Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzalearen aburuz, aurreko igandeko hauteskundeetan orain arteko opositore Tisza alderdiak garaitu izanak itxaropenerako leihoa ireki du Hungarian eta Europa osoan
13Apirilak Igandean Hungarian egin ziren hauteskundeetako emaitzak ospatu ditu gaur EAJ-PNVk, Tisza alderdia, orain arte oposizioan zegoena, hauteskundeetako garailea izan baita aurrekaririk izan ez duen mobilizazioari esker. Talde jeltzaleak uste du Péter Magyar-en garaipena, orain arteko lehen ministro Viktor Orbán kargugabetu baitu, albiste ona dela Europako demokraziarentzat.
“Itxaropenarekin ikusten dugu Hungarian eman den aldaketa. Asko sufritu izan dugu Viktor Orbánen jarrera. Troiako zaldia izan da Europar Batasunean eta, beraz, Hungariako herriari zorionak esateko eguna da gaurkoa. Bozketaren emaitza oso argia izan da: demokraziaren aldeko botoa izan da, Zuzenbide estatuaren eta Europar baloreekiko errespetuaren aldeko botoa”, nabarmendu du gaur Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eurodiputatuak ETB1en Egun On saioari eman dion elkarrizketan.
Agirregoitiaren aburuz, Péter Magyarren garaipenak Hungariako mugak gainditzen ditu eta aukera bat zabaltzen du Europa osoarentzat. “Magyarrek esan du bestelako harremana izango duela Europar Batasunarekin. Viktor Orbánek hilabeteak eman ditu erabaki garrantzitsuak blokeatzen, hala nola Ukrainari laguntzeko neurriak, eta berehala desblokeatu behar ditugu eta aldaketa batzuk egin. Orain, zer aldaketa egin behar diren aztertu behar da — EBk erabakiak hartzerakoan aho batez hartu beharreko araua aipatuz —, berriro gerta ez dadin ", gaineratu du eurodiputatu jeltzaleak, eta nabarmendu du Hungaria 16 urtez egon dela eskuin muturreko gobernu baten agindupean, Donald Trumpekin, Benjamin Netanyahurekin, Vladimir Putinekin eta Espainiako Voxekin harremanak izanik. "Hegemonia hori hautsi egin da", ospatu du.
Hungariako politikan aldaketa handia izan arren eta Europako erabakietan eragina izan dezakeen arren, EAJko ordezkariak zuhurtasunez jokatzeko deia egin du. "Irabazlea, Péter Magyar, politikari kontserbadorea da. Itxaropen handia dago aldaketan. Kontserbadoreak ez diren pertsona askok botoa eman diote" baina "zuhurtziaz” jokatu behar da , adierazi du etorkizunean zuzenbide estatua berrezartzeari, erreforma demokratikoei eta Ukrainari laguntzeari dagokionez har ditzakeen politika eta erabakiei buruz.