Euskal Taldeko bozeramaileak gogora ekarri ditu Estatuak Marokorekin historikoki izan duen harreman “gatazkatsua” eta ondoko herriak eskaintzen duen “fidagarritasun eskasa”
03Irailak Maribel Vaquero Euskal Taldeko bozeramaileak gaur, ostegunarekin, Kongresuan eman den aparteko agerraldiaz hitz egiteko lau ideia adierazi ditu. Lehenik eta behin Gobernuari txarretsi dizkio gatazkarekin egin duen kudeaketa eta gertatutakoa dimentsionatzeko gaitasun urria, Maroko fidagarritasun “eskasa” eskaintzen duen auzokidea dela gaineratuz. Esan du migrazioak dakarren erronka ezin dela jorratu inprobisazio eta populismo hutsetik, baizik eta erantzukizunetik eta kudeaketa ordenatutik eta, amaitzeko, Eusko Jaurlaritzarentzat eskatu ditu migrazio gaietako eskuduntzak.
“Ez duzue errealitatea dimentsionatzen jakin. Eta informazioekin zabuka ibili izanak erakusten du berdin jarraitzen duzuela. Hau ez zen edozein migrazio krisi bat. Ez duzue etortzen ikusi, berandu ibili zarete eta ez duzue ulertu egoera honek zuzenean ukitzen dituenei eragiteaz gain, iritzi publiko osoari eragiten diola”, txarretsi dio Vaquerok Sánchezi, eta gaineratu du honakoa aparteko krisia izan dela Ceuta zeharkatu duen pertsona kopuru handiagatik. Hiri hau Europak Afrikan duen mugetako bat izanik argi utzi duenez “hegoaldeko mugan gertatzen denak Euskadiren oraina eta etorkizuna baldintzatuko du, Europarako mugako zeharbidea delako”.
Espainiako gobernuak azken hile honetan eskaini duen “datu-dantza kezkagarria” aipatu du bozeramaileak “harridura eta nahasmena eragiteaz gain, mesfidantza eragin duelako”. “Zuek eman beharreko bertsioan ados jartzen ez bazarete, ezin diozue inori eskatu fedeari eustea”, gaineratu du Vaquerok.
“Jarraitzen dugu jakin gabe zer eta zergatik gertatu zen”, ezta Gobernuak hemendik aurrera “zer egingo duen” ere, “presazkoa dena konpontzeko”, ezta “berriz ere gerta ez dadin, Europako mugako segurtasuna bermatuz”. Eta gaur, gainera “ kontakizun autokonplazientea ekarri diguzu. Ez duzu neurria eman”, gaineratu du Vaquerok.
Bozeramaile jeltzaleak gaineratu du "sinesgaitza" dela "Maroko erantzukizun guztietatik errugabetuta geratzea", "kolaboratu duelako edo, behintzat, beste alde batera begiratu duelako". "Ez du onartzen, euretakoek ikusten dutena ere, hau da, Maroko ez dela herrialde fidagarria. Estatuak Marokorekin izan duen harremana gatazkatsua izan da eta da: lurraldeen subiranotasuna aldarrikatzeko eskakizun historikoan oinarrituta dagoelako", gogorarazi dio Vaquerok Sanchezi, eta Ceutara iristeko ahaleginean hildako marokoarren itzulketen, familia berrelkartzeen edo aberriratzearen aurrean ondoko herrialdeak erakutsi duen lankidetza eskasa azpimarratu du. "Zuzenean parte hartu ez bazuen, gutxienez zeharka egin zuen, bere adostasunarekin", berretsi du. "Auzotasun" oneko "harremanak izateak ez du eragozten irmo jokatu beharra", esan du "Marokok oraingoan zer eskatzen duen" galdetu aurretik.
Vaquerok azaldu duenez, gertaeren larritasunari gehitu behar zaio Espainiako Gobernuaren gelditasunak mutur politikoen arteko ezbaian immigrazioari eta harrerari buruzko eztabaida nagusitzea, eta "badira antifaxismoaren leloari buruzko hauteskunde-kanpaina diseinatu dutenak ere, eta euren kontakizunerako ondo datorkie".
"Nire alderdian ez gatoz bat etorkinak mehatxu gisa aurkezten dituztenen tesiekin, baina ez gaude ados hitz onak baino eskaintzen ez dituztenekin eta migrazioaren kudeaketa errealistarako proposamenik ez dutenekin ere, giza eskubideak defendatzea eta segurtasunaz, mugez, itzuleraz eta legea betetzeaz hitz egitea bateraezina dela uste dutenekin. Baina ezin ditugu herritarrak engainatu: migrazioa beharrezkoa da, Europa zahartuan bizi gara, baina horrek ordenatua izatea eskatzen du", azaldu du.
Hala, gai horretan jeltzaleek duten jarrera aurkeztu du: "kudeaketa behar da, migrazioaren fenomenoari aurrez-aurre begiratu behar zaio; Europaren eta munduko beste leku batzuen arteko desberdintasunek, klima-aldaketak eta gerrek Europara pertsonak erakartzen jarraituko dutela ulertu behar da. Baina gizarteak, baita euskal gizarteak ere, ordena eskatzen digu, segurtasunez egitea, baita migratzaileentzat beraientzat ere, benetako gizarteratzea eskainiz. Eta populismoetatik ihesi. Migrazioaren kudeaketa arduratsua, ordenatua eta humanitarioa planteatzen eta defendatzen dugu, ez inprobisatua".
Vaquerok defendatu duenez, "justu kontrakoa da, erronka horri modu serioan aurre ez egitea, eta horrek haserrealdi gehiago eta jarrera polarizatuak sortzen ditu", eta "hau nor antifaxistagoa edo abertzaleagoa den ikusteko borroka batera murrizteak egoera okertzea baino ez du ekarriko".
Eta, horretarako, Euskadirentzat migrazio-arloko eskumenak eskatu ditu: "Eragile politiko aktibo izan nahi dugu, erabakitzeko ahalmenarekin , eragile pasibo huts izan gabe, hau da, migrazio-politikaren definizioan eraginkortasunez parte hartuz, baita Migrazio eta Asilorako Europako Itunean ere, horrek Euskadin ondorio zuzenak baititu".