EAJ-PNVk Lasarte-Oriako Batzoki berria inauguratu du, udalerriarekin eta euskararekin duen konpromiso historikoa aldarrikatuz

EAJ-PNVk gaur inauguratu du Lasarte-Oriako Batzoki berria, eta ekitaldian udalerriarekin nahiz euskararekin duen konpromiso historikoa berretsi da. Dozenaka alderdikide eta jarraitzaileren aurrean, Euzkadi Buru Batzarreko presidente Aitor Estebanek, Gipuzko Buru Batzarreko presidente Euge Arrizabalagak eta Lasarte-Oriako Uri Buru Batzarreko presidente Esti Alkortak hartu dute hitza; emozioz, memoriaz eta etorkizunari begirako ikuspegiz beteriko ekitaldian.

EAJ-PNVk Lasarte-Oriako Batzoki berria inauguratu du, udalerriarekin eta euskararekin duen konpromiso historikoa aldarrikatuz 30Maiatzak
MaiatzaK 30 |
LASARTE-ORIA

PARTEKATU

Aitor Esteban EBBren presidenteak EAJ-PNVren eredu politikoa nabarmendu du, “zintzotasunean” oinarritutakoa alegia. “Badakigu nortzuk garen eta harro gaude. Herri eredu konkretu bat defendatzen dugu, badakigu zein den Euskadik behar duen norabidea eta nola egin fidagarria izaten jarrai dezan”. Udal eta foru hauteskundetarako urtebete falta denean, "umiltasuna, Herriarekiko konpromisoa eta eredugarritasuna" eskatu die alderdikide guztiei. "Herri bakoitzean, udal bakoitzean, zintzotasunez joka dezagun, eta entzun ditzagun herritarrak. Jarrai dezagun Herri honen lidergoan, elkarrekin geldiezinak garelako”, esan du.

Estebanek Estatuko politikak bizi duen egoera ere aipatu du, eta “larritzat” jo du. Hala, kritiko agertu da Pedro Sanchez presidenteak Kongresuan azalpenak emateko aukeratutak datarekin eta Europako gaiekin nahastu nahi izatearekin. “Azalpen horiek oso beharrrezkoak dira eta alderdi politiko askok eskatu ditugu, baina ez Bilduk", azpimarratu du. Halaber, jeltzaleen presidenteak PPren politika egiteko modua salatu du, EAJ-PNVren aurkako "irainean" oinarrituta. "Apustu egingo nuke gaur Tellado eta De Andrés EAJ iraintzen ari direla Bilbon. Eta erantzukizuna eskatzen. Guri erantzukizuna eskatuko digute Vox-ekin ituna egiten duenak?", salatu du. 

Euge Arrizabalagak azpimarratu zuen EAJ-PNVren eredua “proiektu abertzalea” dela, Euskadi osatzen duten pertsona guztiei zuzendua, aukera berdintasuna eta eskubide unibertsalak oinarri hartuta. Haren esanetan, alderdiak herri honen garapen sozioekonomikoan eta nazio-eraikuntzan egindako ekarpenak aldarrikatzeko moduko ondarea du, eta horregatik adierazi zuen: “Gure iraganaz harro gaude, normalizazio beharrik gabe”.

Mundu mailako ziurgabetasun eta autoritarismoaren gorakadaren aurrean, Arrizabalagak balio demokratikoak eta komunitarioak jarri zituen erdigunean. Indibidualismoaren aurrean, herri ikuspegia aldarrikatu zuen: “NI eta NIREA deklinatu ordez, GU-GUREA”. Haren ustez, herriaren etorkizuna eraikitzeko ezinbestekoak dira demokrazia, gizatasuna eta elkartasuna, helburu nagusi batekin: “Pertsona askeak, Euskadi askatu batean”. Era berean, euskal agenda politikoa lehenestearen alde egin zuen, Espainiako politikatik datorren “zaratak” baldintzatutako eztabaidetatik aldenduz. Horretarako, herri-akordioak eta akordio nazionalak lideratzeko borondatea berretsi zuen.

Esti Alkorta tokiko erakundeko presidentearen hitzetan, Batzoki berria “topagune, eztabaidarako gune eta komunitatea eraikitzeko espazio izateko bokazioz jaio da”, urte bereziki esanguratsu honetan; izan ere, Lasarte-Oria udalerri independente gisa eratu zeneko 40. urteurrena eta lehen Euskararen Maratoiaren 40. urteurrena ospatzen dira aurten.

