Europar Batzordeak ulertzen du ikus-entzunezko edukien geoblokeoak oztopo egiten diela euskara moduko hizkuntzei, eta arazoa aztertuko duela hitzeman du

EAJ-PNVko eurodiputatu Oihane Agirregoitiak konponbide zehatzak eskatu ditu Europako Parlamentuko Hizkuntza gutxituen Intertaldeko eurodiputatuek jaso duten erantzuna ikusita

Europar Batzordeak ulertzen du ikus-entzunezko edukien geoblokeoak oztopo egiten diela  euskara moduko hizkuntzei, eta arazoa aztertuko duela hitzeman du 08Ekainak
EkainaK 08 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

Europako Batzordea jakitun da Europar Batasunean diren hizkuntza gutxituek gaur egun arazo handiak dituztela ikus-entzunezko edukiak  euren ama hizkuntzan jasotzeko orduan, bereziko mugaz haraindiko guneetan, eta  ziurtatu du konpromiso sendoa duela funtsezko giza eskubideen defentsan, hizkuntzagatiko  eta kulturagatiko diskriminaziorik eza  barne hartuz. Momentuz ez du zehaztu geoblokeoari eta  lurraldekako emisio eskubideei buruzko europar araudiak planteatzen dituen erronkak konpontzeko irtenbideak zein izan daitezkeen, baina ziurtatu du  araudiaren esparrua  zabaltzeko aukerak jorratuko dituela “onurak, erronkak eta arriskuak” aztertzera begira.

Hala konfirmatu du Henna Virkkunen presidenteordeak Europako parlamentuko Hizkuntza gutxituen Intertaldeko dozena erdi eurodiputatuk eginiko galderei erantzunez, galdera horien artean Oihane Agirregoitiarenak egon direla. “Blokeo  geografikoa benetako oztopoa da. Horren eraginez milaka pertsonek ezin dute ikus-entzunezko edukia beren ama  hizkuntzan jaso, mugak zeharkatzen dituztenean. Gure kasuan, pentsatu mugaren beste aldean programa bat ikusi nahi duzula edo Diasporako kide izanik, partida bat ikusi nahi duzula. Geoblokeoak hori eragotzi egingo dizu eduki digitaletarako sarbidea blokeatzen duelako konexioa egiten den herrialdearen arabera. Arazoa handiagoa da euskaraz  moduko hizkuntzentzat, gure  hizkuntza biziberritzeko egiten ditugun  esfortzuak ahultzea ekar lezakeelako”, baloratu du EAJ-PNVko eurodiputatuak.

Hala, positibo jo du Europar Batzordeak bere erantzunean konfirmatu izana egoera hau aztertu egingo duela, baina konpromisoa “hobetu daitekeela” esan du. “Geoblokeoa muga digitala da, baina hizkuntzek ez dute mugarik. Erkidego batzuek hizkuntza berbera  dute estatu ezberdinetan izan arren, eta horregatik  konponbide zehatzak behar ditugu. Beharrezkoa da araudia berrikustea Europan ditugun hizkuntza aniztasuna eta aniztasun kulturala benetan babesteko”, baloratu du Agirregoitiak.

Parlamentuan eman den erantzunean  Batzordeko presidenteorde eta subiranotasun teknologiko, segurtasun eta demokraziaren arduradun Henna Virkkunenek azpimarratu du Europar Batasuneko Gobernuak oinarrizko eskubideen defentsan duen konpromisoa, hizkuntzagatiko diskriminaziorik ezaren eskubideak eta kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren errespetua barne, Oinarrizko Eskubideen Gutunarekin bat etorriz. Era berean, ziurtatu du Exekutiboa jakitun dela gutxiengo linguistikoek beren ama hizkuntzan ikus-entzunezko edukiak eskuratzeko dituzten zailtasunez, eta ziurtatu du aldizkako elkarrizketa izan ohi duela gutxiengo linguistikoetako eta mugako eskualdeetako ordezkariekin.

Hala ere, oraingoz egoera berriz ebaluatzeko konpromisoa baino ez du hartu, Europako Parlamentuak aspaldidanik eskatzen duen bezala, aztarnarik eman gabe eta irtenbide zehatzik zehaztu gabe. "Kontu Auzitegiaren gomendioari jarraituz, Batzordeak azterlan bat abiaraziko du ikus-entzunezko zerbitzuen blokeo geografikoari buruzko Erregelamenduaren aplikazio-eremua zabaltzearen onurak, erronkak eta balizko arriskuak aztertzen jarraitzeko, kontuan hartuta Europako Parlamentuak 2018ko blokeo geografikoari buruzko Erregelamenduaren aplikazioari buruz emandako ebazpena, ikus-entzunezko sektorearen banaketa-mota eta eredu espezifikoetara bideratutako ikuspegi mailakatua kontuan hartzea iradokitzen zuena". Aipatutako erregelamenduak zenbait oztopo digital ezabatzen ditu merkatu bakarrean, baina berariaz baztertzen ditu ikus-entzunezko edukiak.

Interesatu Zaitez