Ordezkapena gauzatuko da Eusko Legebiltzarrak Vitoria-Gasteizko oraingo alkateordea senatari autonomiko izendatzean, eta erabakiak erantzuten dio Senatuko orain arteko bozeramaile jeltzaleak berak bere ibilbide politikoari amaiera emateko adierazi duen asmo pertsonalari
01Irailak Senatuko Euskal Taldeak bozeramaile berria izango du aurrerantzean. Talde jeltzalearen orain arteko bozeramaile Estefanía Beltrán de Herediak aspaldi adierazi zion Alderdiari bere ibilbide politikoari amaiera emateko asmoa zuela, ordezkatua izateko garai aproposa iritsi dela ulertuta. Vitoria-Gasteizko oraingo alkateorde Beatriz Artolazabal izango da lekuko hori hartuko duena. Eusko Legebiltzarrak Artolazabalen izendapena bozkatuko du datozen asteotan.
EAJ-PNVren EBBk, lehenik eta behin, Estefanía Beltrán de Herediari eskertu nahi dio (Uribarri-Arana, 1960) Euskadiren zerbitzura egin duen ibilbide nekaezin eta emankorra, azken sei urteak Senatuko Euskal Taldearen burutzan eman dituelarik. Hala beteko da Goiko Ganberako orain arteko bozeramaile jeltzaleak 2024an izendatua izan zenean adierazi zuen borondatea, orduan adierazi nahi baitzuen ibilbide politikoa 2026. urtean amaitu nahi zuela. Aldi honetan, Beltrán de Heredia erreferente bilakatu da Senatuko gainerako taldeentzat, irizpide zuzena eta koherentzia aitortu izan baitiote euskal herritarren defentsan, Partido Popularraren aldetik gehiengo nagusia alderdikeriaz erabiltzen den bitartean.
Orain arteko bozeramaile jeltzalea Senatura iritsi zen Euskadiren zerbitzuan hainbat lan egin ondoren, besteak beste Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburu gisa 2012 eta 2020 urte bitartean. Lehenago, 2007 eta 2011 urte bitartean, Nekazaritzako Foru Diputatua izan zen Araban. Arabako Batzar Nagusietan Prokuradore izan zen 1995 eta 1998 urte bitartean eta ondoren 2011tik 2012ra bitartean, bai eta eusko legebiltzarkide Eusko Legebiltzarrean 1998 eta 2001 urte bitartean eta 2005etik 2007ra bitartean, Talde Jeltzalean Berdintasun eta Nekazaritza gaietarako bozeramailetzaz arduratu zelarik.
EAJ-PNVren EBBk Beatriz Artolazabali eskertu nahi dio zerbitzu publikoan eta Euskadirenganako konpromisoak bultzatuta eman duen guztia, eta aldi berri bat hasiko du orain Eusko Legebiltzarrak Senatuko bozeramaile jeltzale izendatzen dutenetik aurrera. Handik euskal herritarren interesak defendatuko ditu erakundeetan irabazi duen eskarmentua, Herriaren ezagutza, lan egiteko gaitasun handia eta elkarrizketarako duen berezko jarrera baliatuz.
Beatriz Artolazabal (Vitoria-Gasteiz, 1970) EAJ-PNVko alderdikide egin zen 21 urte zituela. Ekonomia eta Enpresa Zientzien gradua egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta ibilbide politikoa hasi zuen 2000. Urtean Vitoria-Gasteizko zinegotzi bihurtzean. Hain zuzen ere, erakunde honetan aritu izan da azken 3 urteotan alkateorde eta Espazio Publikoa eta Auzoen zinegotzi gisa. Orain arte egin duen ibilbide luze eta zabalean Osakidetzako zuzendari ekonomiko-finantzarioa izan zen, Gizarte Zerbitzuen diputatu Arabako Foru Aldundian eta 2016 eta 2023 urte bitartean Eusko Jaurlaritzako Sailburu, lehenengo Enplegu eta Gizarte Politiken Sailean eta ondoren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailean.