Ion Gambra Ibarzabal

Euzkadi Buru Batzarra Ion Gambra Ibarzabal

Ion Gambra Ibarzabal

44 urteko mutrikuarra naiz eta familia euskaldun eta abertzale batean jaio nintzen. Oso gaztetatik izan dut politikarekiko interesa eta konpromezua eta EGI alderdiko gazte erakundearen akanpada eta ekintzetan parte hartzen hasi nintzen oso gaztetatik. Ordutik, ia bizi guztia daramat alderdi barnean eta herrigintzan inplikaturik. 2003. urtean, 22 urterekin, lehen aldiz aukeratu ninduten nire herriko zinegotzi. Gaur egun, oraindik ere zeregin horretan jarraitzen dut, hau nire laugarren legealdia delarik. EGIko aberri batzordeko idazkari ere izan nintzen lau urtez eta honek aukera eman zidan alderdia barrutik ondo ezagutu, Euskal Herriko txoko gehienak bisitatu eta lurralde guztietako lagun onak egiteko ere. Beranduago, GBBko burukide, Mutrikuko UBBko lehendakari, Aberri Batzarreko kide eta beste zenbait barne ardura ere izan ditut. Azken bost urteetan, aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundian nabil lanean Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari modura. 

Alderdiarekiko maitasuna etxetik datorkit, amaren parteko familiatik. Aitona Felix EAJko kidea izan zen eta 19 urterekin San Andres batailoiko teniente izatera ere iritsi zen gerra garaian. Hainbat urtetako kartzela zigorra bete eta behartutako lanak ere egin behar izan zituen horregatik.  Ezagutu ez nuen amona Casiana, emakume abertzale batzako kidea izan zen eta gerra ondoren Burgosko hotel batean neskame zegoen bitartean, hango kartzelan zeuden gudariei bisitak egin eta informazioa pasatzen ere ibili zen. Baina horrez gain, ez da beste alderdikiderik izan nire etxean. Neu izan naiz gazte-gaztetatik politikarekiko eta alderdiarekiko harra sentitu eta bidea egin duena. 

1980. urtean jaio izanak ere markatu du nire bizitza eta nortasuna. Urte hura izan zen ETAk hilketa gehien burutu zituen urtea, eta nire haurtzaroa eta nerabezaroa guztiz markatuko du honek. Testuinguru hark bultzatu ninduen neurri handi batean pausu bat aurrera egin eta politikan inplikatzera. Oso gaztetatik, EGIko lagunekin, atentatuak gaitzetsi eta bakea exijitzeko manifestazio eta ekintza askotan parte hartu izan genuen. 

Urte asko Euskal Herritik kanpo pasa ditut ikasten. Salamancan, Bartzelonan, Mexikon, Madrilen… horrek beste errealitate eta sentsibilitate batzuk ezagutzeko aukera ere eman dit eta baita bisitan joateko leku askotako lagunak ere. Politika eta Administrazio Zientziak ikasi ditut, batez ere administrazio publikoaren arloan espezializatu naizelarik, eta gaur arlo honetako irakasgaietan eskolak ere ematen ditut. Afizioei dagokienez, antzerkia dut oso gustuko eta baita bidaiatzea ere.

PARTEKATU

LURRALDEZ KANPOKO
ERAKUNDEAK

BARNE
ERAKUNDEAK