Alderdi Egunaren 50. edizioan, 100.ean irekiko den denbora-kapsula lurperatu du EAJ-PNVk eta azpimarratu du: "Belaunaldi berriak biziko dira gaur eraikitzeko gai izango garen Euskadin"

Gogoratzeko moduko egunari mosaiko handi bat osatuz amaiera eman zaiolarik, Aitor Estebanek eta Pradales Lehendakariak Alderdi Egunak batu dituen milaka alderdikide eta alderdizaleekin gogoratu dute gaur dugun Herri hau eraikitzen hasi zela 1977.urtean Aralarren egin zen lehen Alderdi Egunera joan ziren emakume eta gizonekin: “Erabakiak hartu zituzten, Konpromisoa hartu zuten. Eraiki egin zuten. Belaunaldiz belaunaldi, gaurko egunera arte”

Alderdi Egunaren 50. edizioan, 100.ean irekiko den denbora-kapsula lurperatu du EAJ-PNVk eta azpimarratu du: 27Irailak
IrailaK 27 |
EBB

PARTEKATU

Alderdi Egunaren 50. edizioa ez da beste edozein Alderdi Egun izan. Ezin liteke beste edozein egun izan. Bertan gogoratu eta omendu baitute 1977. urteko ospakizunera Aralarreraino igo ziren jeltzaleen belaunaldia eta, aldi berean, ospakizunaren 100. urteurrena ekarri da gogora, 2076. urtean egingo dena. Hala ,Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak eta Elene Bilbao EGIkideak Forondako zelaietan lurperatu duten denbora kapsulan sartu dituzte Ikurrina, eguneko egunkaria eta 100. Alderdi Eguna ospatuko dutenentzako mezua. “Ez dugu soilik eskutitz bat utzi. Konpromiso bat sartu dugu. Kutxa hori irekiko dutenak biziko baitira gaur eraikitzeko gai izango garen Euskadin. Eta hori da jokoan dagoena. Jokoan ez dago soilik hurrengo hauteskundeetan nork irabaziko duen. Jokoan dago Euskadin zer eredu jarriko dugun martxan hurrengo belaunaldientzat. Eta guk argi daukagu gure eredua. Argi eta garbi, EAJ-PNV. Azken 50 urte hauetan gizarte hau lideratu duena eta Euskadi eraikitzen jarraitzeko prest dagoena”. Horiek izan dira Aitor Estebanek denbora kapsula lurperatutakoan esan dituen hitz hunkigarriak.

50. edizioa ospatzeko Forondako taula gainean mosaiko handi bat osatuz amaitu den ekitaldian, Estebanez gain, Imanol Pradales lehendakariak eta Elene Bilbao EGIkideak hartu dute hitza. EBBren presidenteak irakurri du Xabier Arzalluz buru zuen Aberri Burutzak 1995ean idatzi zuen adierazpena, 1977ko Aralarko lehen Alderdi Eguna gogora ekarri du eta bizitoki dugun Herri hau emakume eta gizon haien ahaleginarekin altxatzen hasi zela gogorarazi du: "Erabakiak hartu zituzten. Konpromisoa hartu zuten. Eraiki egin zuten. Belaunaldiz belaunaldi. Gaurko egunera iritsi arte". Testuinguru horretan, urtero jeltzaleen festa handia ospatzeko lanean ari diren boluntarioak ere omendu dituzte. Pertsona haien guztien ordezkari gisa bertan izan dira Joseba González eta Agustín Elorza, hasiera-hasieratik ekintzaile handiak izan baitira gure jaiaren antolaketan.

Hitza hartzeko tartean, Estebanek bereziki aipatu nahi izan du datozen bi hauteskunderekin ziklo politiko berri bat hastear dagoela. Orokorrak eta udal eta foru hauteskundeak, baita Nafarroakoak ere: "Ez gaitezen despistatu. Ziklo bakarra da, deialdiak bata bestearen atzetik egingo direlako. Eta biak dira garrantzitsuak". Ildo horretan, EBBren presidenteak iragarri du EAJ-PNVren hautagaitzak aukeratzeko barne prozesuak urriaren 19an hasiko direla, eta ziurtatu du Sanchezek ezingo duela Espainiako legegintzaldia “gehiago luzatu” Aurrekontuak onartzea lortzen ez badu: "Ez gara irabaztera aterako erakundeak gure gain hartzeko edo blokeak egiteko. Irabaztera aterako gara eraikitzen jarraitu behar dugun Euskadi bat dagoelako. Izan ere, 50 urte barru denboraren kapsula zabaltzen duten egunean gauza bakar bat izango da garrantzitsua: zer nolako Herria utzi diegun”.

