EAJ-PNVko eurodiputatuak, gaur, ostegunarekin, Gipuzkoako portuko instalazioak eta arrantza lonja bisitatu ditu, Euskadirentzat benetan estrategikoa den azpiegituraren planak eta beharrak bertatik bertara ezagutzeko
25Irailak “Pasaiako portuek dagoeneko ezin dira ulertu salgaiak garraiatzeko azpiegitura soil gisa: aldi berean dira nodo logistiko, trenbide lotune, industriako kluster eta hub energetiko. Horregatik, Europa Konektatu Mekanismo berriaren txostengile naizen aldetik (CEF da bere akronimoa ingelesez), gaur defendatzen dut Europako Parlamentuan negoziatzen ari garen araudi berriak sinergia hauek ezagutu ditzala eta finantzaketa portu ertain eta txikietara ere bideratu beharra, Atlantikoko Korridorea ezin izango delako eurak gabe osatu”, baloratu du gaur bertan, ostegunarekin, Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak.
Agirregoitiak adierazpen hauek eman ditu Pasaiako Portuko instalazioetara egin du bisitan. Eurodiputatua bertara joan da Izaskun Goñi Pasaiako Portuko Agintaritzaren presidentearen eskutik ezagutzeko atlantikoko ardatzean erreferentziazko nodo logistiko bihurtzeko asmoa duen eta, beraz, Euskadirentzat erabat estrategikoa den azpiegituraren planak eta lehentasunak ezagutzeko.
Bisitan zehar, eurodiputatu jeltzaleak gogora ekarri ditu trenbide korridoreek gaur duten garrantzia eta, horien artean, mugaz gaindiko atalena “sarearen integrazio osoa bermatzeko eta benetako balio erantsia sortzeko funtsezko elementu diren aldetik”. Zentzu berean azaldu du Pasaiako portua soltean garraiatzen diren salgaien eta siderurgiaren trafikora dedikatutako azpiegitura dela, Azti ikerkuntza zentroaren bidez berrikuntzak ere presentzia handia duelarik. Horrek denak azpiegituren kontzeptu berrietarako eredu bihurtzen du Pasaiako portua: portua izateaz gain aldi berean salgaietarako nodo, trenbide lotune, industriako kluster, hub energetiko eta erabilera bikoitzeko azpiegitura delako.
Europa Konektatu Mekanismoaren txostengile izateaz gain, Europako Parlamentuko Garraio batzordearen izenean tresna honen edukia negoziatzeko ardurak dituen aldetik, Agirregoitiak gaur defendatu du CEF berriaren finantzaketa 2028-2034 aldirako negoziatzeko orduan portu guzti-guztiak aintzat hartzea, ertainak eta txikiak barne, beren lehiakortasuna bultzatzera begira guztiz garrantzitsuak diren proiektuetarako finantzaketa eskuratzeko aukera izan dezaten.
Bere aldetik, Portuko Agintaritzaren presidente Izaskun Goñik bere aldetik adierazi dio Pasaiarentzat Atlantikoko Korridorearen eta tren bidezko konexioen benetako garapenak duen garrantzia, dartsenaren eta hinterland deritzon lurraldearen arteko konektibitatea hobetzeko zein salgaien garraio are eraginkorragoa eta jasangarriagoa ahalbidetzeko. Biek adierazi dute Korridoreko botila lepoak ezabatzeak ekarriko duela Europako kate logistikoetan arku atlantikoko portuen posizioa indartzea eta deskarbonizatzeko helburuak lortzeko bidean aurrera egitea.
Trenbide korridorearen etorkizuna aztertzeaz gain, Makroeskualde Atlantikoa sortzearen inguruan hitz egin dute, erakundeek partekatzen dituzten erronkei buruzko ikuskera bat garatzea asmo duen ekimena, hala nola trenbide- eta argindar- konexioak, portuak, itsas-energia berriztagarriak ta industria. “Hilabeteak daramatzagu hori dena jorratzen. Espazio bera partekatzen dugu Europako beste erregio batzuekin eta lehen mailako aukera dugu arku atlantikoan kokatzeko, elkarrekin jarduteko, hobeto koordinatzeko eta gure tresna eta baliabideen are erabilera adimentsuagoa egiteko. Benetako eragile izan behar du ikusgarritasuna irabaz dezagun, aukera berriak sortuz eta Europar Batasunean gure eragin politiko, ekonomiko eta soziala areagotuz”, adierazi du eurodiputatu jeltzaleak. Bisita amaitzeko, Pasaiako arrain lonja bisitatu dute.