Alderdi Egunerako egin diren kartel guztien erakusketa ikusgai Sabin Etxean jeltzaleen jai nagusiaren 50. urteurrena dela-eta

EBBren idazkari Maitane Ipiñazarrek gaurko aurkezpen ekitaldian azaldu duenez erakusketa honek eskaintzen du “mende erdiko legatu oparoa, aldi bakoitzeko une, gertakari eta lehentasun politikoak jasoz”. Halaber, aurtengo edizio berezirako prestatu den kartela aurkeztu du `Alderdia Bizi´ goiburua aldarrikatuz

Alderdi Egunerako egin diren kartel guztien erakusketa ikusgai Sabin Etxean jeltzaleen jai nagusiaren 50. urteurrena dela-eta 04Irailak
IrailaK 04 |
EBB

PARTEKATU

Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak, Sabin Etxean bertan kokatuta dagoenak, gaurtik aurrera eskainiko du Alderdi Egunaren 50. urteurrenaren kariaz jai nagusi honetarako prestatu izan diren kartel guztien erakusketa. Aurtengoa ere badago erakusketa horretan jasota, `Alderdia Bizi´ goiburuarekin egin dena. Erakusketaren aurkezpenean izan dira EBBren presidente Aitor Esteban, idazkari Maitane Ipiñazar eta Arantxa Tapia Sabino Arana Fundazioaren presidentea.

Ipiñazarrek Sabin Etxean eman duen prentsaurrean azaldu duenez, erakusketak eskaintzen du “mende erdiko legatu oparoa, aldi bakoitzeko uneak, gertakariak eta lehentasun politikoak erakusten dituena”. Lehen aldiz erakusten dira denak Museoan. “Euzko Alderdi Jeltzalearen historia garaikidea laburbiltzen duten 50 irudi, bai eta 1977ko lehen topaketa hartatik aurrera eta gaur egunera arte gure Alderdiaren eta gure Herriaren lehena, oraina eta batez ere geroa ospatu eta aldarrikatu dugun milaka emakume eta gizonena ere”, esan du.

EBBren idazkariak gogora ekarri duenez irailaren 27an, igandearekin “Forondako zelaietan biziko dugu gure Alderdiaren 50. edizioa. Askotariko ekitaldi eta ekintza antolatu dira horretarako. “Hilabete honetan zehar lehen Alderdi Egun hura gogoratu eta biziko dugu eta aurreikusita ditugun hainbat ekimenez gain, hilaren 21ean Aralarko Done Mikelera joango gara, Euzkadi Buru Batzarraren bilera bertan egiteko”, azaldu du.

Aurtengo ediziorako aukeratutako goiburua ‘Alderdia Bizi’ da. “Alderdi jeltzalearen talde-espiritua erdigunean jartzeko dugun era da. Bizirik dirauen Alderdia gara 131 urte eta 50 Alderdi Egun geroago etxe bakoitzean bizi delako, batzoki bakoitzean, bilera eta eztabaida bakoitzean, Euskadi bizi proiektua egiteko tokirik onena izan dadin bere onena ematen duen pertsona bakoitzarengan”, esan du EBBren idazkariak.

“Urtero, milaka lagun batu izan dira gure jai nagusia ospatzeko. Eta aukera hau aprobetxatu nahi dut familia jeltzale osoa, alderdikide eta alderdizale  bakoitza, hilaren 27an Forondan izatera gonbidatzeko, aurtengoa gogoan izateko edizioa izango delako”, animatu du Ipiñazarrek. “Politikaz harago, Alderdi Eguna topagune izan da, elkartzeko, eta besarkatzeko eguna, batasun eguna.  Ahalegina merezi duen eta urterik urtera Herri hau eraiki duen proiektu baten parte garela sentitzeko”, amaitu du.

Interesatu Zaitez