Oihane Agirregoitia: “Guztiz premiazkoa da Adimen Artifizialaren munduko gobernantza indartzea”

Gaur, ostegunarekin, osoko bilkuran egin den eztabaidan, EAJ-PNVko eurodiputatuak AAren potentziala baliatzeko eta teknologia honek dakartzan arriskuak kontrolatzeko deia egin du, inor atzean utzi gabe

Oihane Agirregoitia: “Guztiz premiazkoa da Adimen Artifizialaren munduko gobernantza indartzea” 22Urriak
UrriaK 22 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

Adimen Artifiziala etorkizunerako  promesa izatetik milaka pertsona, enpresa eta zerbitzu publikoren eguneroko bizimoduko gauza bat izatera igaro da. Mugak ikusten ez dituen teknologia den arren, bere ondorioek haietan islatzen dira. Hori dela eta, erantzuna ezin da estatuko edo kontinenteko arauetara mugatu, mundu mailako gobernantza indartzea premiazko bilakatu delako. Gaur, ostegunarekin, Europako Parlamentuan  Europako Batzordeko kideekin egin den osoko bilkuran, Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eurodiputatuak gogoratu duenez “erronka ez da berrikuntzaren eta babesaren artean aukeratzea, ezta lehiakortasunaren eta segurtasunaren artean ere, baizik eta hiru gauzak aldi berean lortzea: AAren potentziala baliatzea, bere arriskuak kontrolatzea eta inor atzean ez uztea”.

Bere ustetan, EBk lehenik eta behin egin beharko lukeena da munduko gobernantza bat lideratzea, arau komunekin, segurtasun bermeekin eta gizakien aldetik benetako kontrol eraginkorra eginez. Bigarrenik, gaitasun teknologiko propioetan inbertitzea, kanpoko eragileen erabakien mende ez egoteko. Eta, hirugarrenik, pertsonak prestatzea, arauek ez dutelako babestuko erabiltzen duen teknologia ulertzen ez duena. “AA gobernatzea ez da soilik teknologia hori arautzea. Gure gizartea prestatzea ere bada, harekin bizi ahal izateko”, azpimarratu du ordezkari jeltzaleak.

Ikuspegi horrek bat egiten du Europan orain arte defendatu izan den ikuskerarekin, hau da, pertsonak helburu dituen AA bat, fidagarria, funtsezko eskubideak errespetatzen dituena. Hain zuzen ere, Europako kontinentea izan da AAri buruzko lege bat egin duen lehena eta azken urtean proposamenak gehitu zaizkio esparru horretan mendekotasun estrategikoak murrizteko eta baldintza egokiak sortzeko Europako hodei soluzioetan inbertitzeko, Europan erdieroaleen alorrean dugun ahalmena indartzeko edo zibersegurtasunari eta adimen artifizialari buruzko ekintza plana egiteko, AA aurreratuaren erabilera seguru eta arduratsua sustatzeko.

AAren garapen agenda honek oinarri ona aurkitu du Euskadin. Aurreko Astean Adimen Artifizialaren Euskadiko Zentroak AAri buruz argitaratu zuen hirugarren diagnostikoaren arabera, teknologia hau Euskadiko enpresa eta industrietan finkatzen hasi da. 10 pertsonatik gora dituen zentroen %21k AA sistemak erabiltzen dituzte (aurreko urtean %17,4 ziren) eta erakundeen %87k teknologia horretan inbertitzen dute. 

Interesatu Zaitez