Aurtengoa azken 50 urteotako otsailik hotzena izan da

Otsaila neguaren bihotzean den hilabetea dugu eta luze eta hotz joan den honetan, tenperaturei dagokienez, marka guztiak ondu ditu hile honek. Gunerik hotzenak izanik, Nafarroan eta Araban izan dituzte termometroek kopururik txikienak. Aurtengo negua luzeegia izaten ari da eta hotzak denboratxoa darama gure artean; aurreko neguetan astebetez zena hilabetez da aurten.

Aurtengoa azken 50 urteotako otsailik hotzena izan da 01Martxoak
2005
2005 MartxoaK 01 |
Berria

PARTEKATU

Euskal Herrian, 1956 urteaz geroztik, azkeneko 49 urteetan ezagutu den otsailik hotzena izan da joan dena.

Otsailean inoiz baino gehiago zurituta dira bazterrak eta sekula baino elur-egun gehien izan ditugu.

Datuak eskuan hartuta honelakoa izan da otsaila:

Gipuzkoan, batez beste 5’2ºC izan dituzte; 1934. urtera jo beharko genuke honelako tenperatura aurkitzeko.

Araban, berriz, otsailean batez bestekoa 2’4 ºC izan da. 1963an izan zuten arabarrek azkenekoz aurtengoa bezain otsail hotza.

Bizkaian, aldiz, 6’3 ºCko batez bestekoa izan dute otsailean, eta 1963ra egin beharko genuke atzera, tenperatura bera aurkitzeko.

Guztietan 1956 urtea da salbuespena. Urte hartan, marka guztiak ondu ziren. Europa osoa egin zuen hotz ikaragarria eta Gasteizen, esaterako, batez beste - 2’6 ºC izan zituzten; hil osoan zeroz azpiko tenperaturak, alegia.

Nafarroa-ri dagokionez, zerotik beherako tenperatura historikoak izan dituzte bart, baina, 1956ko marka hautsi gabe. Orduko hartan, termometroek 32 gradu neurtu zituzten zeroz azpitik.

Urte asko egin behar da, beraz, atzera egunotan ditugun hotzak aurkitzeko. Aurtengoa ere, gogoan hartzeko urtea izango da zalantzarik gabe.

Interesatu Zaitez