Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak galdera multzo bat bidali dio Europako Batzordeari Adimen artifiziala erabilita osasun arloko profesionaltzat aurkezten diren kontuen inguruan
07Irailak Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak galdera multzo bat aurkeztu berri du Europako Batzordeari zuzenduta, sare sozialetan osasun gaien inguruan ematen ari den desinformazioaren aurrean Zerbitzu Digitalen Legeari (DSA) dagokion zereginari buruzko argibideak eskatuz. 2023ko abuztuan indarrean sartu zen europar arau honek Interneteko plataforma handiei exijitzen die legez kontrako edukiak eta osasun publikoa kalte dezaketen edukiak zabaltzeak dakartzan arriskuak ebaluatzea eta murriztea.
“Ezin dugu onartu desinformazio-egoeren aurrean berandu iristea. Tresna eraginkorrak behar ditugu hiritarrak beren osasuna arriskutan jartzen duten eduki jakin batzuetatik babesteko. DSA da Europar Batasunean daukagun tresna plataforma handiei erantzukizunez jardutea exijitzeko. Adimen artifizialarekin sortu diren eta ordainketa bidez egiaztatuta dauden kontuekin, osasun-osagarriak saldu ahal izateko, osasun arloko profesionalak ordezkatu ahal izateak argi erakusten du araudi hori are indar handiagoarekin aplikatu behar dela”, azaldu du Agirregoitiak.
Agirregoitiak gogora ekarri ditu berrikitan kazetaritza alorretik egin diren ikerketak, adimen artifizialarekin sortu diren kontuak azaleratu baitituzte, horietako batzuk milioika jarraitzaile dituztenak eta Metan ordainketa modua egiaztatuta dutenak. Osasun arloko profesionaltzat aurkezten dira Youtube eta Instagram bezalako plataformetan, osasun gaiei buruzko desinformazioa zabaltzeko. Gainera, eta espainiar legeriak “ustez sendatzekoak diren” produktuen publizitatea eginez osasun arloko profesionalen lekukotza aurkeztea berariaz debekatzen duen arren, kontu horien portzentaje handi batek elikadura-osagarriak saltzen ditu eta osasun aholkuak ematen ditu. Kontu horietako askok, gainera, ehunka mila jarraitzaile dituzte, osasunerako onak omen diren produktuak saltzen dituzte baina inolako osasun baimenik gabe, eta sendabide miragarriak agintzen dituzte era guztietako gaixotasunetarako.
Eurodiputatu jeltzaleak Europako Batzordeari galdetu nahi dio AArekin sortu diren kontu horiek urritasunik edo akatsik ezkutatzen duten arriskuak murrizteko europar araudian jasotzen diren neurrietan. Horri lotuta galdetzen dio ikerketa berririk irekitzeko asmorik duen eta Amazon multinazionalari galdetuko ote dion bere afiliatu programaz eta horrek ekar ditzakeen arrisku sistemikoez sare sozialetan osasunari buruzko desinformazioa zabaltzen duten sortzaileen finantzaketari dagokionez.