EAJ-PNVk aldarrikatu du bi mugarri historiko horietan izan zuen paper erabakigarria. “Desanexio prozesuan lehen lerroan egon ginen, egonkortasuna, erantzukizuna eta lana eskainiz, Lasarte-Oria oinarri sendoekin sortu zedin”, adierazi zuen Alkortak ekitaldian.

Era berean, alderdi jeltzaleak gogorarazi du 1986ko lehen Euskararen Maratoia antolatzeko lanetan zuzenean parte hartu zuela; ekimen hura “gure hizkuntzaren aldeko, eta etenik gabeko 40 orduko zorioneko eromena” izan zela nabarmendu dute. Haien esanetan, mugimendu hark “Lasarte-Oria aktibatzeaz gain, Euskadi osoko euskararen aldeko mugimenduentzat faro eta erreferente nagusi bihurtu zen”.

EAJ-PNVk azpimarratu nahi izan du alderdiaren eta udalerriaren historiak elkarrekin egin dutela aurrera azken lau hamarkadetan: “Ez ginen Lasarte-Oriaren sorrera edo gure hizkuntzaren biziberritzearen ikusle hutsak izan; haren autonomiaren arkitektoak eta gure hizkuntzaren sustatzaileak izan ginen”.

Azkenik, ekitaldia belaunaldi berriei bereziki zuzendutako mezu batekin amaitu da. Batzokira “beldurrik gabe hurbiltzera” animatu dituzte, ideiak ekartzera, parte hartzera eta gauzak ikuspegi kritiko batetik zalantzan jartzera gonbidatuz.

IBILBIDEA ETA KONPROMISOA

Ekitaldian, udalerrian proiektu jeltzalea bizirik mantendu duten pertsona guztien ahalegina eskertu da, eta bereziki zatiketaren ondorengo unerik zailenetan alderdia berreraikitzen lagundu zutenena. Batzuek “urratsa eman, erantzukizunak hartu eta etorkizuna eraikitzen jarraitzeko proiektu kolektibo hau bizirik mantendu zuten”. Horregatik, omenaldia egin zaie alderdia berreraiki ondoren osatutako lehen zuzendaritzako hiru militante historikori: Luis Mari Ansari, Mª Jose Egurzari eta Juan Mª Alkortari. Azken hori, gainera, Uri Buru Batzarreko presidente izan zen 30 urtez, eta duela gutxi zendu da.

EAJ-PNVk balioa eman nahi izan dio alderdiak Lasarte-Orian duen ibilbide historiko sakonari. Gogorarazi duenez, 1930ean eratu zen Lasarte eta Oriako Uri Buru Batzarra, Mikel Urreta oriatarrak —Foru Diputatua izandakoak— emandako hitzaldi baten ondoren. Une hartan igo zen lehen aldiz ikurrina Azurza-ren etxeko balkoira. Ekitaldian balio sinboliko handiko hainbat erreferentzia historiko ere berreskuratu dira, horien artean lehen UBB hartako diruzain Andoni Arozenak jasotako hitzak:

«Igandeko jayak zabaldutako aziya asi da loretzen; egun abetan amabi Alderdikide berrikin loretu da Lasarte eta Oria´ko Uri Buru Batzarra´ren abertzale sailla. ¡Aupa euzkotarrak! ¡Batu gaitezen guziok Euzkadi´ren alde!»

Urtebete geroago, 1932ko uztailaren 17an, herriko lehen Batzokia inauguratu zen, euskal nazionalismoak herrian indar handia hartzen ari zen testuinguruan. Garai hartan, Michelin lantegiaren inguruan hazten ari zen Lasarte industrialarekin eta tokiko gizarte-eraldaketarekin lotuta egon zen Batzokiaren irekiera, besteak beste.

Alderdiak gogorarazi du, halaber, 1933an Lasarten eta Orian Emakume Abertzale Batza erakundea sortu zela, EAJ-PNVri lotua, eta emakumeentzako prestakuntza-ikastaroak eta sukaldaritza-eskolak bezalako ekimen aitzindariak sustatu zituela. Ondoren etorri ziren Gerra Zibila eta frankismoa, eta garai horiek eten egin zuten jarduera politiko eta sozial hura, Trantsizio garaian egitura demokratikoak berreskuratu ziren arte.

Interesatu Zaitez