EAJ-PNVk Udal Gobernuari egotzi dio Alardearen inguruko elkarrizketan zuhurtziaz jokatzeko adostasuna hautsi izana

Jeltzaleek zalantzan jarri dute Abotsanitzek eta EH Bilduk, jaien bezperetan, ordura arte Udaleko talde politiko guztiek zuhurtziaz kudeatu beharrekoa zela iritzitako egoera publiko egitea erabaki izana, eta galdetu dute zer bilatzen duen Udal Gobernuak komunikazio honekin.

Ruben Plaza 25Abuztuak
AbuztuaK 25 |
HONDARRIBIA

PARTEKATU

Jeltzaleek Udal Gobernuaren autokritika falta deitoratu dute, eta zalantzan jarri dute inplikatutako eragileetako bat publikoki seinalatzea elkarrizketa berreskuratzeko eta konfiantza berreraikitzeko modua ote den.

Hondarribiko EAJ-PNVk kezka agertu du Udal Gobernuak, Hondarribiko Udalaren bidez, Alardearen inguruko elkarrizketari buruz argitaratutako oharraren aurrean, eta zalantzan jarri ditu Abotsanitzek eta EH Bilduk bereziki sentikorra den egoera hau publiko egiteko aukeratutako unea eta kontakizuna.

Jeltzaleek gogorarazi dute Alardearen inguruko bizikidetza hobetzeko lana ez zela egungo Udal Gobernuarekin hasi. Urte luzez elkarrizketa eta topaketarako guneak sustatu dira, Hondarribian dauden sentsibilitate ezberdinekiko errespetuan aurrera egiteko helburuarekin.

Zergatik ezkutatu gertatutakoaren funtsezko zati bat?

Udalaren oharrak elkarrizketa prozesuko eragileetako batek prozesua uztearen berri ematen du, baina ez du azaltzen erabaki hori hartzera eraman zuten arrazoiak zeintzuk izan ziren.

"Zergatik kontatzen du Udal Gobernuak gertatutakoaren zati bat, baina haustura zergatik gertatu zen ulertzeko funtsezkoa den elementua ezkutatzen du? Zergatik ez du historia osoa azaltzen?", galdetu du EAJ-PNVk.

Jeltzaleek gogorarazi dute, gainera, martxan zegoen elkarrizketa guneak aurrerapausoak ematen ari zirela, prozesuaren dinamizatzailearen beraren arabera, parte-hartzaileen bilakaera positiboa eta konpromisoa sumatu baitziren.

Zergatik orain?

EAJ-PNVrentzat zaila da ulertzea zergatik erabaki duen Udal Gobernuak orain publiko egitea, bere oharrean bertan aitortzen duen bezala, duela hilabete batzuk gertatu zen egoera bat.

Udalak adierazi du HAOSEk duela hilabete batzuk jakinarazi zuela prozesua uzteko erabakia. Hala ere, Udal Gobernuak jaien bezperetara arte itxaron du egoera hau publiko egiteko eta inplikatutako eragileetako bat horren modu zuzenean seinalatzeko.

"Erabaki horren berri duela hilabete batzuk bazuten, zergatik egiten da orain publiko? Zergatik, hain zuzen ere, jaien bezperetan? Zer bilatzen du Udal Gobernuak seinalamendu publiko honekin?", galdetu du EAJ-PNVk.

Jeltzaleentzat, galdera horiek are beharrezkoagoak dira kontuan hartuta ekaineko Bozeramaile Batzordean egoera bereziki sentikor baten aurrean zuhurtziaz jokatzeko beharra agerian geratu zela.

"Zer aldatu da ordutik? Zer ekarpen egiten du orain egoera hau publiko egiteak? Elkarrizketa eta konfiantza berreskuratzen laguntzen al du inplikatutako eragileetako bat publikoki seinalatzeak?"

EAJ-PNVren ustez, zilegi da galdetzea ea komunikazio honen helburua benetan konfiantza berreskuratzeko beharrezko baldintzak sortzea den, edo Udal Gobernuak bere burua elkarrizketaren alde ahaleginak egin dituen eragile gisa aurkezteko eta porrotaren erantzukizuna besteengan jartzeko kontakizun bat eraikitzeko beharrari erantzuten dion.

Interesatu Zaitez