Andoni Busquet Elorrieta

Euzkadi Buru Batzarra Andoni Busquet Elorrieta

Andoni Busquet Elorrieta

Basaurikoa naiz, bertan hazi nintzen eta bertan alderdikidetu nintzen. Pedagogian lizentziaduna naiz eta Gizarte Hezkuntzan diplomaduna, eta ibilbide profesionala egin dut herri administrazioan eta enpresa pribatuan, ia beti kulturaren esparruan. Baina harrotasunik handiena eman didana izan da nire herriko alkate bihurtzea, ardura horretan egon nintzen zortzi urtetan.

Euskalduna eta abertzalea, balore horiek etxekoengandik jaso ditut, oinarri jeltzaleak zituen familiaren baitan. Oso gazte alderdikidetu nintzen (16 urte nituela), garai hartako errealitate iluna aldatzeko gogoak bultzatuta eta balore humanista eta abertzaleak abiapuntu hartuta, erakutsi nahi genuelako indarkeriarik gabe bazegoela herrigintzaren bidetik aurrera egitea. Orduan erabaki nuen kirol elkarteetan, kultura alorreko ekimenetan eta aisialdiaren inguruan aritzea, gero eta gizarte euskaldunagoa, gizarte bidezkoagoa eta baketsuagoa egiten laguntzeko. Urte guzti hauetan, EGIko Aberri eta Bizkaiko kontseiluetako kidea, Aberri Batzarreko herrialde ordezkaria eta Basauriko uri erakundeko lehendakaria eta juntakidea ere izan naiz.

2011an iritsi zitzaidan Basauriko alkate bihurtzeko aukera, eta erantzukizun hori hartu nuen harrotasun eta dedikazio handiz. Niretzat, herriko politika, letra nagusiz eginiko politika da; lehen lubakia, onerako zein txarrerako. Horrek ahalbidetu zidan sinisten dudan politikagintza praktikan jartzea, politikagintzarik hurbilena eta aberasgarriena, ekitate, elkarbizitza eta humanismo printzipioak aplikatuz. Horiek izan ziren Agirre Lehendakariaren printzipio nagusiak, nire erreferente politiko nagusiarenak. Adeitasun berarekin gogoratzen dut Jesús Insausti ‘Uzturre’; bere umorea, bere ekintzailetza, beti euskararen alde. Berarengandik ikasi genuen justizia sozialik gabe ez zegoela Euskadi aske bat eraikitzerik.

Nire helburua beti izan da pertsonen bizimodua hobetzea, gizarte oparo eta kohesionatuagoa lortzeko, dagokidan hondar alea jarriz. Baina konbentzituta nago orain arte bezala Alderdia, EAJ-PNV, Euskadiren etorkizuna eraikitzen jarraitzeko tresnarik onena dela, gure nortasunean, autogobernuan eta aukera berdintasunean oinarritutako aurrerapen ereduaren defentsatik.

PARTEKATU

LURRALDEZ KANPOKO
ERAKUNDEAK

BARNE
ERAKUNDEAK