Estebanek euskara ere aipatu nahi izan du eta esan du "Herri gisa definitzen gaituen ondarea” dela. Hala kritikatu ditu “hainbat arlotatik, hala nola Alderdi Sozialistatik”, euskara gure gizartearentzat "beharrezkoa ez den oztopo edo zama moduko bat" delako ideia bultzatzen dutenak. Jeltzaleen buruak era berean ziurtatu du EH Bilduk hitzetik hortzera darabilela “taktika” hitza: “Lehenik eta behin beren kalkuluak eta, ondoren, tarterik geratzen bada, Herria. Izan ere, taktika besterik ez dute buruan”. Hain zuzen ere, hainbat adibide eman ditu zerrenda bateratuen ideia hori gezurtatzeko eta EAJ Bilduk EAJri eta Eusko Jaurlaritzari eman dizkien `ezezko´ guztiak argitzeko. “Asko esan eta gutxi egin”.

Bestalde, Imanol Pradales Lehendakariak azken 50 urtetan Euskadik bizi duen eraldaketa azpimarratu du, Garaikoetxea, Ardanza, Ibarretxe eta Urkullu lehendakarien eskutik etorri dena. Imanol Pradalesek esker oneko hitzak eskaini dizkie guztiei, gaur egun erakunde sendoak eta zaindu eta hobetzen jarraitu behar den bizi-kalitatea dituen Euskadi eraikitzen laguntzeagatik.

Ildo horretan, herritarren benetako arazoez hitz egiteko eta eguneroko bizitzako erronkei neurri zehatzekin erantzuteko beharra aldarrikatu du: bizitzaren kostua handitzea, etxebizitza eskuratzea, hezkuntza eta osasuna hobetzea, segurtasuna, lehen sektorearen zailtasunak edo gazteen lan eta soldata baldintzak. “Herrialdea egunez egun egitea eta jendea zaintzea. Hori da gobernatzea!”, azpimarratu du.

“Hor egongo gara beti. Kalea zapaltzen. Jendeari entzuten. Bestearen lekuan jarrita”, adierazi du, hurbiltasunean, entzutean eta herritarren kezkei erantzuteko gaitasunean oinarritutako politika egiteko modu bat aldarrikatuz. Era berean, Euskadi aurrera ateratzeko “bustitzeko” deia egin du, hauteskundeetako kalkulurik gabe eta lan eta seriotasunez.

Lehendakariak berretsi du, halaber, Euskadik ez diola inoiz uko egingo bere burua gobernatzeko eskubideari. “Moncloan dagoenak jakin behar du autogobernua ez dela trukerako txanpon bat, autogobernuarekin ez dela jokatzen”, ohartarazi du.

Azkenik, euskarari dagokionez, Pradalesek bere ezagutzan lortutako aurrerapen izugarria azpimarratu du eta hurrengo erronka bere erabileran jauzi baliokidea ematea dela adierazi du. Ildo horretan, «Jauzia Gara» ekimena aldarrikatu du, euskal gizarte osoari euskararen etorkizunean inplikatzeko gonbit gisa, baita oraindik ezagutzen ez dutenei ere, eta, bereziki, euskaraz hitz egiten dutenei dei egin die aurrerapauso bat emateko: “Euskara egunero bultzatzen da, etxean, kalean, lanean edo sareetan, eguneroko keinu txikiekin”.

Elene Bilbao EGIkideak hitza hartu du ekitaldian gazteek merezi duten etxebizitza “duin eta eskuragarria” defendatzeko, eta ildo horretatik azpimarratu duenez “jakin dakigu EAJ ekinean ari dela hala izan dadin lortzeko”. Bilbaok azaldu duenez asteburuko `kanpaldian´ euskal selekzioen ofizialtasunaren alde jardun dute: “Argi eta ozen esan nahi dugu EAJ dela euskal selekzioek nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartzearen alde lan egin duen bakarra. Berdea da gure selekzio bakarra”, amaitu du.

Interesatu Zaitez