Ikurrinaren 132. urteurrena ospatzen den egunean, Bizkai Buru Batzarreko presidente Iñigo Ansolak gure historiako kapitulurik ilunenak ez ahaztearen garrantzia azpimarratu du eta ikurrina "kultura eta izateko modu ireki, demokratiko, solidario eta aurrerapenarekin konprometituaren sinboloa" dela goraipatu du.
132 urte igaro dira uztailaren 14an ikurrina lehen aldiz altxatu zenetik. Gaur ikurrinaren omenezko ekitaldia egin den leku berean altxatu zuten, Bilbo Zaharra batzokian. Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko presidentea izan da bertan, baita Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Mikel Hidalgo EAJ-PNVren udal hauteskundeetarako hautagaia ere. Ibone Bengoetxea lehendakariordea eta Oihane Agirregoitia eurodiputatua ere bertan izan dira, EAJ-PNVko beste ordezkari batzuen artean.
Ansolak Alderdiaren zentraltasunean jarri du arreta, euskal politikaren mutur negatiboak aipatuz; "mutur bat gure nortasunari, kulturari, euskarari edo autogobernuari lotsagabekeriaz aurre egin ziotenen oinordekoek osatzen dute. Memoria historikoa aitortzearen eta berreskuratzearen aurka agertu zirenen oinordekoak" salatu du. Beste muturrean, Ansolak "Herri honi bere iraultza indarrez inposatu nahi izan ziotenak" kokatzen ditu. Gernikako Estatutuari, Euskadiren instituzionalizazioari, Kontzertu Ekonomikoa berreskuratzeari edo gure Herriaren enpresa eta industria suspertzeari ahalik eta oztopo gehien jarri zietenak".
Era berean, BBBko presidenteak gure Herria eraikitzen jarraitzeko deia egin du, gure historiako kapitulurik ilunenak ahanzturan erori gabe, "beharrezkoa da gogoratzea... Ez dezagun ez-ikusiarena egin, gure historiako gertakari ilunenak ahaztuz gero, berriro sufritzeko arriskua baitugu" hausnartu du.
Ikurrinak ordezkatzen dituen balioei dagokienez, Ansolak azpimarratu du "kultura baten sinboloa" dela, "gizartea ulertzeko modu bat, nortasun propio bat eta aurrerabidearekin konprometitutako izaera ireki, demokratiko, solidario bat" ordezkatzen duela. Horrekin batera, Euzko Alderdi Jeltzalearen historiako pertsona erreferenteak, Agirre, Leizaola, Landaburu, Irujo edo Ajuriaguerra, jarraitu beharreko adibideak direla uste du.
Agirre lehendakariak indarkeriaren bidea arbuiatu zuen
BBBko presidenteak Agirre lehendakaria aipatu du berriro, Euskadi "justu, oparo” eta “bizikidetzan eta bakean" oinarritua nahi zuela gogorarazteko. Euskadiko historiako lehen lehendakariaren hitzak ekarri ditu gogora: "ikurrina airean dabilen bitartean, Euskadiren itxaropenak bizirik dirau”. “Euskadi aske izateko itxaropena” gaineratu du Ansolak, "Agirrek faxismoari ezetz esan ziolako". "Duela 70 urte, Agirrek ezetz esan zien indarkeriaren bidea hartu zutenei", errepikatu du.