta konpromisoa bultzatzen jarraitzeko ardura hartu dut.