Alderdi jeltzaleak ohartarazi du Udalak urtean 200.000 euro baino gehiago bideratzen dituela arlo horretara, eta emaitzak gero eta okerragoak direla. Horren adibide da Pozalaguako kobara etorritako bisitarien kopuruaren beherakada historikoa.
09Apirilak Karrantzako EAJ-PNVk salatu du Karrantza Zabalako gobernu taldeak turismo arloan egindako kudeaketa penagarria; izan ere, urtean 200.000 euro baino gehiago bideratzen ditu arlo horretara, eta udalerriko baliabide turistiko nagusiak, Pozalaguako kobak, beherakada historikoa izan du bisitarien kopuruan. “Gero eta gehiago gastatzen da turismoan, eta emaitzak gero eta okerragoak dira”, kritikatu dute.
Alderdi jeltzaletik adierazi dutenez, EAJ-PNVren kudeaketa garaian Pozalaguak 45.000 bisita inguru izaten zituen urtean, eta gaur egun, berriz, kopuru hori erdira jaitsi da gutxi gorabehera. “Bereziki larria da beherakada hori Udalak turismoa sustatzeko hain baliabide ekonomiko esanguratsuak bideratzen dituen bitartean gertatzea”, ohartarazi dute.
Zehazki, Udalak 184.000 euro bideratzen ditu turismo-kudeaketarako kanpoko enpresa batera, 10.000 euro turismo-bulegora —enpresa horrek berak kudeatzen du—, eta 22.000 euro Enkarturrera. Horrek 200.000 eurotik gorako gastua egiten du urtean.
Ildo horretan, azpimarratu dutenez, “ulertzen ez ditugun eta azaltzen ez dizkiguten neurriak hartzen ari dira, hala nola, Pozalaguako kobara sartzeko prezioa 7 eurotik 10 eurora igotzea edo bisita-pase batzuk murriztea. Neurri horiek bisitarien beherakada zuzenean eragiten dutela uste dugu".
Karrantza Zabalaren inkoherentzia politikoa
Era berean, alderdi jeltzaleak Karrantza Zabalaren inkoherentzia politikoa ere aurpegitatu du, urteetan defendatu baitzuen zerbitzu publikoak ez zirela kanpora atera behar eta turismoa Udalak berak kudeatu behar zuela. “Gobernura iristean egin zuten lehen gauza, hain zuzen, kontrakoa izan zen: turismo-kudeaketa erabat kanpora ateratzea eta enpresa pribatu baten esku uztea”, azaldu dute.
EAJ-PNVren iritziz, arazoa ez da ekonomikoa, estrategikoa baizik; izan ere, Udalak uko egin dio agente turistiko guztiak kontuan hartuko dituen politika turistiko baten buru izateari, eta horrek ondorio zuzenak ditu tokiko ekonomian, bereziki ostalaritzan eta udalerriko merkataritzan.
“Ez gara gastuaz ari, baizik eta inbertsio egokiago bati buruz, turismoa lan-sektore egonkorra izan dadin eta haraneko gainerako ekonomietan eragin positiboa izan dezan. Turismoak behera egiten duenean, Karrantzako tabernek, jatetxeek, ostatuek eta denda txikiek sufritzen dute zuzenean”, deitoratu dute.
Karrantzako EAJ-PNVren ustez, egungo egoerak erakusten du Karrantza Zabalaren kudeaketa penagarria dela eta zuzenean eragiten diela bizilagunei. “Diru publiko gehiago gastatzeak ez du emaitza hobeak bermatzen, estrategia argirik eta kudeaketa eraginkorrik ez dagoenean”, ondorioztatu dute.